Abiñako auzokideek sukarrietarrak izaten jarraitu gura dutela diote


Inork ez ditu kontuan izan, eta San Antonio enklabearen ebazpenean «kaltetuenak» eurak direla diote; San Antonion bertan edo Abiña auzoan bizi diren au- zokideak dira. 20 lagun inguru bizi dira auzoan, eta argi daukate sukarrietarrak izaten jarraitu gura dutela.

Abiñako zenbait bizilagun
Abiñako zenbait bizilagun
Bizkaiko Foru Aldundiaren azken proposamenak Busturiari ematen dio San Antonio enklabea; orain, baina, Bizkaiko Batzar Nagusiek bozkatu behar dute. Horregatik, Abiñako auzokideak Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi politikoen ordezkariekin batzartzen ari dira. Joan den astean EH Bilduko ordezkariekin egon zirela diote, eta asteon Podemosekoekin egon dira. Eusko Alderdi Jeltzalekoekin eta alderdi sozialistarekin ere harremanetan jarri dira, baina, momentuz, ez dute erantzunik izan.

Erabakia hartzerakoan, auzotarren iritzia inork ez duela kontuan izan salatu dute: «Guregana inor ez da etorri galdezka, eta esateko daukaguna entzutea gustatuko litzaiguke; non dago erabakitzeko eskubidea?». Abiñako auzokideen nahia kontuan hartzea gura dute, horregatik, Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdiei foru aldundiaren proposamenari ezezko botoa ematea eskatu diete: «Ezezko botoak nagusituko balira, agian, Sukarrieta, Busturia eta bertoko bizilagunak ados leudekeen beste proposamen bat egin ahalko litzateke».

Sukarrietako udalerria Abiña auzoan jaio zela diote hango bizilagunek. «Udalerri bati herri erdia kentzea eskuak burura eramateko moduko gauza da. Sukarrietak Abiñan du bere jatorrizko parrokia, jatorrizko hilerriaren aztarnak…, herria zertan geratuko litzateke?».

Bestalde, auzokide guztiak notarioaren bulegora joan direla azaldu dute, eta haren aurrean sinatu dute sukarrietarrak izaten jarraitu gura dutela, handik epaitegira bideratzeko.

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamenak aurrera egingo balu, «egun batetik bestera, eta, behartuta, busturiarrak izango ginateke, guretzako horrek suposatuko lukeen guztiagaz. Administratiboki aldaketak egin beharko genituzke, eta horrek kostu bat dakar, bai eta ardura handia ere. Dokumentazio guztia aldatu beharko genuke: medikuak, eskolak, errezibo guztiak…, denbora asko eskatzen du horrek, eta guk geuk egin beharko genuke. Inork pentsatu al du horretan?».

Auzoaren «utzikeria» ere salatu dute. Diotenez, «enklabearen ebazpena irmoa izan arte, auzo honetan ez dute dirurik utzi gura, ez Sukarrietako Udalak ez Busturikoak». Hortaz, foru aldundira jo beharko dutela diote. Gatazka amaitzea gura dute, bai eta auzoan daukaten arazoari irtenbidea ematea ere. «Itsasoa auzora sartzen da, eta uholdeak dauzkagu behin eta berriro. Auzoa beretzat gura duen Busturiko Udalak ere ez du dirurik jarri arazoa konpontzeko, inoiz ez du interesik jarri».

Comentarios