Laida lehengoratzeko proiektuarekiko kezka agertu dute ekologistek

Laida lehengoratzeko proiektuarekiko kezka agertu dute ekologistek

Gernikako Ekologi Lan Taldearen esanetan, proiektuak "presaz egindakoa" ematen du
Apirilean hasi ziren hareatzan lanean
Apirilean hasi ziren hareatzan lanean

Espainiako Ingurumen Ministerioko ordezkariek Urdaibaiko Patronatuan aurkeztutako eta ostean onartutako proiektua kritikatu du Gernikako Ekologi Lan Taldeak. Haien aburuz, epe laburreko proiektua ematen du, «presaz egindakoa». Proiektu horrekiko kezka agertu izan dute ekologistek, «inpaktu azterketarik egin gabe garatu dutelako, udako denboraldiaren gertutasunak bultzatuta, eta maiatzeko hauteskundeetatik gertu». Ekologi Lan taldeak prentsa oharrean esan duenez, proiektuak berak onartzen du Laida hondartza berreskuratzeko inolako bermerik ez dagoela.
"Inpaktu azterketarik gabe garatu dute”
Ekologistek azaldutakoearen arabera, Espainiako Ingurumen Ministerioko arduradunek apirilaren 13an aurkeztu zuten Laida hondartza lehengoratzeko proposamena, Urdaibaiko Zaingo Batzordean. «Proiektuaren arabera, 40.000 metro kubiko hare isuri eta trinkotuko dituzte; era berean, sarbideak, barandak eta bestelako elementuak ere konpontzeko asmoa ere agertzen du», dio Ekologi Lan Taldeak bere oharrean. «Txosten hori bi egunetan ebatzi zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zerbitzu teknikoak, eta apirilaren 22an aurkeztu zuten Zaingo Batzordeko Osoko Bilkuran, aho batez onartuz». Gernikako Ekologi Lan taldeak, baina, bere kezkak agertu ziuen apirilaren 22ko osoko bilkura horretan. Proiektuaren eraginkortasunarekiko kezkak agertu dituzte ekologistek, eta azkar egiten denarekin kontuz ibiltzeko eskatu dute.

"Txosten hori bi egunetan ebatzi zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zerbitzu teknikoak”

Dunak eta ezker olatua

Bestalde, Laidako dunek eskaintzen zuten babesa azpimarratu dute. «Azken urteetan dunak ez zaintzea izan daiteke hondartzaren desegonkortasunaren arrazoietariko bat. Izan ere, azken urteotan euskal kostaldean hainbeste kalte eragin dituzten denboraldi indartsuenei aurre egiteko gai izan dira Laidako dunak».

Eta Mundakako ezker olatua desagertzea ekarri zuten aktuazioak ere gogoa izan ditu Gernikako Ekologi Lan Taldeak. 2005ean desagertu zen ezker olatua, eta olatuaren egoerari eta eboluzioari buruzko ikerketa egin zuen orduan Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Era berean, desagerpenean eragina izan zuten kausak ere aztertu zituen. «Argi geratu zen estuarioan egindako dragatzeak eta lerro zuzenean egindako kanalizazioak, zein harea leku desegokian isurtzeak eragina izan zutela; ez, ordea, dunak lehengoratzeak», ekologistek esan dutenez.

Comentarios