Busturiko Altamira auzoko negutegirako erabilerak aztertzen ari dira

Busturiko Altamira auzoko negutegirako erabilerak aztertzen ari dira

Busturiko Altamira auzoan aspaldidanik utzita egon den negutegia auzolanean konpondu dute busturiarrek. Halanda be, Jone Arrasate Busturiko zinegotziak azaldu duenez, «oraindik ez dakigu zelako erabilera emongo diogun». Era berean, Busturiko tomate pikoluzea berreskuratu eta bultzatu gura dutela eta, horretara bideratu dezaketela aipatu du.
Hainbat urtetan inork erabili barik egon den Altamirako negutegia «guztiz hondatuta» zegoen, «utzita eta plastiko guztia zulatuta». Busturiar talde bat bilduta, auzolana eginez, konpontze lanak «ia amaituta» daudela esan du Arrasatek, «15 lagun inguru ibili gara horretan». Joan den asteburuan Busturian egon ziren agroekologiari buruzko jardunaldiei begira hasi ziren negutegia konpontzen.
Konpontze lanak ia amaituta badaude be, Arrasatek azaldu legez oraindik ez dakite zertara bideratuko duten, baina Busturiko tipikoa den tomate pikoluzea berreskuratzeko lanetan dabiltzatela-eta, horretarako erabil dezaketela aipatu du, «tomate mota hori apur bat galduta dago eta bultzada emon gura diogu». Argi dutena da, «produktu ekologikoak» bultzatuko dituztela horretan.
Buruan duten beste ideietako bat langabezian dagoen baten bati negutegia erabiltzeko aukera emotea dela jakinarazi du, «mantenu lanak egitea ahalbidetuko luke horrek». Herriko ikasleek be Eskola Agenda 21erako erabil dezaketela be esan du.

Comentarios