Aldaketen lekuko biziak


Aldaketen lekuko biziak

Natalia Salazar Orbe


Begien aurrean ageri denak ezkutuan gordetzen ditu denboraren joan-etorriak bere gainean zizelkatutako pasarteak. Begirada huts batean sumatzen dena baino gehiago da paisaia. Iraganeko gertakariek, berau okupatu duten biztanleek zein naturak berak eraldatuta iritsi da gaur egunera. Paisaia bizia da. Bizitasun eta eraldaketa hori ardatz izango dute aurten Ondareari Buruzko Europako Jardunaldiek. Urrian, hirurehun jarduera baino gehiago izango dira Bizkaiko 78 udalerritan. Bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, agerraldiak, dastatzeak, antzezpenak, kontzertuak, mahai inguruak, solasaldiak eta familientzako tailerrak. Paisaia askoren historiak agerraraziko dituzte: nekazaritzako, abeltzaintzako, kostako, ibaietako, hirietako nahiz industria giroetakoak; baita sinbolikoak ere. Ikuslearen begirada eta ikuspuntu beste paisaia aztertuko dituzte. 
 
ABANTO ZIERBENA Meatze paisaiak

Ibilbide gidatuak eta familientzako ibilbideak antolatu dituzte Abanto Zierbenan, meatze paisaiak eta historian horietan bizi izan zirenen egunerokoa ulertzeko. Familientzako bisita soilik da euskaraz egin daitekeena. Meatzari familiek lan baldintza gogorrei zelan aurre egiten zieten azalduko diete bertan. Bizimodu haren gogortasunaren adierazgarri, Triano auzoan ospitale bat egin zuten. Garai hartan, aitzindaria izan zen. Eraikin horretara ere joango dira urriaren 29ko ibilaldian. 
 
AMOROTO Gizakien aztarna

Mendeetan egindako baliabide naturalen aprobetxamendua erakutsiko dute Lea Ibaiko Estuarioan antolatu duten bisita gidatuan. Gizakiak Leako haranean utzitako aztarna hurbiletik ezagutzeko aukera emango du. Padurak, presak, hezeguneak, Zubietako jauregi barrokoa, erriberako ontziola tradizionalak, hariztiak, Isuntzako marea errota, Arropaingo antzinako portua… Hainbat elementu bisitatuko dituzte, eta euskaraz emango dituzte azalpenak. Hilaren 15ean egingo dute bisita. 
 
BARAKALDO Paisaia karstikoa

Sasiburu mendikatean kokatutako haitz Zurietako paisaia karstikoaren ezaugarriei erreparatuko diete Barakaldon antolatu duten ibilbidean. Eremu horrek burdin minerala erakusteagatik eta, oro har, industria jardueragatik izan dituen aldaketak eta bilakaera aztertuko dituzte. Gaztelaniaz emango dituzte azalpenak. Zailtasun ertaineko ibilbidea da etziko antolatu dutena.

Errekatxo haranaren urtegiak ere izango dira interes gune. Paisaia hori industrializazio prozesuaren ondorio dela ulertuko dute bisitariek, siderurgiako lanetako hozte prozesurako ur asko behar baitzen. Eremu hartan bi urtegi egin ziren: Urtegi Zaharra zen bat. Bertako urek zerbitzu ematen zieten Bizkaiko Labe Garaiei. Sefanitroren urtegia da ezagutaraziko duten bigarrena. Urriaren 7an egingo dute bisita, gazteleraz. 
 
BERANGO Defentsa bidea

Burdin Hesia defentsarako obra izugarriaren handitasunari erreparatzeko argazki erakusketa egingo dute Berangon. Datorren astelehenean hasi eta hila bukatu arte egongo da ikusgai, euskarazko zein gaztelerazko azalpenekin. 1936 eta 1937. urteen artean, lubakiek eta porlanezko obrek landak eraldatu zituzten, eta nabarmendu egin ziren larreetan, eraitsi zituzten arte. Herriko paisaiak izan duen bilakaeraren berri emango dute, bestalde, antzezpen baten bidez. Hilaren 14an egingo dute, gazteleraz. Hainbat alor jorratuko dituzte: zeintzuk landare eta lore hazten ziren, bizimodua zer-nolakoa zen eta nekazariek ortuetan zer landatzen zuten, besteak beste. 
 
