Etxebizitza Legea, ate-joka



2014-02-26
Etxebizitza

Etxebizitza Legea, ate-joka


Herritarrei bizitzeko leku duin bat izateko eskubidea aitortuko dien legea eztabaidatzen hasiko dira aurki Eusko Legebiltzarrean; oinarrizko testua EH Bilduk, PSE-EEk eta UPDk onartu dute.
Axpe Kurtzeroko Hiru Etxe  Botatzeko lanak (1999)

Jon Rejado Gasteiz
Etxebizitza politika sozialen ardatzetako bat da. Hala izan da beti. Horri buruzko eztabaidaren jatorria aldatuz joan da egoera ekonomikoaren arabera; etxebizitza duin baterako sarbidea eskatzen hasi, etxe kaleratzeak saihesten amaitu. Ardatza bera da, ordea: etxebizitzarako eskubidea. Eskubide hori paperean egotetik ekintzetara eramateko aldarriari eutsi diote eragile eta herritar askok urtetan. Ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago hori burutan ateratzeko oinarrizko tresnarik. Ez dago etxebizitza legerik.

Gernikako Autonomia Estatutuak eskumen hori aitortu arren, Eusko Legebiltzarrak ez du inoiz garatu, legez. Eta ez da ahalegin faltagatik izan. Azken hamabost urteetan hiru gobernu saiatu dira etxebizitza lege bat onartzen, baina saio guztiak hutsean geratu dira. Indarrean dagoen legealdian azken ahalegina abiarazi dute, eta, aurrekoetan bezala, etxebizitza eskubide subjektibo bihurtu nahi dute.

Eskubide subjektibo izateak orain arte ez duen babesa emango lioke etxebizitza eskubideari. Administrazio publikoak eskubide hori bermatuko ez balio herritar bati, auzi bidez eskatzeko aukera izango luke, baldin eta legeak finkatutako baldintzak betetzen baditu. Hau da, eskubide hori ez da unibertsala, eta legebiltzarrean zehaztuko dute zer baldintza bete beharko diren.

Gizarte Zerbitzuen Legea da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleei eskubide subjektiboak aitortu zizkien azken legea. Gizarte zerbitzuetarako sarbidea eskubide subjektibotzat jo zuen, eta segituan finkatu zuten errolda epearen muga laguntza eta zerbitzu asko jasotzeko. Horrela, eskubide horiek baliatzeko mugak ezarri zituzten, eta muga horiek aldatzeko aukera jarri zuten.

2011n PSE-EEk eta PPk gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzarako betekizunak gogortu zituzten; gutxieneko errolda urte batetik hiru urtera igo zuten, eta etorkin askori ateak itxi zizkieten.

Gobernutik kanpo hasita

Eusko Legebiltzarrean orain eztabaidatuko duten etxebizitza legearen proiektuak aurrekoekin hainbat parekotasun ditu, baita funtsezko ezberdintasun bat ere: oposizioko talde batzuek onartutako egitasmoa da egungoa, gobernuan dagoen alderdiaren asmoen aurka. Eztabaidatuko duten testua, oinarrian, PSE-EEk aurreko legegintzaldian, gobernuan zegoenean, aurkeztu zuen lege egitasmoa da, hain zuzen ere.

Patxi Lopezi lehendakari izaten lagundu zioten egoerek erabat zaildu zuten Eusko Legebiltzarreko gehiengoak gustuko ez zuen lege bat garatzea. 2009an Espainiako Alderdien Legeak EHAK legebiltzarretik kanpo utzi zuen. Horrek lehendakaritzarako ateak ireki zizkion Lopezi, PPren laguntzarekin, baina etxebizitza legea negoziatzeko balizko bidelagun bat gabe geratu zen.

Iñaki Arriolak aurkeztu zuen etxebizitza legeak hainbat neurri zituen, PPk eta EAJk gustuko ez zituztenak; hutsik dauden etxebizitzei kanon bat jartzea, besteak beste. EAJren eta PPren artean 75 legebiltzarkideetatik 43 zituzten; bide laburra zuen proposamen horrek, beraz. Egitasmoa 2012ko hauteskundeak baino lau hilabete lehenago aurkeztu zuen legebiltzarrean, izango zuen bide laburraren erakusgarri.

