Mundaka Festival 2016aren Buruz Zazpi Egi Borobil eta Proposamen Bat




Busturialdea, 2016ko abuztuaren 1a.

BAT.- Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak, Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuko kidea den aldetik, Mundaka Festival 2016 delakoari buruzko izapidea ezagutzeko eta dokumentazioaren kopiak eskuratu ahal izateko eskaria egin zuen, uztailaren 22an hain zuzen. Bada, eskatutako kopiak gaur bidali dizkigute, abuztuak bat duela eta makro-festibala amaituta dagoela. Argi dago horren helburua zein den: premiazko prozedurak erabiliz helegitea egiteko moduko dokumenturik ez uztea guri. Dokumentuok egon badaude eta, orain ikusi dugun legez. Santa Katalina inguru ustez oso-oso babestuari barre egin zaion moduan egin zaigu guri ere barre.

1.- Beraz, Mundaka Festival 2016aren auzian ez da izan gardentasunik, ez eta dokumentazio publikoa ezagutu eta eskuratu ahal izateko eskubidearekiko errespeturik ere.

BI. Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak argi eta ozen dio: edozein izapide dela eta, horretan interesatua den edonork -eta denek- delako izapidean diren dokumentu guzti-guztien kopia eskuratzeko eskubidea dauka. Eskubide horren betegarritasuna berehalakoa da, hau da, nahikoa izan behar da eskaria horren ardura duen funtzionarioari egitea, horrek, ziurtagiri soil bat sinatu ondoren, izapidea erakusteko. Ez dago beste misteriorik. Legeak dioena da, eta kito.
2.- Beraz, gurekin ez da legeak dioena bete.
HIRU.- Mundaka Festival hori dela eta Mundakako Udalari edota Patronatuko Lehendakaritzari helarazi zaizkion helegiteei banan-banan eta era arrazoituan erantzun beharrean erakundeok jaramonik ez egitea erabaki dute. Bada, erantzunak derrigorrezkoak dira, ez baitago herritarrok gure arrazoien aurka eman ahal diren arrazoien berri jakiteko eta arrazoion arabera behar den moduan jardun ahal izateko beste modurik.

3.- Beraz, defentsarako eskubiderik barik utzi gaituzte.

LAU.- Larrietan larriena, Urdaibai Erreserba babesteko indarrean dagoen legediak dioena saihesteko helburuz, faltsutu egin da baimenaren benetako subjektua zein edo nor den, administrazio prozedura urratuz eta gu guztioi iruzur eginez.

Diogun Festival hori egiteko baimena Patronatuko Batzar Iraunkorrak hartu du (sei kide dira, horietarik lau Eusko Jaurlaritzakoak edo bestela Bizkaiko Foru Aldundikoak), Osoko Batzarrak (26 kide) hartu beharrean.

Patronatuko Batzorde Iraunkor horren jardun arbitrarioaren adibiderik argiena Mundakako Udalak eta Emankor Sarea enpresak elkarrekin sinatu duten Lankidetza Hitzarmenari baliozkotasuna ematea izan da. Legezkotzat eman duten dokumentu horretan bete gabeko guneak daude; horietan ageri beharrekoak -nor den Emankor horren ordezkaria, edo administratzailea, edo sinatzailea huts-hutsik- ez daude idatzita; ez dago inoren NAN edo horrelakorik; eta Patronatuak ontzak eman duen Hitzarmenean Udalak eta Emankor Sareak lehenago sinatu zuten dokumentuko laugarren orrialdea falta da. Hau da, Lankidetza Hitzarmen bi ibili dira festibal honetan dantzan. Lehenean alde biren ordezkariak ageri dira; bigarrenean, Udalarena baino ez. Zigilu eta guzti. Iruzurra? Bide batez esanda, Patronatuak ez dio erantzun Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak sasoiz eta prozedurak betez aurkeztu dizkion alegazioetako bakar bati ere.

4.- Beraz, Hitzarmena bideratu dutenek lege urratze larria egin dutelakoan gaude.

BOST.-Orain arte azaldu dugun honen guzti honen helburua zera izan da, Santa Katalina legezko guneetan, P4 Babes Maila egonik guneotan, egin litezkeen erabileren artean ez denez inondik ere Mundaka Festival hori egitea sartzen, ezintasun hori hala edo zelan saihestea.

5.- Beraz, Mundaka Festival horri ezin zaio publikotasunik aitortu inondik ere.

SEI. Hitzarmena irakurrita -bertsioetako zeinguratan- argi ikusten da trikimailu hutsa dela. Batetik instalazioen titularra Mundakako Udala dela badio ere, bestetik Santa Katalina ingurun jarri beharrekoak jartzeko "azpikontratatu" egingo duela dionez gero; nork eta Emankor delakoak ordainduko dituela jarri beharrekoak, hori ere badio Hitzarmenak.

6.- Beraz, Hitzarmenean, alderdi horretatik ere iruzurra dago.

ZAZPI. Argigarria da Hitzarmeneko zazpigarren atala, zeinetan Emankorrek Udala salbuetsirik ixten duen Mundaka Festival delakoan gerta litezkeen kalteen ordainez; gero festibala Emankorrek arriskuak eta dena bere gain hartuz egingo dela ere badio.

7.- Beraz, Mundaka Festivalaren antolatzailea pribatua da.

ZORTZI.- Afera honetan gertatu dena ikusita Mundakako Udalak botere-desbideraketa deritzona egin duelakoan gaude. Prozedura horrek izan duen arrakasta ez zen posible izango tartean Patronatuko Batzorde Iraunkorreko Kideek eta hartako buru Iosu Madariaga jelkideak erakutsi duten jarrera lotsagarria tartean izan ezean.
8.- Beraz, oraintxe da erantzukizunak eskatzeko ordua.

Comentarios