Alderdi zaharra, turismoa eta gure politikariak: nahastuta

Donostia alde zaharra.
Donostiako Alderdi Zaharra
 

BERRIA 2017-08-09 / Jose Ignazio Ansorena Miner - Musikaria

Orain egun gutxi Donostiako Alderdi Zaharreko auzo elkarteak prentsaurrekora deitu zuen, gure inguru honetan duintasunez bizitzeko eskubideaz prestatu duen Manifestua aurkezteko. Elkarte honek —ni laguntzailea besterik ez naiz— urteak daramatza ekinean era ezin hobean, seriotasunez, egonarriz eta eskuzabaltasunez. Udal administrazioa arduratu beharko litzatekeen arazoez jarduten da maizenik, baina hark lanak egiten ez baditu, inork egin behar.

Bestetik, laster baterako ere, talde politiko batek manifestaziora deitu du gure hiriko egungo turismo ereduaren aurka. Agian horrek nahastu du hainbaten pertzepzioa. Parte Zaharrean Bizi gure elkarteak ez du ezer turismoaren aurka. Eten gabe salatzen dituen arazoak honen leherketaren aurrekoak dira, nahiz eta, aitortu behar, horrekin areagotu egin diren.

Zein dira arazoak? Ostalaritzaren neurri eta kontrol gabeko hazkundeak sortutakoak (kale eta auzo etxeen jabetza hartzea, ostatu eta apartamentu turistikoen ugaltzea…) eta kale eta barrioko plaza zein kaleetan behin eta berriz antolatzen diren festen ondorioak: edozein ordutan zaratak, auzotarren atseden hartu ezina, zikinkeria eta garbiketa zerbitzuen iskanbila, etxeetara iristeko arazoak… Dena komunitatearen ekipamenduen eskasiak atonduta.

Mugimendu horien aurrean, gure politikariek erantzun egin dute, nahastuta nire iritziz. Eneko Goiak uste du deskalabroa zuzentzeko garaiz gabiltzala oraindik. Eta ematen du saiatu nahi duela. Ahalegin askozaz handiagoa egin beharko du, arazoek dioten abantailaz gainera, astero-astero aurre hartze larriagoa egiten baitiote.

Ernesto Gasco zinegotziak Twitterreko bere kontuan aipamen fribolo eta interesatua jarri du, argazki batekin, eta ulertzera eman du salatzen diren arazoak ez direla benetakoak edo neurriz kanpora eramaten ari garela. Hau ere nahastuta dabil: halako kontua txantxetan hartzeak ez du ezer onik adierazten berari buruz. Eta hankatxoa erakusten du. Hauxe bera da, Denis Itxasorekin batera, Orixe auzoko Ikastolakoei jokaldi bikaina egin diena: urteak pasa ondoren hitz egiten komentuaren lekua ikastolarentzat izan zedin, isil-misilka Barrabes taldearekin hitzarmena sinatu dute enpresa hori bertan jar dadin. Haurrentzat barrakoiak jarri beharko.

Azkenik, aspaldiko Odon Elorzak hitz egin du: bere ondorengo alkateei esan omen zien adi ibiltzeko turismoarekin, baina ez dute ezer egin eta oso berandu dabiltza orain. Hau ere nahastuta edo memoria txarrak jota. Arazoa ez da turismo leherketa, esan dugu. Lehenagotik dator, hain zuzen ere, bera alkate zen garaietatik. Bere aginte garaian, arautu gabeko taberna ugari zabaldu ziren eta geroago legeztatu zituzten, eta, Odon Elorzaren aldeko jarrera sutsuaz, terrazen biderketa hasi zen. Gogoan dut Konstituzio Plazan berak pertsonalki tema hartua zuela terrazak jartzeko eta auzotarrek ez zutela nahi. Hori zela eta, Parvisak auzokoen bilerara deitu zuen. Bertan jerenteak behin eta berriz azpimarratu zuen terrazak oso mugatuak izango zirela, estetika maila handikoak eta, beti gaueko hamabiak baino lehenago jasota egongo zirela. Horrelako argudioak erabilita lortu zuen auzokoek gogo txarreko onarpena ematea. Hori broma!

Gai horren inguruko erreportajea agertu da El Diario Vasco egunkarian. Izenburuak dio gure politikariek espero dutela turismoaren jestioaren inguruko arazoak ez nahastea jardun horren aurkako jarrerarekin. Ez dakit ba. Eurak hainbeste nahasten badira, besteok ere nahas gaitezke. Eta gainera, bizitza kalitatea hain baldintzatua denean, pertsonok argi ez ikusteko eta nahasmenerako joera izaten dugu.

Comentarios