Beste urte batez, Bird Centerrek hasi du Inguruko Hegaztiak proiektua

Inguruko etxeetan bizi diren hegaztien ezagupena bultzatzeko asmoa daukan proiektua da Inguruko Hegaztiak, eta Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologikoaren Kontseiluaren kolaborazioagaz bultzatutakoa da.

Janlekuak


Aurten ere, Gautegiz Arteagako zentroak proiektuari buruzko blog-a (ingurukohegaztiak.blogspot.com) jarriko du martxan, non parte hartzaileek beraien inguruko hegaztiei buruzko argazki, informazio eta bideoak erakutsi eta partekatu ahal izango dituzten.

Neguan janlekuak jarrita espezie ezberdinetako hegaztiak gure ingurura erakartzea bilatzen du Bird Centerrek. Janleku horiek proiektuan parte hartzen dutenek eurek eraikitzen dituzte, edota bestela Bird Centerren erosteko aukera ere badute. Janleku horiek, hala ere, beti elikagaiz hornituta egon behar direla azaldu du zentroak. Eta horretarako, jatorri ekologikoa duen janaria erabiliko dute: hala nola, ekilore haziak, artatxikiak zein kakahueteak. Ahal dela, gainera, inguruan ekoiztutakoak izango direla azpimarratu du; “Ekilore eta artatxikia, esaterako, Arabako lautadetan ekoiztutak dira eta ENEEEk-k ziurtatutakoak”.

Familia, eskola zein norbanakoek parte hartu dezakete proiektuan, eta negu osoan zehar eman ahalko dute izena aranzadi@birdcenter.org helbidera mezua bidali eta proiektuan parte hartzeko interesa agertuta. Parte hartzeko, baina, berdeguneren bat edo zuhaitzen bat izan beharko da inguruan.

Parte hartzen duten horiek guztiek bildutako datu guztiekin egindako txostena jasoko dute proiektua bukatu ostean; hartara, janlekuak bisitatu dituzten hegazti espezie guztien urteroko eboluzioa ezagutu dezaten.

Inguruko Hegaztiak proiektua “oso arrakastatsua” izan ohi da; Britainia Handian, esaterako, 600.000 familiek parte hartzen dute. Eta oraingoan ere, Bird Centerrek bertan parte hartzera animatu ditu herritarrak; “Eskandinaviatik datozen txonta txikiak edota Herrialde Baltikoetatik iritsi berri diren tarin eta txantxangorriak gure lorategietan daude. Heldu da momentua prismatikoak eta kamerak atera eta begi bistan daukagun naturako ikuskizunagaz gozatzeko”.

Comentarios