Udala saneamendu lanen inguruko zalantzak argitzeko prest agertu d

Sukarrietako Marisma parkeko zati handi bat hesitu behar izan dute Urdaibaiko saneamendu lanengaitik. Bi urteko epean amaituta egotea aurreikusten dute

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika Sailari atxikita dagoen Uraren Euskal Agentzia (URA), Urdaibaiko saneamendu lanak egiten hasi da Sukarrietan. Bi urteko epean amaitzea aurreikusten dute. Bitartean, herritarrek dauzkaten edozein zalantza edo kontsulta argitzeko prest agertu da Sukarrietako Udala.

Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren lehenengo atala eraikitzen hasi dira, hain zuzen ere, Sukarrietan. Instalazio berriak Sukarrietako ur zikinak eta euri urak jasoko ditu, eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) bideratuko ditu ponpaketa gunearen bitartez. Fase horretako lanak hasteko, Marisma Parkearen zati handi bat hesitu behar izan dute, eta gunean zeuden ezki bat eta zenbait bananondo kendu behar izan dituzte. Lanak amaitzerakoan, berriak landatuko dituztela azaldu dute, horiek ordezkatzeko.

Lan horietan parte hartu du Sukarrietako Udalak; izan ere, lanak egiteko beharrezkoak diren zenbait eremu URAren esku utzi ditu. Lehenengo faseko lanak egiteko 12.496.093 euroko inbertsioa egin dutela azaldu dute.

Lanak «beti gogaikarriak eta desatseginak» direla azaldu du Sukarrietako alkate Jose Felix Mendizabalek: «Ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ahaleginduko gara; lanen etengabeko jarraipena egingo dugu eta ezarri den epean betetzea zainduko dugu».

Lanak amaitzerakoan, hala ere, lehenengo onuradunak Sukarrietako bizilagunak izango direla gogorarazi du alkateak: «Etorkizunean parke berritua eta saneamendu sare eraginkorra izateaz gain, Toñako hondartzako ur osasuntsuan bainu libreaz gozatzeko aukera izango dugulako».

Sukarrietatik haratago

Lehenengo fase hau, Sukarrietatik haratago doazen lanen parte bat da. Fase guztiak amaitzerakoan, Mundakako itsasadarrera isuri ohi izan diren ur zikinak bildu eta Lamiarango HUAra bideratzea posible izango da; bai ezker ertzeko herrietako urak, bai eta eskuin ertzeko herrietakoak ere.

Proiektu hau URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan hitzarmenaren baitan kokatzen da; horren bitartez, saneamendu sarea eraikitzea eta ur zikinak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.

Comentarios