jueves, 13 de octubre de 2011

Gernika-Lumo 1937-2037

Tribuna Abierta

Gernika-Lumo 1937-2037

Xabier Arana Eiguren, * Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako zuzendari ohia - Jueves, 13 de Octubre de 2011 -


GERNIKA-LUMO marka daroaten lau gertaera izan dira nagusi gure historian: lehena, Bizkaiko Batzar Nagusiak Lumon kokatzea (gero, Euskadiko Erkidego Autonomoko Estatutua Gernika izenari lotuta agertzea ekarri du); bigarrena, Gernikak, hiribilduaren Carta Puebla delakoa eskuratu izana; hirugarrena, Lumoko elizatea eta Gernikako hiribildua batzea; azkena, Gernika-Lumoren bonbardaketa 1937an, Picassoren Guernica margolana ikono nagusia delarik. Amaitzeko, eta gaurkotasunean islatzen ari dena, iaz sinatu zen Gernika Akordioa, historian sartzeko hautagai ondo kokatua delarik.

Den denak izan(go) dira garrantzitsuak gure historian, baina azken hamarkadetan gure herriaren narrazioan eta memoria berreraikian bonbardaketak izan du pisu nabarmena. Alde batetik, trauma kolektiboaren liseriketa amaitu barik dago-eta; bestetik, herri birrindua fisikoki berriztua behar izan zelako; gainera, oraindino memoriaren ariketa 1937ko apirilaren 26an ainguratuta baitago. 1937-1987ko ekitaldien erdian ere pentsamendu bera neukan: "ondo dago memoria osoa berreskuratzea eta egia, letra larriz, denen artean osatzea, baina 50 urte (orain 75) urte daroaguz historia tragikoa birkontatzen, berridazten eta dokumentatzen. Lan bikaina da, baina ez nahikoa".

Badatoz bonbardaketaren 75. urteurrenaren ekitaldiak, diskurtsoak eta programazio ludikoak. Gernika eta beste herriak txikitu izana Euskal Herrian, anekdota tragiko modura (bonbak eta hildakoak) gogoratuko den susmoa dut. Testuingurua diluitu egingo da berriro: altxamendu militar odoltsua, ia aipatu gabe zokoratuko da, errudunak faxista italiarrak eta nazi alemaniarrak bailiran (egile bai, baina Mugimendu Nazionalaren gidaritzapean). Ondorio ankerrak ez dira plazaratuko, gidoietatik kanpora geratuko dira, ekitaldiak sanoak izan daitezen: bonbardaketa ostean izan zen gernikarren erbesteratzea, pertsonenganako indarkeri fisikoa (fusilatu, bortxaketa, kartzelaratzeak); ondasunen lapurtzea; gudako esklaboak (morroi lanetan hildako guztiak -ehunka- gure eskualdean); 40 urteko diktadura frankista; euskal nahiaren eta kulturaren zokoratzea. Azken hamarkadak hurrengorako utziko dira, zama gehiegi ez hartzeko gure kontzien-tziaren gainean eta gure (ez-)gaitasun intelektualaren lumapean: 35 urteko trantsizio amaigabea; bake bidearen krudelkeria, indarkeri adierazpenen artean; demokrazia barruntatzen, partaidetza herriari eskaini beharrean; gure historiaren haria berreskuratzeko, berreraikitzeko, birgaitzeko, lehengoratzeko, ahaleginetan.

Bitartean, 2012an, gazteak Paselekuan ikusiko ditugu, ekitaldi eta ekitaldi artean, banku bateko goiko aldean pipak jaten, irudikatu ezin duten etorkizunari begira. Egun historiko horietan emakumeak eguneroko errealitate latzean murgilduta biziko dira, desberdintasunari aurre egiten, lana bila-tzen, bizimodu autonomoa desiratzen, borrokatzen.

Ekitaldiz blai datorren urtean, gizon gazteak, 40, 50 eta 60 urtetik gorakoak ere, langabeziaren drama astuna eutsi ezinik izango dira, ezintasunean, berriro ere atzerrira joatearen aukera aztertzen. Umeak, Kulturaren Hiria izeneko jolasarekin kalerik kale (liburutegi berria aurkitzen duena, txapeldun!). Eta adineko jendea, 1937ko protagonista nahigabeak eta memoria bizia, mikrofonoak eta kamarak bilatzen/saihesten ibiliko dira, parke jurasikoko altxor balio-tsuenak baliran, politikoz eta turista morbosoez inguratuta. Azkenik, gehienok trauma historikoari kateatuta jarraitzeko arriskua dugu egun horietan, korapiloa askatu ezinik, justiziaren eta erreparazioaren esperoan. Nostalgikoenak, gainera, Nafarroako Erreinuaren subiranotasunaren galera (konkista, besteentzat) izango dute gogoan, azken euskal lurralde askea galdu zen efemeridea gogoratzeko eta gaurkotzeko.

Gernika-Lumok haratago joan behar du. Izan ere, gertakarietan eraiki behar du memoria osoa eta osasuntsua, oraina mamurtu behar du erronkak zeintzuk diren ikustarazteko eta geroa landu behar du gaurtik, biharko laga barik egin beharreko etxeko-lana. 1937ko egun negargarriak, frankismoak, azken hamarkada istilutsuak eta gatazka odoltsuak, 35 urteko demokrazia instituzional berriak, lehen sektorearen eta industriaren gainbeherak, irailak 11ko dorre bikien erortzeak, besteak beste, denak markatu gaitu eta gure Herriaren eta munduaren ikuspegia, kosmologia, moldatu du. Hala ere, berriro diot, mundu mailan gertatzen ari diren aldaketa globalak, jarduera sozio-ekonomikoaren gainbeherak Gernika-Lumon, bizitzarako kalitateko espazioak egokitzeak eta, gainera, sormenerako espazio anitz eta sendoak eskura izateak, erantzun kolektibo zabala eta erraldoia eskatzen du. 1937ko urteurrena gogoan izan dezagun, Gernika-Lumok 2037ari begira egin behar duen bidea pentsatzen eta prestatzen dugun bitartean.