Sendabelarrak, altxor naturalak


Sendabelarrak, altxor naturalak

pnga_erakutsi-3.pl

Mentxu Amunategi Barandikak (1970, Bermeo) hamabost urte daramatza sendabelarren munduan sartuta. Gustoko du egiten duena, eta dakiena elkarbanatzeak ere asko betetzen duela aipatu du: “denak geratzen dira zerbaitekin”. Erroxape Emakumeen Elkarteak eskatuta, ikastaro bat eskaintzen ari da Bermeon. Bereziki, emakumeen osasuna hobetzea eta inguruko landareen ezagupena bultzatzea du helburu. Bost saioko ikastaroa da, eta 30 lagun baino gehiago hurbildu dira sendabelarrek eskaintzen dituzten onurak ezagutzera.

Sendabelarrekin eta horiekin egin daitezkeen tratamenduak azaltzen hasi aurretik, elikadurari buruzko zenbait aholku ematea beharrezkoa dela uste du Amunategik. Izan ere, emakumeek, ugalketa dela eta, mineral asko galtzen dituzte, eta arinago hasten dira hezurretako mina pairatzen. Horrek, elikadurarekin zerikusi zuzena du Amunategiren esanetan; “hortaz, hortik hasi beharra daukagu”. Hezurretarako, inguruan aurkitu daitekeen sendabelar bat gomendatzen du Amunategik; azeri buztena, hain zuzen: “mineral asko duen sendabelarra da, eta hogei minutu egosten jarriz gero, oso ona da osteoporosi eta hezurren husturetarako”.

Intsusa asko

Bermeon gehien mantentzen den landarearen erabilera, intsusarena (saukua) dela dio. Hainbat dira intsusarekin ukenduak egiten dituzten bermeotarrak. Azalarentzako ona da intsusa, baita infekzioentarako ere. Amunategiren esanetan, intsusarekin egindako lurrinak egokiak dira infekzioentzat zein sukarrarentzat: “Aspaldian, galduta dago sendabelar hori erabiltzeko joera, gero eta landare gutxiago batzen ditugulako. Bermeon, baina, asko erabiltzen denez gogora ekarriko ditugu ikastaroan”.pnga_erakutsi-4.pl

Hainbat dira Busturialdean aurki daitezkeen sendabelarrak. “Jende asko harritu egiten da udazkenean ikastaroak egiten ditugunean, uste baitute udazkenean landarerik ez dagoela. Nik, bestalde, ingurura begiratuz gero, dena berde ikusten dut. Egia da, udaberrian gehiago daudela, baina hemen urte guztian zehar aurki daitezke”. Sasiak, esaterako, askoren artean ez daudela ondo ikusita dio Amunategik. Horien kimuak, baina, betidanik erabili izan direla azaltzen du; “bi minutu egosita, zamako mina kentzeko onak dira”.

Zainbedarrak ere, inguruan asko daudela dio, eta ospetsuak dira gainera: “horiekin saintirituak egiten ziren, bihurdurak eta horrelakoak konpontzeko”. Modu berean, zainbedarrak bost minutuz egosiz gero, “eztularentzako edota mukientzako oso onak dira”.

Sendabelarrez ingurutatu gaudela dio Amunategik: ozkotzak, zainbedarrak, txisalorak, berbenak, horma belarrak… “gertatzen dena da, egunero ikusten ditugun gauza horietan ez dugula atentziorik jartzen”.

Bere ibilbidean, berbena sendabelarrak harritu du gehien, “beti erabili izan da infekzioetarako edota sinusitiserako, baina infuzio modura hartuta, buruko-minetarako eta migrainentzako ere oso ona da”.

Mina sendatzeko jakin-minez

Ikastaroetan parte hartzen dutenek, gauza asko jakin nahi dituzte. Hala ere, interesik handiena ohiko minen aurrean agertzen dute gehienek. Emakumeek interes handia dute baita ere, zimurren aurkako tratamenduekiko, bitaminekiko edota produktu arazgarriekiko. “Indarrak eta gogoak ematen dituzten belarrek ere arrakasta izaten dute, denok behar baitugu laguntza egunerokotasunari aurre egiteko”.

Sendabelarrekin egindako tratamenduek sendagaiak ordezkatzeko balio duten galdetuta, “ez dut uste gauza batek bestea ordezkatu dezakeenik”, erantzuten du. Garrantzitsuena prebenitzea dela uste du: “egokiena belarrak aurretiaz hartzen hastea litzateke, ez larri gaudenean. Bat-batean gauzak osatzea zaila da, eta zaintzen dena beti dago hobeto”.

Ingurumena zaintzeko

Landareak ezagutuz gero, bestalde, ingurumena zaintzen hasten garela dio Amunategik: “inguruan altxor bat daukagula konturatzen bagara, orduan, ingurumena beste modu batera zaintzen hasten gara”. Ikastaroetarara bertaratzen direnek, landareekiko beste zaletasun bat hartzen dutela uste du irakasleak.

Sendabelarrekin, batez ere, infusioak, jarabeak, olioak edota alkoholarekin egindako esentziak egiten dira, eta horiek egiten ikasten ari dira Bermeon ematen ari diren ikastaroan. Dagoeneko bi saio eman dituzte baina oraindik beste hiru falta dira; azaroaren 11n eta 25ean eta abenduaren 2an; hain zuzen, hirurak 17:00etan. Landareak erabiltzen ikasteaz gain, sendabelarrak non aurki daitezkeen ikusteko irteeraren bat ere egingo dute ikastaroan parte hartzen dutenek.

Amunategik “pozik” ematen ditu azalpenak, batez ere, jendearen interesa handia dela ikusten duelako. Gainera, dioenez berak ere “asko” ikasten du ikastarora doazenetatik. Bermeoko ikastaroan parte hartzen ari diren gehienak, esaterako, beraien etxeetan gauzak egiten dituztela dio, “eta askotan nik baino esperientzia gehiago daukate”.

Comentarios