Gernikako Ibarra garatzen laguntzeko prest da EH Bildu

Gaur
2015-10-15
  • Gernikako Ibarra garatzen laguntzeko prest da EH Bildu
  • Eragile desberdinak bilduko dituen mahaia sortzeko eskatu du koalizioak
EH Bildu
Prentsaurrekoa eman zuen atzo Busturialdeko EH Bilduk



Busturialdeko EH Bilduk positibotzat jo du Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak eta Gernika-Lumoko alkateak ekonomia sustatzeko hartu duten erabakia. Joan den astean iragarri zuten Gernika-Lumoko Ibarrako industriagunea biziberritzeko egitasmoa garatzeko erabakia.
Hala, Gernika-Lumoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin lortutako konpromiso horri «ongi etorria» eman dio Busturialdeko EH Bilduk, eta laguntzeko prestutasun osoa eskaini die bai Gernika-Lumoko Udalari zein eskualdeko beste udalerriei. Bide horretan, akordioan adierazitakoa gauzatzeko, lehenbailehen mahai bat eratzeko eskatu die EH Bilduk Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñori eta Unai Rementeria Ahaldun nagusiari. Koalizioaren ustetan, Busturialdeko garapen ekonomikoaren etorkizuna diseinatzeko, eskualdeko alderdi politikoak, merkatariak, nekazariak, enpresariak, langileak eta eragile sozialak bildu beharko lirateke mahai batean.
Proiektu hori Busturialdeko garapenerako «garrantzitsua» dela deritzo koalizio abertzaleak. Iragana atzean utzi eta aurrera begiratzeko unea dela adierazi zu EH Bilduk: «Eskualdeko herri guztiekin, eragile zein produkzio sektore desberdinekin batera, gure ekonomiaren berpiztea modu iraunkorrean diseinatzeko unea da».

Urriaren 2an batu zen Rementeria Gorroñorekin, eta batzar horretan, besteak beste, Busturialdeko egoera ekonomikoa izan zuten hizpide. Rementeriak esan zuenez, “Gernika Busturialderako oso inportantea da eta gaur alkatea eta biok aztertu dugu Ibarran jarduera ekonomikoa bultzatzeko modua. Aldundia prest agertzen da horretan lan egiteko, Busturialdean eta Gernikan proiektu estrategikoa delako”.

Comentarios