Proposamena: Mendebaldeko Euskerearen Interpretazio Zentroa Foruan


http://www.urdaibai.org/eu/arkitektura/elizak/Frantzisko.jpg

Mendebaldeko Euskerearen Interpretazio Zentroa Foruan

Lekua
Busturialdeako lekurik hoberena, bizitza-ezaugarrien aldetik. Hegoaldera begira, eguzki ordu gehien daukana eskualdean; itsasoko haizeetatik babestua. Ibaia zeharkatzeko aukera-aukerako lekua. Ardoaren eta Burdinaren Bidean, beste bide askotatik hur.
Horrexegatik hautatu zuten Erromatarrek. Eta uste izatekoa da haiek baino lehenagoek ere hautatu zutela. Horren lekuko, Atxeta harrobiko lanetan galdu zen harpe edo koba.

Ondarea
Euskal Herrian beste inon nekez topatuko da Foruak bere eremuan batuta daukan ondasun historikoen multzoaren antzekorik: Neolitikoko aztarnak, Burdin Aroko Erromatar Hiria, Tourseko San Martin Elizako aztarnategia, Erdi Aroko Urdaibai Dorrea eta, azkenik, Frantziskotarren Komentua. Horiei Forua bera den talaia erantsi behar zaie. Talaia horretatik Euskal Herriaren 25.000 urteko historia bertatik bertara azaldu eta ulertu ahal da.

Komentua
Aipatu ditugun guzti horiek “ondare materiala” deritzonaren multzokoak dira. Badira ostera “ondare ez-materiala” deritzon multzokoak ere Foruan. Euskara bera, eta euskararen historiaren lekukotasuna den Frantziskotarren Komentuari darion iragana. Iragan hori presente egitea da hemen proposatzen dena. Zelan? Komentuan Bizkaieraren Interpretazio Zentroa atonduz.

Euskararen lekua
Busturialdea Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa da. “Mendebaldeko Euskerea” iritzi zaion horren barrukoak dira bertoko euskarak. Aberatsak eta askotarikoak. Orain arte etekinik ganoraz eta taxuz atera ez zaion ondarea, ez-materiala berau. Foruk aukera hori baliatu beharko luke, beste inon, ez Busturialdean eta ez Bizkaian, aipatu dugun multzoa legezkorik ez dagoelako.
Foruko Komentua Euskal Literaturaren historian dago, bertan ikasi nahiz bizi izan diren euskal idazleek eman diote-eta horretan lekua.
Luzea litzateke zerrenda. Hasi euskaltzainburu izan zen Luis Villasanterekin eta amaitu euskal soziologia modernoaren sortzailea den Joan Mari Torrealdairekin, tartean beste hainbat eta hainbat izena direla. Bat aipatzearren, Patxi Bilbao kutuna.
Bada, Frantziskotarren komentuan euskara bera eta euskal literatura uztartuko lituzkeen proiektua gauzatu eta ezarri ahal izango litzateke. Mendebaldeko Euskararen Interpretazio Gunea.

Gunea oraingo eraikinen kalterik gabe burutu ahal izango litzateke. Kanpoko guztia osorik utzita. Osotasun horrek bere balio daukalako. Komentua “dena” zen. Eta ez dugu esango “baita baratza bera ere”, hori horrela esan beharrak min ematen baitu. Fraideen pentsaeran ez dago baratzik gabeko komenturik. Eta eliza bera ere erabiliz, Bilboko Ama Mesedetakoaren Elizan egin denaren antzera.
Etorkizunera begira “beste era bateko museistika” planteatzen ari da. Museo deszentralizatuak, erabilera askotariko erakin eta guneetan banatuak eta sarean egituratuak. Foruk ez luke egunen batean sare horretako gune garrantzitsua izateko aukera galdu behar izango. Euskarak berak ere ez.

Edorta Jimenez Ormaetxea
Idazlea

Geihago: 

Comentarios