BERMEO Aldaketak portuan

Bizkaiko arrantzaren adierazle nagusietakoa izan den Bermeoko portua urteekin nola aldatu den azalduko dute bisita gidatu batean. Aldaketa horiek, fisikoak ez ezik, sakonagoak ere izan dira, eta haren eguneroko erritmoa moldatu dute. Urriaren 7an egingo dute bisita, euskaraz.

Paisaiaren aldaera askotarikoek izango dute lekua jardunaldietan. Baita hondakinen kudeaketaren ondorioz sortutakoek ere. Burgobasoko geldoen zabortegirako bisitak erakutsiko du era horretako paisaietako bat. Eraikuntza hondakinak nola sailkatzen diren azalduko dute. Birzikla daitezkeenak sailkatu egiten dira, eta ezin direnak landare lurrez, belarrez eta bertako landareez estaltzen dira. Gero, terrazetan uzten dituzte hondakinak, erabat berreskura daitezen. 
 
BILBO Hiria eta museoak

Hausnarketarako tarte zabala eskainiko dute Bilbon antolatu dituzten jarduerek. Bisita gidatuak, hitzaldi zikloak, mintegiak zein familientzako tailerrak prestatu dituzte museoetan, arkitektoen elkargoan, Euskaltzaindiaren egoitzan zein hainbat leku enblematikotan. Arkitektura, arkeologia, itsasadarra eta euskararen bilakaera aztertuko dituzte antolatu dituzten dozenaka jardueratan. Bilboko ontzigintza dikeek izan duten bilakaeraren berri azalduko dute. Horrek itsasadarraren inguruko merkataritzaren bilakaerarekin zer-nolako lotura izan duen ezagutuko dute bisitariek. Hilaren 7rako egin dute deialdia, gazteleraz.

Maria Jose Ainzek baserriaren garrantzia azpimarratuko du Bizkaiko etorkizuneko paisaiaren konfigurazioari buruzko hitzaldian. Nekazaritza jarduera murriztuz joan den testuinguruan paisaia itxuralda lezaketen mehatxuak identifikatuko ditu, eta horiei konponbidea emateko modu posibleak aipatuko. Hilaren 17an egingo du hitzaldia, Ondare aretoan, gazteleraz.

Bizkaiko paisaien eraikuntza izango du ardatz Foru Liburutegian antolatutako hitzaldi zikloak ere. Bizkaiko paisaiak eratzeko mugarri nagusiak zeintzuk izan diren aztertuko dute. Euskaraz eta gazteleraz egingo dituzte lau hitzaldi, urriaren 26an eta 27an.

Zorrotzan biltzen dira industrializazioa izan zenaren industria sektorerik garrantzitsuenak. Eremuaren berritze prozesuaren atarian bisita gidatua proposatu du Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak. Bertako ondare elementuen etorkizunaz gogoeta egiteko parada egin nahi du elkarteak. Asko kontserbatu eta Bilboko paisaian integratu behar direla sinetsita daude, iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura gisa. Urriaren 14an egingo dute. 
 
MARKINA Marmol beltza

Herriguneko eraikinetan jarriko dute arreta Markina-Xemeinen egingo dituzten bisita gidatuetan. Zehatzago, bertako harrobitik ateratako marmol beltza duten etxeetan. Olaspeko harrobian ezagutuko dute bisitariek material hura ateratzeko prozesua zer-nolakoa zen. Euskaraz eta gazteleraz emango dituzte azalpenak, urriaren 22an. 
 
IZURTZA Soinua edo zarata

Durangaldeak jarduera ugari eskainiko ditu. Izurtzan eskaintza bitxia egin dute. Inguru osoari erreparatzeaz gain, paisaia soinuarekin lotzen duen tailer bat landuko dute. Soinuaren eta zarataren arteko desberdintasuna kulturala dela erakutsiko dute, eta norberaren pertzepzioak ere baduela zeresana desberdintze hori egiteko orduan. Euskaraz zein gazteleraz antolatu dute jarduera urriaren 22rako. 
 
LOIU Hilerriak

Iraganaren, orainaren eta geroaren erakusle diren heinean, bizitzaren eta heriotzaren aztarnak ere gordetzen dituzte paisaiek. Azken irudi horren eredu bat islatuko du Loiuko bisita gidatuak. Hilerri Britainiarra izango du ardatz. Horrek bost hilerri hartzen ditu barrenean. Bost hileta paisaia, beraz, bakoitza bere ezaugarri eta berezitasunekin. Urriaren 21ean egongo dira denak ikusgai.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

bizkaikoa.bizkaia.eus

Comentarios