Padurak berreskuratzea, uxolei aurre egiteko bide on bat


Heldu da negua, eta berarekin batera euria eta uxolak. Urteroko kontua da, nahiz eta aurten egoerak itxura txarragoa hartu duen. Argazkietan ikusi besterik ez dago zelako momentu eskasak pasatu dituzten Errenteria auzokoek. Urak gainez egin du auzo horretan eta baita inguruko lurretan eta Alleriko paduran ere.
Imajinatzen duzue eremu horretan 500 etxe eraiki izan balira, gaur egun zelako arazoak edukiko genituzkeen?

Honen aurrean, Ondarroako Eguzkik hauxe eskatzen du:
  • - Padura berreskuratzea kontu estrategiko bat izan behar da Ondarroarentzat. Hau da, padurari urteetan zehar kendu zaizkion lurrak padurari bueltatu behar zaizkio. Horretarako, lur asko kendu eta ur filtrazioak egin behar dira. Errekari behar duen espazioa eman behar zaio, gainez egin dezan.
  • - Uxolen arazoa ez da egun batetik desagertuko eta, agian, handitzen ere joan ahal da, arrazoi desberdinengatik: azken urteetan Ondarroan egin diren obrek erreka estutu egin dute (Nasa Kalea, Kafe Atzea…). Eta aditu askok diotenez, itsasoaren mailak gora egingo du hurrengo urteetan. Horren aurrean, padura berreskuratzea da egin dezakegun onena.
  • - Zorionez Alleriko 500 etxeak gelditu egin genituen. Herritarron salaketari esker, epaileek etxe horiek ilegalak zirela esan zuten. Imajinatzen dituzue 500 etxe urak gainez egiten duen eremu horretan?
  • - Epaileak etxeak ilegalak zirela esan zuen, eta Ondarroako Udalak bertan behera laga du proiektua abenduan. Eremu hori ezin zela hiri lur izan ere esan zuen epaileak, baina Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du leku horren izendapena aldatu. Argi ikusten dugu Alleriko eremua landa eremu lez gorde behar dela, eta padura berreskuratu behar dela. Etorkizunean eremu horretan etxeak egin nahi izatea zorakeria bat dela iruditzen zaigu. Beraz, Foru aldundiari eskatzen diogu alda dezala ahalik eta arinen eremu horren izendapena, eta landa eremu bihur dezala.
Padura berreskuratu eta zaintzea etorkizuneko inbertsio bat da, estrategikoa Ondarroarentzat!
P1050153
P1050158
P1050165

Comentarios