DORRETXE BERRIAK, JAUNTXO BERRIAK


DORRETXE BERRIAK, JAUNTXO BERRIAK (I)

 

Erdi Aroan dorretxeek zeukaten menderaturik gaurko Busturialdea, Bizkaiko eta inguruetako beste lurraldeak menderaturik zeuzkaten legez. Dorretxeetan bizi ziren jauntxoek, ostera, euron inguruetako jendeak zeuzkaten menderaturik. Jauntxootako gehienak Koroari lanen bat egindakoak izaten ziren, horra beti gogoan izan behar den xehetasuna! Bada, bostehun urte igarota urak euren bidean. Busturialdea honetan jauntxoak ditugu, dorretxe berrietan bizi nahi dutenak, izan ere, koroari leial izan zaizkion jauntxoak baitira, hau da, politikan, ekonomian edo beste zeingura arlotan Legea -Legea Letra Larriz- sortzen, goraltxatzen eta defendatzen inoiz lan egin dutenak, edo bestela orain ere halaxe egiten segitzen dutenak.

 Ez da guztiz erreza dorretxe berriak eraikitzea Busturialdean inon, eta gaitzagoa beste zeingura lekutan baino Urdaibai ustez babestuan. Jauntxo berriak, ostera, trebeak dira Legearen gorabeheretan, esan moduan. Badakite zelan ekin. Hasteko, lehendik ere hor egon den etxeren bat erosi izaten dute eta, teilatua konpontzen dioten aitzakiaz, gero badakite etxeari hegalak zabaltzen, beheak sakontzen eta goiak goratzen. Halaxe sortzen dituzte dorretxe berriak.

Honen adibide polita dugu Arteagokoa den Kanala auzunean. Dorretxe berria, aspaldi batean hango inguruan karabanan bizi izan ei zen ilustre batek eraikia. Lau urteren buruan inork ezin izan dio hari hegalak moztu, sakonduak betearaziz eta goratuak apaldu eraginez. Horrexegatik, jauntxo da hemengo denon Legezko burua izanari merezi duen titulua.

Dorretxe berria eraikitzeko beste teknika bat da lehengo baserri etxeren bat erostea. Eta ahal dela etxe hori izan dadila muino ederren batean dagoena. Etxea lur edo terreno eta guzti erosi behar da, legeak –gure lege txiki eta, beraz, saihesgarriak- halaxe egin behar dela dio eta. Lurrena horrela izatea, ondo, ze gure lege txikiak dioena da inoiz basetxe izandakoak baserrikoak diren zereginetan izan behar duela bere izatea edo funtsa. Baina, jakina!, halako etxea erosteko eta dorretxea baino eraikin apainago bihurtzeko dirua duenak, behar ote du baserriko zereginetatik bizi? Ez, jaun-andreok. Baina legeak halaxe eskatzen dioenez, dorretxearen inguruan negutegien egitura hutsak landatu, nekazaritzan jarduteko baimena atera eta, horra basetxea dorretxe bihurtzeko baimena ematen ziola jabe berriari. Mundakako itsasadarraren ahoa zaintzen du halako batek, aipatu dugun besteak ibaia zaintzen duen lege berean. Horren jabea ere, jauntxo!

Lehenaren estiloak badu alderdi iraingarririk, bai. Hala eta guztiz ere, bigarrena are kaltegarriagoa da. Legeak, lege txikiak, ez du-eta eskatzen bakar-bakarrik basetxearenak diren lurretan nekazaritzako jarduerak garatzea; jardueron bidez jabearen bizi-premien parte jakin bat betetzea eskatzen du. Esan nahi da jabearen errentaren parte nagusia hortik atera behar dela. Ea nork sinistuko duen hori gurean ikusten diren kasuetan.

Dorretxe berriak eraikitzeko teknika bi eta horietako kasu bana aipatu dugu, jauntxoen izenik esan barik. Hurrengoan dorretxeak eraikitzeko hirugarren teknika bat azalduko dugu. Bitartean, eutsi jakingurari eta, hori bai, negutegietan jauntxoren bat makurturik ikusten baduzue, arren!, jakinarazi sms bidez. Geure konpainiaren telefonoa erabiliz, jakina.



