Urdaibaiko hezeguneak ez dauka zer ospaturik

Urdaibaiko hezeguneak ez dauka zer ospaturik
 
Iratxe Arriola
2014/02/05
 
Urdaibaiko hezegune nagusiena bere itsasadarra da. Euri tanta guztiek eta egiten ditugun erabilerek azkenean grabitatez eta ur korronteak eramanda beheko hezegunean amaitzen dute. Hezegunearen kalitateak, ekosistemarenak, eragina dauka edaten dugun ur horretan filtrazioz; kanporago begiratzen badugu, itsasora, han ere badu eraginik, non eta gertuko arrantzaren emankortasunean.

Itsasadarraren egoera zaintzea, beraz, garrantzi bizikoa da aipaturiko arrazoiengatik. Baina horrez gain, itsasadarra, uholdeen orekatzailea ere bada, eta horretarako uren sartu-irtenek, ubide naturalek, ondo egon behar dute eta horretan mendien kudeaketek zuzeneko eragina dute; orain arteko kudeaketa eredu nagusiak, eredu forestal intentsiboak, lurren higadura ekarri du, eta hori ubideak taponatzen eta itsasadarra lohiz betetzen ari da, uholde arriskuak handituaz. Beraz, honetan ere badago zer zuzendua.

Baina aurreko guztiaz gain, zoritxarrez, Urdaibako hezeguneak badauka beste gaitz bat; izan ere, bere inguruko herri guztietan sortzen diren ur zikin guztiak jasotzen ditu, zati handi batean inolako arazketarik gabe. Arazketa sistema egokirik ez izateak eragin nabarmena sortzen du bertako ur eta lurren egoera kimiko txarrean, hainbat azterketa zientifikok frogatzen duten moduan.

Azken hau ekiditeko badago aspalditik ere behar bezalako proiektu bat, saneamendu planerako kolektore edota hoditeria sarea bukatzea, eta hori martxan jartzea litzateke hezeguneen alde egin litekeen apusturik onena; nola ez, hirigintza politika eta baso politika egoki batekin lagundua. Adierazpen instituzionalak sobera daude; hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. Instituzioei eskatzen diet saneamendua burutzea eta oztoporik ez jartzeko eta orain arte emandako hitza betetzea.

Comentarios