Auzokidetasunaz


Edorta Jimenez (elkarrizketa) | Flickr - Photo Sharing!
Auzokidetasunaz

Agorrilak hamabi, auzokide dodan Iskander Atutxa hurreratu jat, basora bidean bera, bide ertzean ni. Ez dot ezagutu. Bere burua aurkeztu dost, baita bere kexea agertu be. Izan be hainbatetan izan ei dalako nigaz berba egiteko eskatuten, bitartekari zereginean jarduteko bion laguna dan bateri esanda berak. Bion lagun horrek behin baino ez eustala deitu eta deitu ostean Zain Dezagun Urdaibai Elkartea izenekoak, kide nauenak bide batez esanda, horri ez erantzutea erabagi ebala argitu deutsat. Beste behin neuk itaunduta esan eustan bitartekariak, ba ze, emailez itaundu eutsola nire solaskideak egoeraren barri. Ordurako nahikoa aurreratuta egoazan solaskidearen etxearen aurreko ezponda ei zana konpontzeko lanak, argitu dagidan hau. Larrialdi batean izan nazenez solasaldia beste baterako ixteko eskatu deutsat. Atean jo ezkero zabalduko neuskion itaundu berak, eta bietz nik. Halantxe bada atea zabaldu deutsat, atseginez, eguerdian.

Berba egin dogunaren ostean ohar hau idatziko dodala eta Zain Dezagun Urdaibai Elkartearen blogean sartuko dodala agindu deutsat. Trukean edo ordainetan ezer eskatu barik, argi bego.

Solaskideak diost ba ze auzokideen artekoak auzokideen artean berba egin behar dirala, hobe dala hori gizarte-sareetara jotzea baino, gizarte sareetan argitaratu doguzan / dodazan? zeren ondorioz kalte egin jakola, blog hau guzurrez beteta dagoala eta dalako egitasmoa gauzatu, horretarako beharrezkoak ziran lizentzia eta baimenak eukita egin dirala eta, azkenik hemen orain, , nire eretxian behintzat, ardura ez daben beste alderdi batzuk azaldu deustaz.

Berbea emon deutsadan legez, nire portaerak ezertan kalterik eragin badeutso, egin, eta balizko kalteok nire portaera gizalegezkoa izan ez dalako izan badira, izan, barkamena eskatuten deutsat Iskander Atutxari, blog honexen bitartez.

Gizarte-sareen gorabeheran ez naiz sartuko. Zenbat buru hainbat aburu.

Blog hau gezurrez beteta dagoala, esan beisku zeintzuk diran, eta nire aldetik atoan zuzenduten ahaleginduko naiz.

Auzokiden artekoaz esan haren eretxiagaz bat ez natorrela, aitatuten gabilzan gorabehera honetan behintzat. Lanak hasi ziranean Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak halakoen ardurea jagoken erakundeetara jo eban, horretan legezko prozedurak erabiliaz. Afera edo gorabehera ez da Iskander Atutxa eta Edorta Jimenez auzokideen artekoa. Afera lan-egitasmo jakin bat sustatzen eta bideratzen dauan legezko subjektu baten, batetik, eta, bestetik, egitasmoaz erabagi behar daben erakundeen artekoa baino. Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak bere eskubideak erabiliaz egin da prozedura horretan tarteko. Hau holan izanda, eskertu egiten deutsat, plaza honetan eta zintzotasunez, nigana etorri izana eta berba egin izana Iskander Atutxari. Erakutsi deutsat etxea, erakutsi deutsat niretik berea. Gaitezan auzokook auzoan auzokide eta herrikoo herriko plazan erkide. Ganerakoan nork bere bideak.

Aitagia dogun egitasmoa gauzatu, berriz, beharrezko baimenak eskuetan izanda egin diranik ez daukat zalantzarik. Ez dinogu, eta ez dogu esan, Euskal Herriko Itsasertzeko Zuzendaritzaren eta Mundakako Udalaren baimenik izan ez dagoanik, ez eta Urdaibaiko Erreserbako Patronatura jo ez dabenik. Dinoguna zera da:
- Gure ustetan lizentzia txarto emanda dagoela. Lizentzia publikoa da.
- Patronatuak bere eskumenekoa ez dala erabagitzean ez dauala zuzen jokatu. Afera honen ganean argitaratu doguzan planoak dagoz testigu mutu.
- Lizentzian ezarritakoak bete danentz ez dakigula, ez jaku-eta horretaz eskatu dogun dokumentazinoa emon. Bide batez, Iskander Atutxak dokumentazino hori berak eskaini deust. Eskertu deutsat, baina ez dot usten hori berari jagokonik, eskaria egin deutsegun erakundeeri baino.
- Itsasertzeko horrek eman eutsan baimean ageri ziran betebeharretako batzuk ez dirala -antza!- bete. Baimena eta betebeherrak publikoak dira.
Amaitzeko, solaskideak eta biok, ohar hau argitaratuterena ez eze, behintzat beste kontu bat be adostu dogu, zera, erakunde publikoeri dokumentazino eta informazino eskaria egiteko eskubidea daukeenek, Zain Dezagun Urdaibai Elkartea legezkoek esaterako, erakundeok dalako dokumentazinoa eta informazioa hainbat arinen eta bizkorren eman beharra daukeela. Bada, ohar honegaz batera ahori eskatu behar deutset erakundeoi: erantzun Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak egindako dokumentazino eskarieri eta ekidin daiguzan auzokideen arteko zerak.

Besterik ez. Euskeraz idatzi dot hau, Iskanderrek eta biok euskeraz berba egin dogulako. Erdaraz be argiratatu behar bada, egingo dot. Neure berbea beteaz eta Iskander Atutxa nigana etorri izanaren ordainetan egin dot. Trukean ezer ez itxaron edo eskatu barik, barriro dinot. Ez eta be gizarte-sareetan inor nahasteko asmoz, jakina.

Mundakan, 2016ko abuztuaren 13an.

Edorta Jiménez Hormaetxea

Comentarios