Lehentasunek dirutan dute islada, eta Jaurlaritzak emango duelakoan gaude

“Lehentasunek dirutan dute islada, eta Jaurlaritzak emango duelakoan gaude”

Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea

Iratxe Arriola
Iratxe Arriola


EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena onartu zuen eguenean Legebiltzarrak, kolektorearen obrak finantzatzeko; urrian egin behar ditu Jaurlaritzak aurrekontuak, eta Busturialdeko obra amaitzeko partida onartzea espero du Arriolak.

Joan den eguenean Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena. Zer zuen oinarri?

Proposamen horren zioa izan zen falta diren tarteetan kolektorearen obrak egiteko finantziazioa lortzea eta obra horiek 2015. urtean hastea. Hasteaz gain, obra horiek amaitzea da helburua. Hau da, gaur egun falta diren konexioak (Busturiatik Gernika-Lumorako eta Gernika-Lumotik Muxikarako tarteak eta Sukarrietako ponpaketa zentroa) amaitzea. Horrela ahalbideratuko Oka ibaiko ezkerraldeko herri guztiak batuta egotea eta Lamiarango araztegiarekin klonektatuta egotea. Modu horretan bakarrik bete ahalko du proiektua diseinatzerakoan eman zioten funtzioa, eta 45.000 biztanleri zerbitzua eman.

Azpiegiturak amaitzeko kolektorea da falta dena?

Lamiarango araztegia gaur egun amaituta dagoen obra bat da, eta Okaren ezkerraldean dauden herri denei zerbitzua emateko diseinatu zuten: Bermeotik Muxikara dauden herriei, eta baita, Arratzu, Kortezubi eta Gautegiz Arteagari ere. Hala ere, zoritxarrez, lehen aipatutako konexioak falta dira; baita Sukarrieta eta Busturiko urentzako ponpaketa gunea amaitzea ere. Izan ere, azpiegitura honetan hainbat erakundek parte hartu dugu. Lamiaran araztegiaren obraren berfinantziazioaz arduratu da Espainiako Estatua, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Gernika-Lumoko saneamendu sareak egokitu ditu, ehun milioi euro baino gehiago erabiliz horretarako. Busturialdeko Ur Partzuergoak, bere aldetik, kolektorea egiteko lurren desjabetzeak eta obra zuzendaritzak egitea hartu zituen beregain, eta hiru milioi euroko inbertsioa egin du. Baina kolektorearen obren finantziazioa Jaurlaritzaren ardura da.

Orain arte 35 milioi euro jarri ditu Jaurlaritzak. Baina kopuru hori ez-nahikoa dela diozue.

aurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak hitzarmena sinatu zuten 2003. urtean. Partzuergoak beregain hartu zuen desjabetzea, obraren zuzendaritza eta proiektua idaztea; eta Jaurlaritza kolektorearen obra egiteaz arduratu behar zen. Baina proiektua idatzi barik zegoen 2003an, eta obren zenbatekoa zehaztea ezinezkoa zen. Gero, 2006. urtean proiektua idatzi genuenean jakin genuen zein den kostu erreala, eta 35 milioi horiek obraren zati bat egiteko baino ez luketela emango.

Eta proiektua aurkezterakoan, Jaurlaritzak berak onartu al zuen inbertsio handiagoa behar zela?

Bai.

Eta zein arrazoi eman izan ditu obra finantzatzeko dirurik emango ez duela esaterakoan?


Kolektorearen obrak martxan egon dira 2012. urterarte. Alegia, hasierako 35 milioi euro horiekin obrak egin dituzte orain bi urterarte. Baina diru hori amaitu egin da, eta Lopezen Gobernuaren aitxakia hori berori zen: dirua oraindik bazegoela. Eta hala zen. Baina 2012an amaitu zen diru kopuru hori, eta diru eske joan izan garenean eman diguten arrazoia izan da ez dakitela Busturialdeko Ur Partzuergoa gai izango den azpiegitura osoa kudeatzeko.

Eta horren aurrean, zein erantzun eman duzue?


Gauzak ibilian erakusten dira. 2011. urteko urrian hartu genuen guk Ur partzuergoaren ardura, 3 milioi euroko zorrarekin. 2013ko abendurako zor hori kitatuta zegoen eta aurrekontuetan oreka mantentzen genuen. Horrez gain, lanpostu publikoak sortu ditugu, eta plantilla handitu. Azken batean, azpiegituren ezagutza izan nahi dugu, ardura guztiak partzuergoak beregain hartzeko, kanpoko enpresen beharrik barik. Gainera, azken 10 urteetan ez bezala, inbertsioak egin ditu ur partzuergoak; horretarako dirua badaukagu. Beraz, ur partzuergoa kudeatzeko gaitasuna erakutsi dugu, eta deskonfiantza horren zergatia ez dugu ulertzen.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin bat egitea izan al da EAJren apustua?

Nire ustez, horrekin tematuta dago EAJ, baina ez dugu ulertzen. Azken batean, iaz 350 milioi euro hartu zituen Bilbao Bizkaiak Foru Aldundiaren eskutik. Beraz, dirua tasen bidez lortzen dutelaren argumentua faltsua da. Eusko Jaurlaritzak ere dirua eman zion iaz: 50 milioi euro. Beraz, desberdintasunik ez ematea da eskatzen duguna. Gainera, berezitasun bat ere badugu Busturialdean; aldegia, arro hidrografiko bat kudeatzen dugula, eta hori ez du beste ezein partzuergok egiten gaur egun. Gainera, Europako Uraren kartak hori berori esaten du, tokian tokiko ura kudeatu beharko litzatekeela. Eta hori da guk egiten duguna. Hobetzeko gauza asko izango ditugu, argi dago, baina uste dugu oso garrantzitsua dela zerbitzu hurbila mantentzea, eta horretarako lan egingo dugu.

