Landaketa sasoia hasiko du hileon Lurgaia Fundazioak




Neguko landaketa denboraldia hasiko du laster Lurgaia Fundazioak, eta jakinarazi duenez, martxoaren azken asteburuan izango dute azken hitzordua. Gainera, gogorarazi dute Gure basoak, gure etorkizuna kanpaina dela-eta, lan handia dagoela egiteke, eta, horregatik, parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Hain zuzen, azaroaren 25ean eta 26an egingo dituzte hileongo bi jardunaldiak. Muxikako Undabason elkartuko dira, eta jakinarazi duenez, Murrieta abeletxea izango da boluntarioak laguntzen lagunduko diona. Hitzordua datorren asterako jarrita duten arren, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.

Egun batean zein bestean, 09:30ean batuko dira Ibarruriko elizako aparkalekuan, eta ordutik eta eguerdira bitartean ariko dira beharren boluntarioak. 13:30ak aldera, hamaiketakoa izango dute aukeran parte hartzaileek, “etxera indarrak hartuta joateko”.

Hala, goiz horietan, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dituzte, eta, horrez gain, bestelako lan batzuk ere egingo dituztela azaldu dute antolatzailek: hala nola, haritzen mintegi txiki bat, anfibioentzako putzuak txukundu, txorientzako etxetxoak eta jantokiak jarri, zuhaitz eta zuhaixkei babesleak ipini… Halaber, proiektuari buruzko hitzaldi bat ere egingo dutela gaineratu dute.

Ohi bezala, Lurgaia Fundazioa arduratuko da landaketarako beharrezko materiala eramateaz (eskularruak eta lanabesak, kasuan kasu); “parte hartzaileek gogoa baino ez dute ekarri beharko, eta goiza igarotzeko behar besteko ura”.

Parte hartu nahi duenak info@lurgaia.org helbidera mezua bidalita edota 94-657 61 10 zein 606 141 837 telefonora deituta eman behar du izena.

Comentarios