Arartekoak eusko jaurlaritzaren ingurumen eta lurralde politika sailari p euskadiko airearen kalitatearen sareko datuak balioztatzeari buruz webean argitaratutako informazioaren alderdiren bat hobetu dezalaroposatu dio

Carlos Barcina


Pertsona batek Arartekora jo zuen, Euskal Herriko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sareak dauzkan datuak balioztatzeko prozesuaren berri emateko. Zehazki, adierazi zigun ohikoa dela hilabete baino gehiago atzeratzea Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren web orrian agertzen diren datuen balioztapena.

Sail horri informazioa eskatu genion. Erantzunean azaldu digunez, airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko oraingo sareak berori hobetu eta optimizatzeko plan bat abiarazi eta gauzatu du. Beste jarduera batzuen artean, neurketa-kabinetan lortutako datuak balioztatzeko sistema aldatu du; horrela, egunero edo egun batzuetan behin eskuz egiten zen balioztatzearen ordez, berehalako balioztatze automatikoa ezarri du.

Beraz, sarean erregistratutako datuak automatikoki balioztatzen dira, airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretuan ezarritako prozedurak eta kalitateko helburuak betez. Lortu eta balioztaturiko datuak orduero ezagutarazten dira sail horren webean eta Open Data Euskadi atarian.

Datuak balioztatzeko prozesuan izandako atzerapen hori datuen bigarren egiaztatze-prozesuari dagokio. Bigarren egiaztatze-prozesu hori eskuz egiten da eta barne-prozedura bat da, neurketa-tresnak zuzen dabiltzala ikuskatzeko asmoz. Hala ere, sail horrek azaldu duenez, bigarren prozesu horrek ez du eraginik balioztatze automatikoaren bidez lortutako datuen balioztapenean.

Informazio hori aztertu ondoren, Arartekoak iradokizun bat igorri dio sail horri, orain egiten ari den lan horretan jarrai dezan, hau da, EAEko airearen kalitatearen egoerari buruzko informazioa hedatzen.

Horrelako kasuetan, garrantzitsua iruditzen zaigu web orri horien erabiltzaileek beren ingurumen-eskubideak baliatzen dituztenean, zalantzak argitzeko eta laguntza teknikoa emateko ahalegina egin dadin. Gainera, sail horrek bere web orrian informazio nahikoa sartu beharko luke datuak balioztatzeko prozesuez (automatikoa nahiz eskuzkoa) eta ebaluazio-datuak zein une zehatzetik aurrera dauden behar bezala egiaztatuta eta balioztatuta adierazi beharko luke.

Orobat, orri horretan behar bezala azaldu beharko litzateke neurketa-tresnetan zer egoera zehatzetan sor daitezkeen funtzionamendu- eta kalibratze-arazoak, izan ere, arazo horiek, egoera batzuetan, lortutako datuak baliogabetzea eragin dezakete.

Azken egunotan egiaztatu dugu datuak eskuz balioztatzean izandako atzerapena astebete baino gutxiagora murriztu dela.

Comentarios