AHT 2018a baino beranduago jarriko da martxan

AHT 2018a baino beranduago jarriko da martxan

ARGIA

2013-02-14 

Gipuzkoako lanak aurreratuago doaz Araba eta Bizkaikoak baino (Argazkia: Eusko Jaurlaritza)

Abiadura Handiko Trena (AHT) gutxienez 2018ra arte ez dela martxan izango adierazi du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. Gipuzkoako zatia 2016rako prest izango dela dio, baina Bizkaiko eta Arabako lanak atzerapen handiarekin doazela gaineratu du.
Ingurumen Sailaren lan ildoen berri eman zuen atzo Oregik Eusko Legebiltzarrean. AHTri dagokionez, azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Gipuzkoako zatiko obra zibilak 2016rako amaituko dituztela, beharrezkoa izango den arren ondoren beste lan batzuk egitea, trenbideak egokitzea, esaterako.
Bizkaiko eta Arabako zatiak Espainiako Gobernuak kudeatzen ditu, eta hari egotzi dio Oregik obren atzerapena. Espainiako zein Frantziako gobernuei eskatu die euren konpromisoei heltzeko, "2019 edo 2020rako Lisboa-Madril-Hendaia-Paris linearekin gozatzeko aukera izan dadin".
Pasaiako portua eta Donostialdeko metroa
Beste hainbat azpiegiturari buruz ere hitz egin zuen atzo Oregik. Pasaiako kanpo portuaren aurkako jarrera berretsi eta lehentasuna badia "biziberritzeak" duela esan zuen. Bestalde, gaur gaurkoz Donostialdeko Metroaren proiektua bideraezina dela gehitu zuen.
Ikusi albiste hau ondorengo hedabideetan: Berria | EiTB | El Correo

Comentarios