Busturia hobetzeko 60 proposamen ingururen barri emon du Zain Dezagun Urdaibaik

Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistak Busturiko garapen jasangarria bultzatzeko 60 proposamen ingururen barri emon du. Elkartetik jakinarazi dutenez, «Tokiko Agenda 21a oinarrizko tresna da ingurumen arloan eta herri mugimenduan aurrerapausoak emoteko». Hala, ezinbesteko tresna dela iritzita, Agenda 21a gauzatzeko «pausoak emotea» eskatu du.
Zain Dezagun Urdaibaikoek azaldu dutenez, 2007an EAJk egin zuen ingurumen diagnosiagaz bat datoz, baina jarduera jasangarrien programa ez dute bidezko ikusten. Horregatik, udalak plana «barriro aztertzea» gura dute elkartekoek.
Jasangarritasuna bilatzen duen benetako plan batek ordezkari politikoen eta teknikoen konpromisoa behar duela deritzote Zain Dezagun Urdaibaikoek. Izan be, horrela bakarrik eroan daitezke aurrera planak zehazten dituen proiektuak.
Bestalde, herritarrek jasangarritasuna sustatzeko planari oniritzia emon ostean, Agenda 21ean aurrerapausoak emon beharko lirateke, elkartekoen ustez. Horrela, adostutako konpromisoak martxan jartzeko aitzakiarik ez litzateke egongo, herri jasangarri bat eraikitzeko.
Proposamenak:
Busturia osorako:
  • Hazkunde urbanistikoa geratu hutsik dauden etxebizitzen kopurua bajatu arte.
  • Herri ortu ekologikoak sustatzea ingurumen hezkuntzan aurrerapausoak emoteko.
  • Udal beharginek egindako inausketak geratu, txarto egindakoak direlako.
  • Herriko lorezaintza eredua aldatzea, bertoko espezieak lehenetsiz.
  • Herbiziden eta kimika bidez sortutako produktu sintetikoen erabilera galarazi.
  • Pausoak emon zabor bilketa selektiboaren alde .
  • Energia erabileraren eredua aldatu, ingurumena kaltetzen ez duten neurriak hartuz.
  • Uraren erabilera egokia egiteko neurriak hartu, legez kanpoko isurketak eta lurrazpiko uren kutsaketa ekiditeko.
  • Ondare naturala mantentzeko lanak egitea eta ingurumena leheneratzea, paduran, kantauriar landazabalean, eta kantauriar artadietan.
  • Nekazaritza ekologikoa eta jasangarria bultzatzea.
  • Bertoko nekazaritza ustiategiak sustatzea herritarren artean, herriko produktuen merkatu bat bultzatuz.
  • Kanpoko espeizeen landaketa galarazi (Adibidez: eukaliptoa).
  • Herria transgenikorik gabeko gunea izendatu.
  • Herritarren parte hartzea bultzatzeko neurriak hartu, erabakietan eragiteko.
  • Administrazio prozedura aldatu, herritarrek proiektu zehatzen berri izateko.
  • Aurrekontuak adosteko prozesua aldatzea, herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten.
  • Erabaki guneen gardentasuna sustatu.
  • Udaleko eraikinen ikuskaritza egin, energia kontsumoa gutxitzeko.
  • Lan batzordeak martxan jartzea, herritarren parte hartzea sustatzeko.
  • Proposamenen zerrenda eztabaidatzea auzolana bultzatzeko.

Artadi-santarena
  • Padurara ur zikinak isurtzea ekidin, inguruko etxebizitzetan egokitzapenak eginez.
  • Santimamiñe puntako pribatizazioa ekidin. Bidezidor bat egin legez kanpoko hesiak kenduz.
  • Zonaldearen egoera aztertu, legez kanpoko Sandineriko hondartzatik area heltzen delako barnealdera.
  • Herriaren kultura eta etnografia oinarritzat hartuz, proiektu turistikoak bultzatzu.

Atxondo-kurtzio
  • Axpeko eliza inguruan dagoen ondarea babestu: Aingerubide ariztia, Sanpedro Koba, Morizulo…
  • Legez kanpoko obrak ekiditeko neurriak hartu.
  • Amunategi erreka eta Axpe erreka leheneratu.
  • Etxebizitza zaharkituak eraitsi eta barriz eraikitzeko neurri egokiak hartu.
  • Chiton eraikina egokitu, udal apartamenduak jartzeko.

San Kristobal
  • San Kristobal auzoan plan berezi bat aurrera eroan, irisgarritasun, errepide eta uholde arazoak ekiditeko.
  • Erreka inguruak lurzoru ez eraikigarria izendatu.
  • Sakonetako Artisautza Industrigunearen proiektua barriz aztertu.
  • Eskibilleko paduran eraikitzeko asmoa baztertu.
  • San Kristobaleko paduraren proiektua berreskuratu.

Ibarreta
  • San Antonio de Abinagako bidegorria eta parkeak arautzeko plana adostu.
  • San Antonioko eta Sandineriko hondartzak lehenaratu.
  • Ibarretan trenbide lurperatzeko proiektua, eta Iturriondoko zeharbidea kentzeko proiektua eztabaidatu.
  • Sukarrietako umeentzako kolonia babestu, bertako azpiegiturak inguruko herritarrei zabalduz.
  • Urkitzepeko eta Urkizuriko amarralekuetan ontziekin dauden arazoak konpondu, eskualde mailako plana gauzatuz.
  • Ispilluetako etxebizitzen proiektuan etxebizitza sozialak lehenetsi.
  • Bekoerrota lurzoru ez eraikigarria izendatu, babestutako ingurumen gunea delako.
  • Ispilluetako gaztanadia babestu.
  • Eraikin eta lur zaharkituak berrerabili.
  • Inguruko landarediarentzako eta animalientzako onurgarria den nekazaritza jarduna sustatu.
  • Bekoerrotako eta Urkitzepeko sarrerako padurak leheneratzeko proiektua aurrera eroan.
San Bartolome
  • Arrionako etxebizitza proiektuan, etxebizitza sozialak eraiki.
  • Hesiak jartzeko araudia betearazi, eta landareekin egindako hesiak lehenetsi.
  • Madariaga Dorretxeko lurrak hegaztientzako gune babestu izendatu.
  • Madariaga Dorretxean egindako obrak arautu.
  • Lekosais, Biezko, Angiz eta Enderikako mahastiak leheneratu.
Altamira
  • Agarre baserriko proiektua berreskuratu, eta etxebizitza sozialak egin bertan.
  • Busturiko eraikin babestuen zerrenda onartu.
  • Txirapozu jauregian Jose Maria Uzelairen lanak batuko dituen museoa egin.
  • Karabizuriko harrobia leheneratu.

Comentarios