63 espezietako 6.029 hegaztiren datuak jaso zituen iaz Urdaibaiko eraztunketa zientifikoaren estazioak


63 espezietako 6.029 hegaztiren datuak jaso zituen iaz Urdaibaiko eraztunketa zientifikoaren estazioak

Irudian, artzandobi bat
Irudian, artzandobi bat



2013an ere eraztunketa zientifikoaren estazioarekin jarraitu du lanean Urdaibai Bird Centerrek. Biosfera Erreserbako hegaztien migrazio, ugalketa eta negu-pasaren jarraipena egitea du helburu estazio horrek, eta iaz , Urdaibaiko habitat desberdinetan banatuta, zortzi estazio egon dira martxan, besteak beste, paduretan, landazabalean eta basoetan. Denetara, 180 eraztunketa saio egin dituzte Gautegiz Arteagako zentroko arduradunek, eta horietan, 63 espezietako 6.029 hegaztiren datuak jaso ahal izan dituzte.

Zehaztu duenez, “jarraitutako ale guztietatik, 4.946 lehenengo aldiz egindako markaketak izan dira, eta 258 aurreko urteetan eraztundutako errekuperazioak edo kontrolak”. Gainera, Europako beste herrialde batzuetako eraztuna zeukaten 25 hegazti ere errekuperatu dituzte, esaterako, Holandako, Erresuma Batuko, Belgikako, Frantziako eta Norvegiakoak. Horrekin batera, hainbat izan dira Urdaibai Bird Centerren eraztunarekin beste herrialde batzuetan errekuperatu dituzten hegaztiak. Horrez guztiak “Europako hegaztien migrazioan eta negu-pasan Urdaibai oso gune garrantzitsua” dela uzten du agerian, Bird Centerren arabera.

Hilez hile

Urdaibain negu pasan zeuden hegaztien jarraipenarekin hasi zuten 2013ko eraztunketa. Urtarrilean eta otsailean zehar Muxikako Urretxindorra eskolako neguko janlekuetako jarraipena egin zuten, eta “aurreko urteetan legez, protagonista nabarmenenak tarinak izan ziren”. Martxoa, apirila eta maiatza bitartean, “espezie askoren eztei aurreko migrazioan”, 2.000tik gora enara arrunt eraztundu zituzten. “Hainbat enarak Europako beste eraztun batzuk zeramatzaten, eta datu oso garrantzitsuak izan dira euren migrazio bideak ezagutzeko”.

Maiatza eta ekaina bitartean, batez ere, habia-kutxen jarraipena eta Barrutibaso eta Gautegiz Arteagako paduretako esfortzu konstanteko EMAN estazioetan jardun zuten. Horrekin batera, Izaro uharteko Lertxun txikien eta kaio hanka-horiaren ugal-koloniaren jarraipena ere egin zuten.

Udaberrian zehar, bestetik, landazabaleko bi espeziekin 2012an hasi zuten geolokalizagailu bidezko jarraipenaren bigarren fasearekin aritu ziren beharrean Urdaibai Bird Centerreko arduradunak, Urdaibaiko enara arruntaren eta antzandobi arruntaren migrazio bideak ezagutzeko asmoarekin. “2012an markatutako hegaztien ugalkera lurralde eta habiak begiratu ostean, iaz jarritako geolokalizagailua zeramaten hainbat ale errekuperatu ditugu. Egun, gailu horietan gorde den bidaiaren informazioa aztertzen ari gara”, azaldu dute.

Abuztuan eta irailean, Atlantic Flyway network proiektuaren baitan, “Bizkaiko Golkoan zeharreko migrazioa aztertzeko asmoz, eraztunketa kanpaina” egin zuten. Kasu horretan, papo-urdina izan zen jarraitutako espeziea.

Comentarios