MUNDAKAKO LARRINAGA JAUREGIAREN GAINBEHERA



  • Larrinaga Jauregia laster momia hutsa izango da

  • Zati bat behera botatzeko baimena eman du Aitor Egurrola alkateak sinaturiko dekretuak.



Mundakako Larrinaga Jauregiaren inguruan hamar etxebizitza (10), eta haren karga-hormen azpietan ehun eta hamar aparkaleku (110), lurpeko lau solairuetan banatuak (azken horiek gauzatu ahal izateko herriko haitzetan behera zulo sakona egin beharko dute, 12-14 metroraino lurrazpikotik) egiteko baimena eman du Mundakako alkatetzak, 92/2018 zenbakidun dekretuaren bidez, Elkarte honek zeharkako bidez jakin ahal izan duenarekin bat.


Mundakan, Larrinaga eraikin historiko babestuaren atzealdea behera bota gura du URBILA INOVACION SLU enpresa sustatzaileak, haren arkitekto Jabier Ortiz de Zaratek sinaturiko proiektua aurrera eramanez (gure eskuetara iritsi den dokumentazioarekin bat). Arrazoia, ustez beharrezkoa dutela hori egitea esku artean daukaten higiezinen negozioa (pilotaka?) aurrera ateratzeko. Hori bai, behera botatakoa berriro eraikitzeko asmotan ei dagoz. Hori, inoiz egin ahal izatekotan, manposteria hutsez egingo balitz ere. Eta horren guztiaren motiboa ez da eraikina ia bertan behera egotea -litekeena ere badena, jabetzak eskutik utzita dauka-eta 2009tik hona, ZDU elkarte honek orduan jakinarazi zion-eta Mundakako Udalari eraikinaren egoeraren berri-, lau solairuko aparkaleku-multzoa eraiki ahal izatea baino. Horri ekiteko bide eman dio Mundakako Alkatetzak, esan bezala, 92/2018 zenbakidun dekretuaren bidez.

Hori horrela, ozen salatu beharra daukagu, beste behin ere, Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteari ez ziola horri buruzko informaziorik eman, delako Larrinaga Jauregiari buruzko prozeduran hasiera-hasieratik parte izan arren. Horretara Mundakako Alkatetzak ez-entzuna egiten dio Arartekoak berak Mundakako Udalari esandakoari, zera, ZDU "prozeduran parte interesatua dela" eta, beraz, prozedurari buruzko informazio guztia ezagutzeko eskubidea duela eta eman diezaiotela. Bide batez, aipatu beharrekoa da Mundakako Udaleko agintaritzan dagoen taldeak, Alkate Egurrola jauna buru duela, barre egiten diola Aahrus legeari, Arartekoaz dioenaz eta Lurzoruari Buruzko Legeek diotenez ere paso eginez. Labur esanda, Mundakako alkateak eta bere taldeak hiritarron eskubideak urratzen dituzten. Horretara prozedura, legez, balio gabekoa dela jakin arren.

Era berean argi geratu bedi Mundakako Alkatetzak eta agintean dagoen taldeak ez dutela betetzen, ez eta nahi ere antza denez, Ondareari buruzko Euskal Legeak dioena, hain zuzen ere, "Ezin izango dela ondasun kulturalik, delako ondasun kualifikatua eta sailkatua denean behintzat, behera eraitsi", horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak espresuki baimena eman ezean behinik behin".

Esandakoez gain, harrigarri egin zaigu jakitea Foru Aldundiko Kultura Sailak "eskatzailearen premietara egokiturik" egin dituen txosten bi badirela Mundakako alkateren eta aginte taldearen eskuetan, eta askoz harrigarriagoa egin zaigu horietan bietan esaten dena aipatzen gagozen eraikinaz eta inguruaz; hain zuzen ere, eraikina eta ingurua egungo Hirigintzari buruzko Ordenazio Egitasmoaren barruan dagozela, eta "ondarea, kultura, arkitektura, historia eta beste zenbait alderdi" kontutan hartura jagon eta babestu beharrekoa direla (1.2.9. Artikulua).

Aipatu dugun Ordenazioko katalogoan Larrinaga Jauregiak "Erabateko babesa du, NP1-1 graduarekin. Katalogoan diren eraikinak "zientifikoki berreskuratu eta zaintza zorrotzez birgaitu behar dira". Hori, bestalde, Mundakako alde historikoari buruzko plangintza berezian ere jasota dago, Larrinaga Jauregia horretan diren eraikinen zerrendan dagozenetakoa da.

Eusko Jaurlaritzak berak ondo argiturik dauka "errestaurazio zientifikoa"zertan den. Laburtuz, ez da zilegi egiturazkoetatik ezer kentzea, ondasunaren beraren Birgaitzerako ezinbestekoak direnak ezin ezik". Helburua, dio Jaurlaritzak, ez da erakinaren aurpegia bere horretan uztea edota apaintzea, ez bada ere "eraikina bere osotasunean iraunaraztea da, inondik ere ez huts-hutsik kanpo-eder itxurako lanetara mugatzera".

Adituek "fatxadekeria" edo kanpo-ederkeria ustela deritzotenaren beste kasu baten aurrean gagoz. Kasu larria, benetan, jokoan dagoena Bizkaiko ondarean parekorik ez daukan jauregi eta inguru horren etorkizuna delako. Barruak hustu, eraikin barruak eta osagarriak baliorik bakoak balira moduan, eta kanpoa faltsukeriaz apaindu, horra "fatxadakeria" zertan den. Historiari mamia kenduz eta azal hutsa erakutsiz ez da ondarea zaintzen, ez jaun-andreok.

Gezurrezko apaindurak barik jatorrizko osagarriak eta ezaugarriak defenditu behar dira. Azken batean aurpegia baino geratzen ez zaion eraikina ez da "jatorrizko eraikina", eraikin berria zaharraren aurpegia jantzia baino. Argi esanda, momia hutsa. Zimentarrietatik hasita eta teilaturaino jauregiaren jatorrizkoaren %90 baino gehiago berria da. Dioguna, "laster, Larrinaga jauregia, momia hutsa izango da".

Jakina, guzti horren helburua, Udal Agintaritzaren eta Alkatetzaren aldetik, espekulazioari ateak zabaltzea da. Hori horrela dela, denon begi-bistan dago. Zelan ulertu adididez bestela jauregia eta ingurua Espainiako Erresumako “Inventario del patrimonio Arquitectónico Español” delakoan sartuta egotea, ELEMENTO 480680200008 fitxarekin hain zuzen, eta inork ere horri jaramonik egin ez izana. Ez Udalaren, ez Aldundiaren, ez Jaurlaritzaren, Espainiako Erresumaren ondareari buruzkorik betetzen da Larrinaga Jauregiaren kasuan.

Ez da lehenengoz jazoko garrantzi hain handiko eraikinik azal huts bihurtuta ikustea, Urdaibai inguruan, ustez ondorearen hain babestailea den honexetan, bai. Hortxe dugu Busturiako Madari Dorrearen kasua. ZDU auzo elkartearen blogean dira horren historia eta istorioak, beste hainbat historia eta istorioren artean. Jarrai ezazue. Larrinaga Jauregiaren momiaren historia eta istorioak ez dira-eta honetan amaituko, ziur. Kulturaren mortua bilakatuz doan Urdaibai honetako Etorkizuneko Piramideek badakigu nongo eta zelako momiak gordeko dituzte.


ZDU
Urdaibai/Busturialdean
2018ko apirilaren 18an

GEIGARRIAK:




 


Comentarios