2012ko hauteskundeen ostean PSE oposiziora itzuli da, baina alderdi guztiak aurkeztu izanak legebiltzarrean utzitako egitura berriak beste aukera bat eman dio Arriolaren lege egitasmoari. Eusko Jaurlaritzak gaiari helduko ez ziola ikusita, 2013ko ekainean Bixen Itxaso PSE-EEko legebiltzarkideak aurkeztu zuen lege proposamena osoko bilkuran.

EAJk eta PPk aurka bozkatu zuten, baina, oraingoan, ez dute gehiengorik. 75 legebiltzarkideetatik 37 dituzte bien artean, eta PSE-EEren, EH Bilduren eta UPD artean lege egitasmoa aintzat hartzeko behar zituzten 38 bozak batu dituzte.

Laugarren ahalegina

2013ko ekainean Eusko Legebiltzarreko bidea hasi duen lege egitasmoa da oposizioko taldeek etxebizitzaren alorrean abiarazi duten lehena. Ordea, aurretik beste hiru saio egin izan dituzte Ardanzaren, Ibarretxeren eta Lopezen gobernuek. Patxi Ormazabalek abiarazi zuen lehen ahalegina 1990eko hamarkadaren bukaeran, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela.

Javier Madrazok irudikatu zuen etxebizitza legearen irizpide nagusiak bateratzeko zailtasuna 2007an. EAJk, EAk eta Ezker Batuak osatutako gobernuaren lehen legegintzaldiko helburutzat zehaztu zuten lege hori. Ordea, lau urteak keinurik ere egin gabe joan zitzaizkion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari. Hirukoaren bigarren legegintzaldira arte ez zituen jakinarazi etxebizitza lege egitasmoaren lehen zertzeladak.

Etxebizitza «eskubide subjektiboa» izango zela iragarri zuten, eta bost urteko epean betearaziko zela. Horrez gain, gerora aski eztabaidatua izan zen neurri bat aurreratu zuen: hutsik zegoen etxe bakoitzeko, egunean bederatzi euroko kanona ezartzea proposatu zuen. Hasierako proposamenak ez zituen bete ez gizarte eragileen ez EAJren nahiak, eta hilabetez hilabete proposamen berriak jakinarazi zituzten.

Madrazori legealdia joan zitzaion, behar besteko babesik lortu gabe. Hauteskundeetarako hiru hilabete falta zirela, Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko asmoa agertu zuen. Ordurako, akordioak lortzeko bidean, hasierako zenbait puntu errotik aldatu zituen, hutsik zeuden etxebizitzen kanona, kasurako.

Etxebizitza eskubide subjektiboa izateko helburua berreskuratu zuen Arriolak, Patxi Lopezen gobernuko Etxebizitza sailburuak. Ordea, araudia zehaztu aurretik Etxebizitzaren Itun Soziala lehenetsi zuen, ondorengo legearen oinarri gisa. Bidean adostasunak lortzeko zailtasunaz ohartu zen Arriola, eta legealdia bukatzeko hilabete eskas falta zela aurkeztu zuen, etxebizitza legeari atea irekitzeko ardura etorkizunerako utzita.

 

Legebiltzar talde bakoitzaren proposamenak

2013ko ekainetik aurrera legebiltzar taldeek aukera izan dute jatorrizko etxebizitza legearen egitasmoari zuzenketak aurkezteko. Honako hauk dira talde bakoitzak egindako proposamen nagusiak. PSE-EEren proposamen nagusiak jatorrizko testuan daude. Hona hemen legearen ardatzak, eta aurkeztu dizkioten zuzenketak, legebiltzarreko talde bakoitzeko kideek laburbilduta.

PSE-EE

Hutsik dauden etxebizitzen kanona. Arrazoirik gabe bi urtez hutsik egon den etxebizitzei metro koadro bakoitzeko hamar euroko kanona ezartzea proposatu du PSE-EEk, Bixen Itxasok azaldutakoaren arabera. Diru hori etxebizitza politikak sustatzeko baliatuko da.

Etxebizitzen nahitaezko desjabetzea. Baldin eta etxebizitza batek funtzio soziala betetzen ez badu. Oso kasu zehatzetan ematen du horretarako aukera. Besteak beste, bankuek agindutako etxe kaleratze batzuetan hiru urterako desjabetzea agin dezake etxebizitza eskubidea bermatzeko, Andaluziako (Espainia) legeak bezala.

