Kutsatzaileen erresuman, Petronor errege

  Muskizko Petronor findegia da Euskal Herriko enpresarik kutsatzaileena. Klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen isurtzaile handia da, eta harena da hamar enpresa kutsatzaileenek botatzen duten CO2aren ia erdia. Aurreko urteotan beherakada txiki bat izan arren, koke plantarekin batera, berriz ere handitu ditu isurketak.

 
Petronorren Instalazioak Muzkizen


BERRIA 2015-10-22 / Iñaki Petxarroman
 
2010eko hamarkadak, krisi ekonomikoarekin batera, industriaren eta sektore energetikoaren kutsaduraren apalaldi bat ekarri zuen gurera. Neurri batean horretan jarraitzen du, bereziki bi sektorerik kutsatzaileenetakoek �—zementu fabrikak eta ziklo konbinatuko zentral termikoak�— burua altxatu ezinda jarraitzen dutelako. Honako hau da PRTR erregistroak eskaintzen duen panorama, enpresa kutsatzaileek beraiek erregistroari emandako datuei erreparatuta.

PETRONOR

Jakinekoa da Petronorren Muskizko findegia dela Euskal Herrian atmosfera eta ura gehien kutsatzen dituen enpresa. Urte batzuetan, krisiaren ondorioz, kutsadura pitin bat gutxitu badu ere, PRTRren erregistroaren azken bildumaren arabera �—2013. urtekoa, hain zuzen ere�—, krisi aurreko mailara itzuli da enpresa hori. Enpresa kutsatzaileen erregistroaren arabera, 2,3 milioi tona CO2 isuri zituen airera Petronorren findegiak, hain zuzen ere, aurreko urtean baino 0,3 milioi gehiago. Modu horretan, 2010etik enpresak eragindako kutsaduraren apaltze txiki hori bertan behera utzi du. Ez kasualki. Izan ere, 2013ko apirilaren 3an martxan jarri zuen koke planta, eta, horrek, bere ekoizpena ez ezik, bere kutsadura ere handitu egin du. Besteak beste, fuel olio hondarrak kontsumorako prest jartzen dituzte hango koke plantan, eta enpresak 850 milioiko inbertsioa egin zuen hura martxan jartzeko.

Aurten, klima aldaketari buruzko goi bileran berotegi efektuko gas isurketak nola murriztu aztertuko dute Parisen. Bada, horri dagokionez, Petronorren findegiak ardura handia du; izan ere, hura da halako gas gehien isurtzen dituen enpresa, Hego Euskal Herrian airera botatzen den CO2 guztiaren %10 inguru. 2013an 25 milioi tona CO2 isuri ziren atmosferara, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, eta Muskizko findegiak 2,3 milioi isuri zituen. Horrez gain, beste kutsagarri toxiko ugari zabaltzen ditu uretara eta airera, besteak beste, metanoa, karbono monoxidoa, oxido nitrosoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa, merkurioa, zinka, artsenikoa, kadmioa, kromoa, nikela eta beste hainbat sustantzia.

ZENTRAL TERMIKOAK

Burua altxatu ezinda. Horrela jarraitzen dute ziklo konbinatuko zentral termikoek. Eta hori ona da, berez, ingurumenaren eta klima aldaketaren ikuspegitik. Izan ere, gas kontsumitzaile handiak izanik, CO2 eta bestelako berotegi efektuko sustantzia ugari isurtzen dituzte instalazio horiek. 2013a, aurreko urteak bezala, ez zen ona izan zentral termiko handientzat. Bahia de Bizkaia Electricidad Zierbenako zentrala izan zen ekoizpen handi samarra eduki zuen bakarra. Hala, 1,1 milioi tona CO2 isuri zituen airera. Edonola ere, bere urte indartsuenetan baino askoz ere apalago aritu zen zentrala. Esaterako, 2006an 1,6 milioi tona CO2 isuri zituen, alegia, 2013an baino heren bat gehiago.

Castejongo Hidronor ziklo konbinatuko zentralak ez zuen apenas funtzionatu, Iberdrolak berak aitortu zuenez. Eta antzekoa esan daiteke Castejongo HC Energia, Zornotzako Bizkaia Energia eta Santurtziko ziklo konbinatuko zentralei buruz ere. Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) 2013ko balantzean aitortu zuen Bizkaiko hiru zentral termikoak aintzat hartuta, euren ahalmenaren %19an jardun zirela urte horretan. Eusko Jaurlaritzaren arabera, energiaren alorreko CO2 isurketak %17 gutxitu ziren 2013an, neurri handi batean gaseko ziklo konbinatuko zentralen ekoizpen eskasagatik. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, urte horretan herrialdean ekoitzitako energia elektriko osoaren %7k bakarrik zuen jatorria zentral horietan.

