Urdaibain garapen iraunkorra lantzeko plan bat onartu dute

Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian izan zen atzo, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira

Barikuan Ingurumenaren Mundu Mailako Eguna ospatuko dela eta, azken urteetan egin modura, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian bildu zen atzo, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, hain zuzen ere. Han Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak harrera egin zion Iñigo Urkullu lehendakariari. Gobernu Kontseilua egin ostean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eta Ana Oregi Ingrumen eta Lurralde Politiketako saliburuak ohiko agerraldia egin zuten. Oregik azaldu zuenez, Gobernu Kontseiluak garapen iraunkorraren arloko interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntza plana Urdaibaiko Biosfera Erreserban, 2015-2025 (IGHP) onartzeko txostenari oniritzia eman zion.

Atzo onartu zuten plana zientziaren, teknikaren eta hezkuntzaren arloetako eragileekin, erakundeekin eta talde ugariren partaidetzagaz idatzi dutela azaldu zuen Oregik. Horren bitartez «jasangarritasun politikak txertatuko dira hezkuntzan eta prestakuntzan, eta, gainera, hezitzaileen eta trebatzaileen gaitasunak handituko ditu». IGHP planak koordinazioko, lankidetzako, informazioko, komunikazioko, dibulgazioko, interpretazioko, gaikuntzako, hezkuntzako eta ikerketako zenbait pro- grama jasotzen ditu, eta horien jarraipena eta balorazioa egiteko hainbat idazkaritza tekniko sortu dituztela jakinarazi dute.

Klima aldaketarako

Bestalde, klima aldaketarako EAEko estrategia onartu zuen atzo Gobernu Kontseiluak. Estrategia horren ondoriozko ekintzen bitartez, Oregik azaldu legez, «EAEko berotegi efektuko gasen isurpena %40 murriztu ahalko da 2030. urterako, eta %80, berriz, 2050. urterako». Energia eta industria sektoreek, bestalde, %50eko murrizketak lortuko dituztela diote, «energia berriztagarriak erabilita eta eraginkortasun energetikoko teknologiak sortuta». Halaber, 2050. urterako energia berriztagarrien kontsumoa, kontsumo osoaren %40 izatea gurako luketeela zehaztu zuten.

Herrialde mailako proiektua dela esan zuen Oregik, eta Europatik bultzatzen dituzten ildoekin lerrokatutakoa. Hala, estrategia berri horregaz, Jaurlaritzak «euskal gizarte eta ekonomia jasangarria eta lehiakorra egituratu gura ditu». Estrategiak bederatzi jomuga finkatu ditu, besteren artean, karbono kontsumo txikiko energia ereduaren alde egitea, isurpenik gabeko garraioa, lurraldeko eta natura inguruneko eraginkortasuna areagotzea edota berrikuntza, hobekuntza eta ezagutza transferen- tzia sustatzea. Horiek guztiak lortu aldera, 24 jarduera-ildo abiaraziko dituzte industrian, garraioan, energian eta hondakinetan, besteak beste.

Langabezia beheraka

Josu Erkoreka langabezia tasaren jaitsieraz aritu zen atzokoan. Jakinarazi duenez, maiatzean, 5.934 pertsona atera ziren langabeziatik, eta 7.593 afiliazio berri izan dira Gizarte Segurantzan. «Azken hamar urteetan erregistratu den langabezia beherakada handiena» izan dela aipatu zuen Erkorekak. Egun, iaz baino 13.360 langabe gutxiago daudela esan zuen, eta datuek «ekonomiaren joera positiboa berresten dutela» ziurtatu zuen.

Oraindik, baina, arlo horretan zeregina badagoela uste du bozeramaileak, eta, horrenbestez, «lehentasunezko gaia» izaten jarraituko duela nabarmendu zuen.

Comentarios