Alokairu behartua. Aurreko puntuarekin lotuta, administrazioak hutsik dauden etxebizitzak desjabetu eta alokairuan atera ahalko ditu, gehienez bost urterako.

Alokairua lehenestea. Alokairua lehenestea proposatu du, baina sustapen publikoko etxebizitzen salerosketari ere lekua utzita. Lurzoru urbanizagarrietan, sustapen publikoko etxebizitzak izango dira %75.

EAJ

Etxe hutsen kanona, Batzar Nagusien esku. Jaurlaritzak gai horretan eskumenik ez duela azaldu du Norberto Aldaiturriaga EAJko parlamentariak, eta zergak aldundiek jarri behar dituztela.

Desjabetzeak, azken aukera. PSEren proposamenari baldintza gehiago jartzen dizkio, desjabetu aurretik bide guztiak aztertu direla bermatzeko.

Etxebizitzen birgaitzea. Zuzenketa asko aurkeztu ditu etxebizitza legea egokitzeko Hiri Birgaitzeari, Leheneratzeari eta Berritzeari buruzko Legeari.

Sustapen publikoko lur erreserba. Lurzoru urbanizagarrietan sustapen publikoko etxebizitzak %55era murriztea proposatu du, eta, egoeraren arabera, gehitzea. «Alokairu publikoa sustatu behar badugu, ez du zentzurik sustatzaile pribatuak behartzea salerosketarako etxebizitza babestuak egitera», argudiatu du Aldaiturriagak.

Hiru urteko errolda. Etxebizitza eskubidea izateko, hiru urteko errolda eskatzea proposatu du.

EH BILDU

Sustapen publikoko etxebizitza guztiak, alokairukoak. Diru publikoa pribatizatzeari utzi behar zaiola azaldu du Marian Beitialarrangoitiak. Legea indarrean sartzean, saldu gabeko etxebizitza publikoak alokairuko bihurtuko dira.

Etxe hutsak hiru neurriren bitartez aktibatzea. EH Bilduk hutsik dauden etxebizitzentzat kanon progresiboa proposatu du: lehen urtean, hamar euro egun bakoitzeko; bigarrenean, hamabi; eta hirugarrenean, hamabost. Alokairu behartuak ere proposatu ditu, baita behin-behineko etxegabetzeak ere —finantza erakundeak gogoan—.

Gehienez diru sarreren %30, eta %15 alokairu sozialean. Eskubidea ez zaio egokituko bakarrik oso baliabide gutxi ez dituztenei. «Askotan, egiten dugun etxe beharraren diagnostikoa ez da guztiz zuzena». Kasu bakoitzari dagokion baremoa ezartzeko irizpideak: errenta eta familiako kideak. Errolda ez da nahitaezko baldintza bat, baremazio irizpidea baizik.

Etxebizitza politiken erakunde publikoak bateratzea. Aurreko proposamenak ondo bideratuko badira, EH Bilduk premiazkotzat jo du erakunde publiko bat politikak koordinatzeko.

PP

Etxerako sarbidea izateko eskubidea. Nerea Llanosek aitortu du eskubide subjektiboa izendatzea ez dela izango ekonomikoki bideragarria.

Alokairua lehenestea. Alokairua sustatu behar dela adierazi du Llanosek, baina ez dadila izan formula bakarra.

Ez kanonik, ez desjabetzerik. Zigortu beharrean sustatu egin behar dela adierazi du PPk. «Neurri horien bidez, alor pribatuari ordainarazi nahi diote publikoak egin ez duena».

Etxebizitzen izendapena aldatu ahal izatea. Etxebizitza babestuak merkatu pribatuan saltzea, sustapen publikoko etxebizitzen kopurua gehiegi handitzean, hala erosle berriak aurkitzeko.

UPD

Etxebizitza babestu guztiak, alokairuan. Ekinbide publiko zein pribatuko etxebizitza babestu guztiak alokairuan eskaini beharko dira.

Administrazioak etxebizitzak enkantean eskuratzea. Desjabetzeak egin beharrean, etxe kaleratzeen kasuetan administrazio publikoak etxebizitzen titulartasuna eskuratzea eta maizterrari alokairuan eskaintzea.

Comentarios