San Antonio enklabea Busturiko udalerriari lotzeko eskatu dio EH Bilduk aldundiari



Espainiko Auzitegi Gorenak San Antonio enklabea dela ebatzi du. Sententzia «irmoa» dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak ebazpen hori bete beharko luke, eta enklabea desagerrarazi beharko luke. San Antonio enklabea legalki eta administratiboki Sukarrietaren menpe dagoen lurraldea bada ere, Busturiko udalerriaren lur eremuek ingurutzen dute. Hala, Busturiko EH Bilduk aldundiari eskatzen dio, «behingoz, epailearen agindua betetzeko eta enklabea Busturiri lotzeko».

URDAIBAIKO_ITSASADARRA


Aspaldidanik datorren gaia da San Antonio enklabearena. Hain zuzen ere, 1993an, Bizkaiko Foru Aldundiak atera zuen foru arau batetik dator. Bizkaiko udal-enklabeak desagertu behar zirela zehazten zuen foru arau horrek. «Ondoren, enklabea desagerrarazita, lur eremu hori kokatuta dagoen udalerriagaz bat egin behar da», diote koaliziotik. Momentu horretan, enpresa baten eskuetan utzi zuen aldundiak Bizkaiko enklabeen azterketa egitea, horien baitan zeuden Munitiz eta San Antonio. Eta, 1994an, Munitiz Sukarrietaren baitan kokatu zutela gogorarazi dute.

San Antonioren kasuan, baina, Sukarrietako Udalak «desadostasuna» agertu zuen, «eta Aldundiak ere iritziz aldatu zuen». Hala, Busturiko Udalak bere jarrera defendatu behar izan du epaitegietan: «1993. urtetik Busturiko Udalak dirutza gastatu du txostenak, abokatuak eta izapideak egiten Bizkaiko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) bere erabakiak eta epaileen ebazpenak betearazteko».

Hiru hilabeteko luzapena eskatu du foru aldundiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak San Antonio enklabea dela baieztatzen du, 2013an; «aldundiari eskatzen dio, gainera, irtenbidea emateko», diote. Aldundiak, baina, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen. Orain, Gorenak emandako ebazpenaren ostean, «argi dago San Antonio enklabea dela, ea zein den ematen dioten irtenbidea». San Antonio Busturiko Udalari dagokion itsaso eta lehorraren arteko gunea da, beraz, EH Bilduren arabera, «normalena litzateke, Busturiri lotzea».

Aldundiak orain, ebazpena betearazteko hiru hilabeteko luzapena eskatu duela diote EH Bildukoek, eta gaiaren inguruko beste txosten bat egiteko esperiantzarik ez duen enpresa bat kontratatu dutela adierazi dute: «Asmakizunak egiten dabiltza. Lurretik ez, baina itsasotik lotura duela esaten saiatu izan dira. Hala, kostaldetik batu ahalko lukete Sukarrietagaz».

Bizkaiko Batzar Nagusiek erabaki bat hartu beharko dutela azaldu dute, «eta ikusteko dago zein den EAJren jarrera; Sukarrietaren alde egiten duen edo legezkotasunaren alde».

Erabaki «amankomunak» Busturiko Udalean

«Busturiko EAJk herriko interesak balioan jartzeko, EAJren baitan, zer nolako indarra izango duen ikusteko dago ere», diote EH Bildutik. Orain arte, Busturiko alderdiek, osoko bilkura guztietan gai honen inguruko «amankomuneko» erabakiak hartu dituztela aipatu dute.

Busturiko EH Bilduk, baina, zera galdetzen du: «Zergatik egiten du Bizkaiko EAJk berak emandako dekretu baten aurka? Zergatik egiten du Sukarrietako EAJren alde eta ez Busturikoaren alde? Guggenheim egon daiteke gai honen atzean? Hori bada, zergatik ez Guggenheim Busturian? Bizkaiko Foru Aldundiak ezingo luke herri baten aldeko jarrera agertu; bi herrietan, gainera, bere alderdikoek daude agintean».

Comentarios