EAJk biosfera erreserba kudeatzeko plan berria egiteari ezetz esan dio Urdaibain, Legebiltzarrean alde agertu ostean

EHBILDU Legibiltzarra

EH Bilduk jeltzaleen joko bikoitza eta itxurakeria salatu du. “Zorionez, bozketa galdu dute, baina agerian utzi dute Urdaibain duten kezka nagusia ez dela ingurumena, operazio urbanistikoak ez oztopatzea baizik”
.

EH Bildu eta Podemosen ekimenez, pasa den ekainaren 22an Legebiltzarrak aho batez eskatu zion Jaurlaritzari Urdaibaiko biosfera erreserbaren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan berria egiten has zedila, iaz dekretu bidez onartu zuena ordezkatzeko. EAJk ere aldeko bozka eman zuen orduan, baina gaur mozorroa kendu du Urdaibaiko Patronatuan; bertan kontrakoa egin du, plan berria egitearen aurka agertu da eta 2016koak indarrean jarraitu behar duela defendatu du. Hau da, EAJ Legebiltzarrean bozkatu zuena atzera botatzen saiatu da Urdaibain, baina, zorionez, bakarrik geratu da. Patronatuak, beraz, Jaurlaritzari emandako agindua berretsi du, biosfera erreserba kudeatzeko plan berria egin dezala.

Mikel Oterok Legebiltzarrak zein Patronatuak Jaurlaritzari emandako aginduaren garrantzia azpimarratu du, “2016an EAJk onartu zuen planaren puntu bortitzenak eteteko eskatzen zaiolako”. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak “jeltzaleen joko bikoitza eta itxurakeria” salatu du. “Gaur Patronatuan agerian utzi dute euren kezka nagusia ez dela Urdaibai eta ingurumena babestea, operazio urbanistikoak ez oztopatzea baizik; ez dute plana berritu nahi horrek hainbat negozio bertan behera uztera eramango dituelako”.

EAJk ez bezala, PSE 2016ko plana berritzearen alde agertu da Patronatuan, eta Jaurlaritzan dauden irizpide kontrajarriak azalarazi ditu horrela. Hain justu hori ekidin nahian eman zuen aldeko boza EAJk Legebiltzarrean, Oteroren iritziz. “Parlamentukoa itxurakeria baino ez zen izan, EAJk ez duelako benetan bere plana berritzea nahi. Legebiltzarrean bere lehentasuna izan zen bozketan bakarrik ez geratzea eta Jaurlaritzan duten desadostasuna ezkutatzea; gaur, ordea, benetako aurpegia erakutsi du, negozioa Urdaibai eta ingurumenaren aurretik jartzen duena”.

Comentarios