«Arautegi berriaren bidez atzerapausoa eman da»

Urdaibaiko kudeaketa plana. Alfonso Caño. Urdaibaietz-eko kidea

«Arautegi berriaren bidez atzerapausoa eman da»

Urdaibaiko kudeaketa plana berritu egin behar dela uste du Cañok, baina herritarren proposamenak aintzat hartuta. Uste dute erreserban ikerketak egin daitezkeela.
 
Urdaibaietz herri plataformako bozeramaile dabil Alfonso Caño (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1958). Urdaibairako kudeaketa ereduaz eman du iritzia.

Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
 
Zuen helegitea tramiterako onartu du auzitegiak.
Pozik gaude. Garaipen bat da. Gezurra badirudi ere, batzuetan, herritarrok defendatu behar dugu interes publikoa administrazioaren aurrean, hark ez dituelako legeak betetzen.

Zergatik aurkeztu zenuten?
Arautegi berriak zapuztu egin duelako Urdaibai babesteko legearen jatorrizko zentzua. Legea egin zen, batetik, ekosistema bereziak eta preziatuak babesteko eta, bestetik, garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra ahalbidetzeko. Baina atzerapausoa izan da, arautegi berriaren bidez, legeak debekatzen dituen erabilera batzuk baimendu baitira. Espekulazioari ateak zabaldu dizkio.

Bestalde, Urdaibairen tradiziozko ezaugarri ekonomikoak ?nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria? bultzatu beharrean, turismora bideratu dute dena. Hori eutsiezina da. Turismoak bere lekua izan behar du, baina ezin da masiboa izan. Biosfera erreserba izateak dakarren abantaila da esperimenta daitezkeela modu berriak lehen sektoreko jarduera ekonomikoak berriz pizteko, edo arrantza eta turismo iraunkorra bultzatzeko. Baina ez da ezer egin ildo horretan. Dekretua Jaurlaritzaren zaplaztekotzat dugu. Gainera, onartu zuen behin-behineko egoeran zegoela: kontzientzia oso garbi ez zeukaten adierazle.

Zergatik onartu zuten horrela?
Arautegi horiek hamar urtetik behin berritzea aurreikusten du legeak. Gizartea aldatuz doa, lege batzuk aldatu dira, eta horietara ere egokitu beharra zegoen. Hamahiru urte eman dituzte plan berria egiteko, eta egun batetik bestera egin dute aldaketa. Prozesua ez da laburra izan. Esan ziguten guk egindako proposamenak ikertuko zituztela; hots, ez dute ezer egingo.

Salatu duzue plana osatzeko nahitaezko txosten batzuk ez dituztela egin.
Horregatik onartu dute gure helegitea, besteak beste. Ebaluazio horiek egin gabe onartu dute dekretua. Ingurumen balio naturalistikoen ikerketa berezia ere ez dute egin. Izan ere, goi mailako balio naturistikoetako bat dira artadi kantauriarrak; horiek babesteko plangintza berezi bat zegoen, baina, arautegi berriaren bidez, bertan behera utzi dute, eta babesik gabe utzi dute Euskal Herriko artadirik handiena.

Urdaibaiko plan berria hirigintza planen gainetik al dago?
Legeak zehazten du hori. Hirigintza plangintza guztien gainetik dago legea. Arautegia pentsatuta dago hirigintza bulego batetik, baina hasieratik ez zaigu gustatu, arautzen duelako hirigintza plangintza balitz bezala. Gainera, biosferako lurretan edozer gauza egiteko modua uzten du, nola egin ere zehazten duela: landa eremu batean lantegi bat ipin daiteke, arautegiak zehaztu moduan eginez gero. Onartezina da: lantegiek egon behar dute industrialdeetan. Bestalde, planean baimentzen da etxeetan igerilekuak egin ahal izatea: Urdaibain betidanik arazoa izan dugu urarekin eta, beraz, hori ere ez da onargarria. Ate guztiak zabaldu zaizkio espekulazioari.

Dekretuak zer ondorio ekar diezazkioke Urdaibairi?
Degradazioa zabalduko da. Bestelako dekretu bat egin beharko litzateke: politika proaktiboak behar dira garapen iraunkorraren alde. Urdaibai biosfera erreserba izendatu zutenetik, eskualdean ez da sortu lanpostu bakar bat ere horren inguruan. Adibidez, zelan berreskuratu akuiferoak? Zelan kudeatu pinudiak? Zer kudeaketa mota beharko litzateke harrobi bat modu iraunkorrean ustiatzeko? Landare inbaditzaileekin ere sekulako arazoa dago, eta klima aldaketak gure kostaldean nola eragingo duen ere ikertu beharko litzateke.

Galdera horiei erantzun behar zaie, eta Bruselak diru laguntzak ematen ditu horretarako. Zergatik ez ikertu Urdaibai? Zer turismo iraunkor mota nahi dugun eta zelan lortu kalitatezko lanpostu duinak, eta probatu emakumeen eta gizonen arteko oreka lor daitekeela? Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da. Biosferako gunean 50.000 pertsona bizi gara, eta ekosistema bereziak daude, industria, harrobiak... Zelan kudeatu behar da hori dena? Urdaibai laborategi bat izan liteke erakusteko bestelako gizarte eta ekonomia eredu bat posible dela. Euskal Herriko ekonomiaren %70 autoen industriaren menpe dago, zuzenean edo zeharka. Nora begira gaude?

Beraz, uste duzue bestelako kudeaketa plan bat behar dela.
Bai, dudarik gabe. Gainera, parte hartzeko esperientzia onak egin izan dira azken hamarkadetan, nahiz eta gerora ez diren gauzatu horietatik ateratako proposamenak; blokeatu dituzte. Gu pozik bizi gara ingurune berezi honetan, baina ez dakigu zertan eragin duen Urdaibai biosfera erreserba izendatu izanak. Adibidez, Madrilen egin zen turismo azokan, Urdaibairen sustapenerako bideo bat jarri zuten, eta aisialdiko jarduerak besterik ez zen agertzen. Jarduera horietako batzuk debekatuta daude, eta, gezurra badirudi ere, bideoan atera dituzte; sentsibilitaterik ez da. Beste turismo mota bat saldu beharrean, turismo masibo eta tradizionala saltzen dute; eta bueltaka dabiltza, berriro ere, Guggenheimen sukurtsal bat egiteko ideiarekin. Nekagarria da, benetan. 

Comentarios