ZEMENTU FABRIKAK

Sektore kutsatzaileenetako bat izan da hamarkada askotan porlanarena, baina eraikuntzaren krisiak bete-betean harrapatu du, eta haren ekoizpena minimo historikoetara iritsi da azken urteotan. 2007an 60 milioi tona ekoitzi zituzten Hego Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako eta Galiziako zementu fabrikek. 2013an 14,5 milioi tona baino ez. Euskal Herriko zementu fabrikak ez dira salbuespen bat izan. Datu batekin azal daiteke grafikoki. Esate baterako, Portland Valderribas Olaztiko enpresak 65 tona hondakin arriskutsu sortu zituen 2007an. Sei urte geroago, 17 tona bakarrik. Beste datu bat: Lemoako zementu fabrikak (Portland Valderribasek 2013. urtean CRH irlandarrari saldua) 0,50 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara 2007an, haren ekoizpen handiaren seinale. 2013an 0,14 milio tona isuri zituen.

Arrigorriagako eta Donostiako Añorga auzoko Cementos Rezolako enpresek ez dute horrelako amildegirik ezagutu, baina urruti daude urte onenetatik. Adibidez, Añorgako porlan fabrikak 0,49 milioi tona CO2 isuri zituen 2007an eta 0,26 milioi tona 2013an. Hondakin arriskutsuen sortzaile handiak izateaz gain, karbono monoxidoa, oxido nitrosoa, amoniakoa, sufre oxidoa eta bestelako gai kutsagarri ugari isurtzen dituzte zementu fabrikek atmosferara.

ZABORTEGIAK ETA ZABALGARBI

Hiri hondakinen kudeaketari lotutako instalazio eta azpiegiturak dira kutsadura iturri oso handiak, eta urtetik urtera egoera ez da zuzentzen ari, gainera. Euskal Herrian barreiatuta dauden zabortegietan metano isuriak oso handiak dira. Isurtzaile nagusia Artigasko zabortegia da (Bilbo), 7,2 milioi tona isuri zituelako airera 2013an. Haren atzetik daude Lapatx (Azpeitia) 2,3 milioi tonarekin eta Sasieta, 2,2 milioi tonarekin. El Culebretek (Tutera) 2,1 milioi tona metano isuri zituen eta Urtetako (Zarautz) zabortegiak 1,8 milioi tona. Metanoa klima aldaketa eragiten duten gas kutsatzaile nagusietako bat da. Hain zuzen ere, CO2aren atzetik, berotegi efektuko bigarren gas nagusia da munduan.

Bestalde, Zabalgarbiko errauste plantak 0,2 miloi tona CO2 isuri zituen airera 2013an, aurreko urtean baino gutxiago, betiere PRTR erregistroak enpresaren datuetatik jaso duenez. Edozein kasutan, ekologistek zalantzan jarri dituzte datu horiek. Izan ere, aitortutakoa baino CO2 gehiago isurtzen duela salatu du berriki Ekologistak Martxan erakundeak, zenbaketa ofizialean ez baita aintzat hartzen hondakin zati organikoaren errausketatik sortzen den CO2 kopurua. Hala, Ekologistak Martxanen arabera, aitortzen duena baino gutxienez heren bat gehiago isurtzen du Zabalgarbik. Gainera, Bizkaiko errauste plantak 7.580 tona hondakin arriskutsu sortu zituen 2013an, errausketatik sortutako errauts toxikoz osatutakoak.

UR ARAZTEGIAK

Hirietako ur araztegiak kutsatzaile handiak dira, eta kutsatzaile nagusia Galindoko ur araztegia da, Sestaon. Izatez, Euskal Herriko CO2 gehien isurtzen duen hirugarren zentro industriala da araztegia. Iaz 0,45 milioi tona CO2 bota zituen atmosferara. Aldi berean, uretara sustantzia kutsagarri asko isurtzen dituzte araztegiek: nitrogenoa, fosforoa, kloroa, artsenikoa, kobrea, merkurioa, beruna, zinka, triklorometanoa, osagai organiko halogenatuak... Osagai horien guztien isurketa ere Europako Batasunak ezarritako mugaz oso gainetik egiten du Galindoko araztegiak.

Comentarios