Mundakako Larrinaga Jauregia, isiltasun administratibo “arriskutsua”



Mundakako Larrinaga Jauregia, isiltasun administratibo “arriskutsua”
Zain Dezagun Urdaibai Taldeak Mundakako Larrinaga Jauregiak erakusten duen egoera “arriskutsua” salatu nahi du, enegarren aldiz. Ondare historiko-kulturala zaintzearen ardura duen Mundakako Udalak erantzukizunak eskatu beharko lizkioke eraikinaren jabetza duen Umpro enpresari. Mundakako Udalak 2010 urtean, Zain Dezagun Urdaibairen eskariari jarraiki, segurtasun eta mantenu neurriak hartzeko exijitu zien aurreko jabeei, herriko bi enpresa eraikitzaileei, udal aginte baten bidez. Geroago, Umpro enpresak hotel bat eraikitzeko asmotan erosi zuen 2011n, hala ere, bi urteren buruan ez dira neurriok hartu eta eraikina egoera lazgarrian dago.


Mutiko baten istripua San Pedro Jaietan
Izan ere, iragan Mundakako San Pedro Jaietan 12 urteko mutiko batek istripu larria jasan zuen eraikinean bertan Jauregiko esparruan lagun koadrilarekin sartu eta gero. Bost metrotako altuerako zulo batera amildu zen K.R. mutikoa, bertara olgetan sartu eta gero. Zauriak jasan ditu belaunean eta bertaratutako testiguen arabera, “mirariz ez da bertan hil”. Autobus geltokitik oso gertu dagoen eraikinak ez ditu betetzen segurtasun baldintza minimoak. Oso erraz sartu daiteke bertan, eta gazteak zein edozein herritar bertara sartuz gero, erortzeko edo istripu bat jasateko arriskua dute.
2010. urtean Mundakako Udalak eraikinaren oinarrizko mantenua egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzera behartu zituen Goiko kalean dagoen XIX. mendeko jauregiko jabeak. Agindu horren bitartez, Udalak eraikinaren babesa bermatu gura zuen. Izan ere, Larrinaga jauregiak estilo errenazentista du eta udalerriko araudi urbanistikoak babesten du. Orduan eraikina hondatuta zegoen, bi urteren buruan antzeko egoeran dagoela salatu nahi dugu. Ordutik hona, ez udalak ez jabetza izan duten enpresa ezberdinek ez dute ezer egin egoera konpontze aldera. Gure ustez, erantzukizun subsidiarioa Mundakako Udalarena da, izan ere, enpresek ez badute ezer egiten berak hartu beharko bailuke obren kargu eta gero enpresei fakturatu lanen kostua.
Zain Dezagun Urdaibai Taldeak behingoz neurriak hartzeko eskatu nahi dio Mundakako Udalari gertatu daitezkeen istripuak larriagotu baino lehen. Honez gain, herritarren eta ondare kulturalaren defentsan beharrezkoak liratekeen mobilizazio eta ekintzak egingo ditugu.
Z.D.U.

Comentarios