Lehengo ereduaren aldean, kudeaketa propioa izateak zein onura ekarriko dio partzuergoari berari eta herritarrari?
Gure langileak izateak ekarriko duen lehenengo onura izango da zerbitzuak guk geuk kontrolatuko dugula. Hau da, kontrolatu ahal izango dugu altan ateratzen den ur bolumena zenbat metro kubiko diren; herritarrengana heltzen dena zenbat den eta galerarik dagoen, ur hori zelan potabilizatzen den, ur zikinen prozesua zelan egiten den… Hobekuntzak egiteko ezinbestekoa da prozesua bera ezagutzea. Herritarrek, bestalde, zerbitzu publikoa eta hurbila izango dute. Modu horretan, gainera, herritarrek izango dute kontrola.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Ura leku askotan pribatizatu egin izan da; bai Hego Amerikan, baina baita Europan ere (Berlinen edo Parisen, kasurako). Beraz, pribatizazioaren mamua izan badago. Espainian –Madrilen eta Aragoin– pribatizaziorako zantzuan izan dira; baina baita Euskal Herrian ere, Gasteizen. Beraz, arriksua erreala da, eta guk uste dugu zerbitzuak publiko izan behar duela, herritarrei kontrolerako boterea emanez.

Eta Busturialdea Bilbao Bizkaia Partzuergoan sartuz gero, pribatizaziorako ateak zabaldu litezkeela uste duzue?

Mamu hori ikusten dugu; interes batzuk dituztela ikusten dugu, ulertu ezin ditugun interesak. Hori dela eta, posible litzatekeela uste dugu. Hori, edo monopolioa izateko nahia. Baina monopolio horretan aldaketak egitea errazagoa da. Gaur egun Bilbao Bizkaia Partzuergoa publikoa da, azpikontratazioekin funtzionatzen duen arren. Eta pribatizazioaren mamua hor dago. Orain arte ezetz esan izan dute, baina Gasteizen pribatizatzeko proposamena bozkatu zuten eta boto bakarrarengatik ezezkoa atera zen. Beraz, mamua ez dago hain urrun, eta kezkatu egiten gaitu.

Herritarren inplikazioa ere bilatu gura duzue, sentsibilizazio kanpainarekin.

Bai. Iraunkortasuna bultzatzeko eta herritarrak ere parte sentitzeko. Herritarren ahotsak islada izatea da gure nahia, eta gure erabakietan haiek ere kontuan hartzea. Kontseilu guztiak zabalak dira, baina harago joan gura dugu. Eta denen artean konpromisoen karta idatzi nahiko genuke. Azaroan hasi nahi dugu kanpaina hori, eta martxoaren 22an –Uraren Egunean– amaitu. Uste dugulako ditugun arazoen konponbidea denon artean bilatu behar dugula.

Zertan sentsibilizatu beharra dugu?

Ba kontsumoan, eta enpresen kasuan, esaterako, isurketak egiterako orduan ere. Isurketa baimena zehaztuta dago, eta bete beharko da. Izan ere, sarritan isurketek kalte handiak eragin dituzte, diruarekin konpentsatu ezin daitezkeenak ere.

Kolektorea egin ostean, baina, isurketak Lamiaranera helduko dira.

Bai.

Beraz, saneamendu sarea amaitzea, Oka ibaiaren eta itsasadarraren onerako izango da.

Dudarik barik. Aldaketa handia nabarituko dugu itsasadar osoan, hondartzetan. Hala ere, benetan kezkatzen gaituena Gernika-Lumoko araztegiaren egoera da.

Zaharkituta dagoela salatu izan duzue.

2003an egin zuten proiektu horretan araztegi hori desagertzera kondenatu zuten. Eta gaur egun oso zaharkituta dago, ez du behar bezala funtzionatzen eta susto pare bat eman dizkigu. Alarma gorria piztuta dago, eta hori isladatu gura dugu, ezer gertatuz gero inork sorpresarik har ez dezan.

Zer esan nahi duzu alarma gorria aipatzerakoan?

Ba kolapsatuz gero, delitu ekologiko izugarria gerta liteke. Lokatz guztia zuzenean tratamendurik barik isuriko litzateke, eta ondorio larriak izango lituzke itsasadarrean; hondartzak ere seguraski itxi egin beharko lirateke. Faunan eta floran ere kalte handiak sor ditzake. Beraz, saneamendu sarearen azpiegiturak amaitzeko finantziazioa eskatzen dugu; dagoeneko berandu helduko den arren. Izan ere, obrak amaitu orduk lau urte joango dira. Gu, bitartean, inbertsioak egiten ari gara, ahalik eta baldintzarik onenetan mantentzeko, baina hiltzen dagoen araztegi bat da. Horregatik, krisi ekonomikoaren garaia bizi dugun honetan dirurik ez dagoela entzuteak ez gaitu asetzen. Lehentasunak dirutan izan ohi dute islada, eta dirurik jartzen ez badute izango da beraientzat ez delako lehentasuna eta bigarren mailako herritartzat hartzen gaituztelako.

Jaurlaritzak bere aurrekontuetan Busturialdeko saneamendua amaitzeko dirua gordeko duela uste al duzue?

Baikorrak gara, eta uste dugu hala izango dela. Ezin du bestela izan.

Comentarios