“Ontziolan lana egon badago, eta lanpostuak sortu gura ditugu”

Andres Zabala eta Floren Urrutia: “Ontziolan lana egon badago, eta lanpostuak sortu gura ditugu”

Andres Zabala eta Floren Urrutia
Andres Zabala eta Floren Urrutia

1943an abiarazi zuen bere jarduna Muruetako ontziolak, eta 200 ontzi inguru egin dituzte. Atunontzietan espezializatuta badaude ere, beste mota batzuetako ontziak ere egiten dituzte. Inoiz 200 langile inguru izan ditu, baina gaur egun 100 langile dauzka enpresak. 2015. urtera arteko lan karga dutela diote; izan ere, bost ontzi egiteko kontratuak dituzte. Hala ere, epe luzerako etorkizuna «kolokan» ikusten dute Muruetako ontziolako enpresa batzordeko Andres Zabalak (Busturia, 1953) eta Floren Urrutiak (Bermeo, 1973). Tax lease sistemaren auziaren arazoari, beste bat gehitu diote: Urdaibaiko itsasadarraren mugen ondorioz ezin dituztela sakonera handiko ontziak egin.
Zelan bizi izan dituzue azkenengo asteak?
Andres Zabala: Txarto, ez baikenuen tamaina horretako arazorik espero. Inbertsoreei 2007tik 2011ra emandako laguntzak eskatzen dizkieten arren, itzuli beharrekoa asko da, eta arazoak hor darrai. Ez genuen espero zigorra horren gogorra izatea, leunagoa baizik. Frantziako ereduarekin jarraituko zutela uste genuen; hau da, aurrerantzean sistema hori debekatuta egongo dela esatea, baina ordura arteko dirurik itzuli behar ez izatea. 2005etik 2007ra emandako laguntzak bueltatu behar ez izatea erabaki duten arren, ontzi gehienak azken urte horietan egin dira.
Muruetan egindako zenbat ontziri eragingo die neurriak?
Zabala: 14 edo 15 ontzi dira hemen egindakoak. Ontziolek, baina, ez dugu etekinik atera sistema horretatik, lana bermatu besterik ez digu egin.
Espainiako Gobernuak Tax lease sistemaren inguruan Europako Batzordeak joan den astean hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztea erabaki du. Zer deritzozue?
Floren Urrutia: Gure ustez, horrek ez digu onik egingo. Prozesua asko luzatuko du eta erabakia hartu bitartean inbertsoreek atzera egin dezakete. Gu, zorionez, atunontzietan espezializatuta gaude, eta horiek ez dute tax lease sistema bidezko laguntzarik izan. Sistema hori kargaontzietan aplikatu izan da.
Inbertsoreek ordaintzea erabaki duten arren, ontzioletan eragina izango al du horrek?
Urrutia: Noski, eragin zuzen-zuzena. Inbertsoreak zain izango dira, ez dute jakingo etorri edo ez. Auziak guztiz konponduta egon beharko du inbertsoreak etortzeko, zalantzarik badute, ez dira etortzen ausartuko. Gure enpresak merkatu barriak aurkitzeko lan asko egin du, ontzi desbardinak egiteko aukera bila ibili gara handik eta hemendik; eta orain Europak hartutako erabakia etorri da, gure kalterako.
Lan kargarik ba al duzue?
Urrutia: Zorionez, bost atunontzi egiteko kontratuak ditugu,eta horrek 2015era arteko lana bermatzen digu. Arazoa, baina, luzerako izan daiteke, eta espero dugu lehenago konpontzea.
Norbaitek etekinik aterako al du?
Urrutia: Herbeheretako ontziolak izan dira salaketa ipini dutenak. Bertoko ontziolak beraiek ordura arte egiten zituzten ontziekin lan egiten hasi direla konturatu direnean ipini dute salaketa.
Zabala: Orain dela lau urte hasi ginen gu dragak egiten, gure merkatua atunontzietan zegoen arren. Orain, barriz, beste ontziola batzuetan ere atunontziak egiten dituzte. Azkenean, gure artean liskarrak sortzen dira. Lehen, barriz, ontziola bakoitzak espezializazio bat zuen.
Muruetako ontziolaren beste oztopo bat Urdaibaiko itsasadarra da.
Urrutia: Tax lease-arekin sortu den arazoaz gain, Urdaibaik beste arazo bat du: itsasadarra dugula hemen bertan. Zorionez, Erandion beste tailer bat dugu. Ontzi gehienak gaur egun han egiten ditugu, atunontziek behar duten sakoneragatik eta neurriagatik hemendik ezin direlako atera. Enplegu lokalari bultzada eman gura diogu, eta zelan egingo dugu gure ontzi gehienak Erandion egin behar baditugu? Azkenean ekoizpen gehiena han badago, bertako langileak kontratatzen dituzte. Guk Muruetakoari eman gura diogu bultzada.
