Guggenheim: batzuen burutazio ilun eta espekulatzailerik, ez.


GEURE DIRU PUBLIKOAK HERRIAK BEHAR DITUEN INBERTSIO PRODUKTIBO ETA SOZIALETARAKO NAHI DITUGU.

Guggenheim: batzuen burutazio ilun eta espekulatzailerik, ez.



2008ko ekainetik hona Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak Busturialdeak aspaldi denik dakarren gainbehera sozioekonomikoari aurre egiteko, ez du beste irtenbiderik ikusten Guggenheim museo-frankizia Sukarrietara ekartzea baino.
Bilboko Guggenheim frankizia 2014an amaitzen dela eta,Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k, Iberdrolak, BBVAk eta Arcelor Mittalek, beraien kabuz, frankiziarekin jarraitzea erabaki zuten Sukarrietako BBKren Egoitzara zabalduz.
Erabaki honen aurrean eta eskualdeko egoera ikusiz, “BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” ekimeneko eragileek Ahaldun Nagusiari bilera eskatu genion 2010ko martxoan. Urte bereko maiatzean Jai Alai frontoian gurekin bilduko zela agindu zuen.Hilabete geroago ere, eta Batzar Nagusien atarian berdin esan zuen. Urte bi igaro dira, eta ez da gurekin bildu, ez du, beraz, bere hitza bete.
Orain, ostera, sasi inkestekin, eurek nahi duten erantzunak jasoz, manipulazio osoz, hauteskunde batzuen atarian, berriro ere, saldu edota inposatu nahi digute produktua.
Ideia berdinarekin jarraitzen dute: 133 milioi euro kostatuko ei zaigula, eta urteroko aurrekontuetako %63a (4.305.180 euro) geure diru laguntzekin ordainduko dugula. Artez eta naturaz jantzi gura dituzte helburu ezkutu edota espekulatzaileak, baina horien finantziazioa herritarroi inposatuta.
Ondo dakite proiektu hori defizitarioa dela. Ondo dakite erabaki horren gastu izugarriak zergak ordaintzen ditugunok pairatu beharko ditugula, eta, hori agintariak zerbitzu eta gastu sozialak zeharo murrizten dituzten bitartean. Geure lepoen gainetik eta geure kontura horrelako erabakiak hartzea herritarron adimena iraintzea da.
Handikeri gehiagorik ez. Geure bizi baldintzak ezin dira gehiago murriztu.
Inbertituko diren 133 milioi euro horiek inbertsio produktibo eta sozialetan erabiltzea eskatzen dugu: BIDERKATU 1.SEKTOREKO LANPOSTUAK, EGOKITU GERNIKA-LUMOKO INDUSTRIARAKO 20 HA., OHEDUN OSPITALEA, I+D+I JARDUERA GUZTIETAN, BIKOIZTU TRENBIDEA, KULTURA DINAMIKA, INGURUMEN INSTITUTOA, ITSAS ADARREKO ENERGIA BERRIZTAGARRIA, BASO KUDEAKETA SENTSUDUNA, …

ERABAKIAK DENON ARTEAN. IRUZUR GEHIAGORIK EZ!

(Gernika-Lumon, 2012-05-30)

Comentarios