DORRETXE BERRIAK, JAUNTXO BERRIAK (II)

Aurrekoan orrialde honexetan aipatu genituen dorretxeak eraikitzeko jauntxo berriek erabili izaten dituzten bideak. Ez genuen bideon zerrenda amaitu, leku ezaz. Bada, hona hemen beste zenbait adibide, federik onenean emanda. Beraz, inork bere burua edota auzokoren batena islaturik ikusten badu, edo aurrekoan ikusi izan badu, filmetan legez diogu; kointzidentzia hutsa. Hurrengoak lerroetakoak kointzidentzia izango diren era berean.

Gaiari ekinez, gurean dorretxe ez diren baserriak ere badira eta, horietako bat eskuratzea izaten da askoren gogoko Urdaibai honetan bizi ahal izateko. Ondo. Gero beste kontu bat izaten da etxe hori zaharra izatea. Hain zaharra ze, normalean arkitektura ondorearen barruan katalogaturik egoten da. Bada gero eragozpena! Aspaldiko esaerak dioen moduan, eragozpen guztien gainetik eta sasi guztien azpitik egin behar, ba.

Horma zaharrak eraitsi, eta kanpotik lehengo itxura gordez berriak eraiki, holaxe egin izan da eta egiten segitzen da gurean. Horma zaharrok ondorea direla eta halakoak eraistea eragotzi edo, bestela gogor zigortu behar izango luketen agintariak, sasoian sasoiko txoriei begira diren artean. Kanpotik baserriko etxe eta barrutik txaleta! Horrexen gogoa dute eta, ondarea pikutara. Ondorea! Zertarako ondarea?

Eta zer esan aspalditik legeztatu ezinik egon den etxea erosi –legeztatu gabeko etxeak hainbeste urtetan hala egonda, zergatik ez dituzte eraisten-, legeztatu –lehenago lege barrukoa izan ez bada, orain bai?- eta konponketak egiten direnen kasuan? Ederra kontua. Batez ere etxe legeztatu berria itsasoaren ertzean egonik ertz horretako landareak, sasiak, zuhaixkak eta zuhaitzak eraisten direnean. Halako bati buruz galde egin genuen Zain Dezagun Urdaibai legez. Kendutako landareak beheko hondartzaren erabiltzaileentzat arriskua zirela erantzun ziguten. Logika horrekin laster dugu desagerturik legez babestua den landaretza hori. Jakina da-eta itsas ertzean bizi denak itsasoa ikusi nahi duela. Bista eragozten duena behera botata, itsasoa leihoan. Ezin esan gure jauntxo berri hauek poesiaren zaleak ez direnik.

Zain Dezagun Urdaibai elkartean argi dugu gure inguruaren edertasunaren parte handi baserri munduan sortu duela, eta mundu horri eustearren egin beharrekoak eta bost egin behar direla. Iruzurra da baserrikoa izan den etxea txalet edo dorretxe bihurtu ahal izateko nekazaritzako lurrak erostea eta gero erabili barik uztea. Iruzurra den moduan ondorekoak eraistea eta berriak eraikitzea. Guk ondorea bizirik nahi dugu, hau da, baserriak baserri izaten segitzea, baserrietan baserrietako lanak eta zereginak ateratzea aurrera eta gure eskualdean sektoreak indarra izatea. Ez gabiltza txorien alde pertsonen gainetik, baina are gutxiago pertsona itxura hartzen duten txorimaloen alde.

Ekonomia nahi dugu, garapena nahi dugu, baina iraunkorrak, edo jasangarriak. Eta egia latza da gure Urdaibai kuttuna Marbellan azalera ekarri berri den kasuaren parera ailegatu barik espekulatzaileen eremu pribilegiatua bihurtuaz doana. Atea zabaldu dutenak jauntxo horiek izatea, bai tamalgarria. Tamalgarriagoa orain arte azaldu duguna kalteen zerrendako bat baino ez izatea. Kalterik handiena etxea erosi ezinik dabiltzan gazteentzat. Hurrengoan.

Zain Dezagun Urdaibai

OHARRA:  2006an idatzitako artikulu bi dira, baina tamalez, guztiz guarkoak.

Comentarios