Zabala: Bermeoko atunontziak ezin ditugu hemen egin, sakonera handikoak direlako. Ontziaren kroskoa hemen egiten dugu, baina gero Erandiora eroan beharra daukagu. Orain, tax-lease sistema dela eta, merkantzia-ontziak ere ezin ditugu egin; beraz, beste arazo bat etorri zaigu gainera.
Urrutia: Muruetako ontziolan ontzi bat egiteak 18 hilabeterako lana bermatzen du. Gure langileez gain, azpikontratazioa beharrezkoa litzateke. Askotan kanpotik datoz, eta horiek ere hemen dirua uzten dute; inguruan lo egiten dute, bazkaldu… Eskualdeko gazteek ere aukera gehiago izango lituzkete, eta Busturialdean lanpostuak behar dira. Egin behar ditugun bost atunontzietako bi Muruetan egingo bagenitu, 300 lanpostu inguru sortuko lirateke. Lana egon badago, eta ez dakit zergatik oztopatu gura duten. Bestalde, aipatzekoa da ontziola honetan praktikak egiten izaten diren gazte guztiak. Asko gurekin geratu izan dira lanean, beste batzuek, ordea, ontzia Erandion egiten ari zirela-eta ez dira gelditu. Muruetan lana sortzen ez bada, eskualdeko lanpostuak galtzeko arriskua ere badago.
Ontzigintza sektoretik harago doazen arazoak ere badaude, hortaz.
Zabala: Bai. Hemen, adibidez, Urdaibaiko itsasadarrean dragatze lanak egitea beharrezkoa litzateke. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari edota gune honetan eskumena duten erakundeei lan horiek egin ahal izateko diru laguntzak eskatzen dizkiegu. Baina, Biosfera Erreserba batean gaude eta horrek oztopo gehiago sortzen ditu. Muruetako ontziolak ez ditu ateak zarratuko lan faltagatik, baizik eta itsasadarrak sortzen dizkigun arazoengatik. Guk hemen egin gura dugu lan, lana badagoelako.
Urrutia: Hemen lana badaukagu, zuzendari bikaina dugu. Lana bilatzen fina da, eta arazoa hemen beste hori da. Eskualderako industria politika bat beharrezkoa da.
Asko aipatu da azken asteetan berrikuntza hitza. Zer deritzozue?
Urrutia: Aurreratuta ez dauden produktuak direla entzun izan dugu. Ez da horrela, gure ontziak ez dira arrautza-oskolak, teknologikoki prestatu daude eta produktu oso aurreratua da gurea. Muruetako ontziola atunontziak egiten lehena da munduan. Beti gaude berrikuntzan pentsatzen, ea gurea zelan hobetu litekeen. Lan egiteko gogoa daukagu.
Muruetako ontziolak zelako etorkizuna du epe luzera begira?
Zabala: Oso etorkizun zaila du. Baina, berriro diot, ez dela lan faltagatik izango. Tailer honek dituen arazoak ez daude gure esku, baina enpresariek erraztasunak bilatzen dituzte, hemen ez ditugunak. Dragatzea beharrezkoa da. Orokorrean, Busturialdea ahaztuta dute, eta kasu honetan Muruetan badaude aukerak.
Urrutia: Ez dugu negarrik egiten,  Muruetako ontziolaren aukerak baino ez ditugu azaltzen. Hemen lana badago eta lanpostu asko sor ditzakegu, eta hori da behar dena. Enpresa hau zarratzen bada, zer dago Busturialdean? Muruetakoa familia enpresa da eta honi eutsi gura diogu. Hau da sorburua, ez Erandio, hori ere ondo dagoen arren. Munduan, baina, Murueta da marka.
Tax lease sistemaren inguruan Europako Batzordeak joan den astean hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztea erabaki du Espainiako Gobernuak. Erabaki horretaz mintzatu da gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio ontzigintza sektorearen aginduak kontuan izan ditzaten errekurtsoa ipintzerako orduan. “Sektorekoek uste badute errekurtsoa ipintzeak ez duela ondorio onik ekarriko eta ziurgabetasuna luzatuko badu, egoera oraindik ere txarragora eginda, horiei kasu egin beharko liokete”, azaldu du.
Jose Manuel Soria Industria ministroak ontzigintza sektoreko eragileekin bildu zen herenegun, eta bilera horretan ez zen Iñigo Urkullu lehendaria izan, “agenda kontuengatik”, esan du Erkorekak: “Bilera egiteko beste hiru egun ezberdin eskaini zuen lehendakariak baina Soriak egun horretarako uztea erabaki zuen”. Era berean, Urkulluk eta Soriak telefonoz berba egin zutela adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak eta “Espianiak errekurtsoa ipintzearen erabakiaz Jaurlaritzak duen jarrera helarazi zion”.

Comentarios