Ortu ekologikoen ordenantzari buruzko azalpenak emango ditu udalak, etzi

Ortu ekologikoen ordenantzari buruzko azalpenak emango ditu udalak, etzi

Astran egingo dute batzarra, 18:30ean
Rafa Insunza teknikaria eta Maria Uribe Ingurumen zinegotzia
Rafa Insunza teknikaria eta Maria Uribe Ingurumen zinegotzia



Ibarra inguruko ortu ekologikoen erabilera arautzeko aurre-ordenantza onartu zuen udalbatzak irailaren 28an. Horri buruzko azalpenak barikuan emango dituzte udal ardunardunek, eta parte hartzeko deia egin diete ortuak lantzeko interesa duten herritarrei. 18:30ean batuko dira, Astran.

Osoko bilkuran onartutako ordenantza alda daitekeela esan du Ingurumen zinegotzi Maria Uribek. Barikuko batzarrak Piperra eta Gatza parte hartze prozesuarekin jarraitzea du helburu, eta ordenantzari herritarrek egin behar dizkioten ekarpenak batu gura dituzte.

Herritarrek egindako lagapenei esker, guztira 60 eta 75 metro koadro bitarteko 140 lurzoru inguru ipiniko dituzte gernikarren eskura. Lur horiek udal sistema baten bidez kudeatzea eta nekazaritza ekologikoa eta iraunkorraa bultzatzea da xedea, Uribek azaldu duenez. Hala, lurrak erabiltzeko interesa dutenek udaletxean eska dezakete eskabide orria. Bestalde, www.gernika-lumo.net atarian ere eskuratu daiteke, ‘Piperra eta gatza’ atalean. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da, eta ostean banatuko dituzte ortuak. Ortu baino eskari gehiago balego, zozketa egingo dute.

Ingurumen zinegotziaren esanetan, ekimen honek herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea du helburu. Ekoizten dena norbere kontsumorako izan beharko duela esan du, gainera; eta ezingo dela, inolaz ere, salmentara bideratu.

Ortuen erabilera egokirako eta sasoi bakoitzean zer landatu daitekeen jakiteko, udalak monitore bat jarriko du. Horrez gain, nekazaritza ekologikoari buruzko tailerra ere emango du.

Comentarios