Sukarrietako udalekuen babespeko izendapena baliogabetu du Justizia Auzitegi Nagusiak

Sukarrietako udalekuen babespeko izendapena baliogabetu du Justizia Auzitegi Nagusiak

OLYMPUS DIGITAL CAMERASukarrietako udalekuak Babesturiko Kultur Ondarea izendatzeko jaurlaritzak emon zuen agindua baliogabetu du Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hala, izendapen horri Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sukarrietako Udalak jarritako helegiteak onartu eta arrazoia emon die auzitegiak bi erakunde horiei.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2011ko martxoaren 28an emon zuen Sukarrietako Begoñako Ama udalekuen eraikina Babesturiko Kultur Ondarea izendatzeko agindua. Aldundiak eta Sukarrietako Udalak, baina, prozedura hori iraungita dagoela argudiatuta ipini zuten helegitea Justizia Auzitegi Nagusian. Epaileak helegite hori onartu du, eta Eusko Jaurlaritzak orain hamar eguneko epea izango du erabaki horri helegitea jartzeko. Administrazio Auzitegi Gorenean egin beharko du hori.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, Patxi Lopezen gobernuak Guggenheim Museoaren proiektua oztopatzeko hartu zuen udalekua babesteko erabakia. Era berean, orain izendapena baliogabetu duen Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak berak babespeko izendapenaren alde agertu zen 2011ko uztailean, eta espedientea iraungita dagoenik frogatzerik ez zegoela ebatzi zuen epaitegiak orduko hartan. Interes publikoak barik, Guggenheim Patronatuak “interes pribatuak” ordezkatzen dituela argudiatu zuen Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak 2011. urtean, eta Eusko Jaurlaritzaren agindua interes orokorrak babestera zetorrela.

Comentarios