Kostaldea, garapenaren hankapean

2011-06-29

Kostaldea, garapenaren hankapean

Besteak beste, Pasaia, Muskiz-Zierbena eta Urdaibairi eman die Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltza

Iñaki Petxarroman Donostia

Arena hondartzan Bilboko porturako egiten ari diren dragatze lanei ere bandera beltza eman diete. / M.RAMIREZ / ARP

Ekologistak Martxan elkarteak gogor kritikatu du agintariek kostaldea kudeatzeko duten modua: «Garapen sozioekonomikoa kontuan hartzen dute bakarrik, natur baliabideen eta bioaniztasunaren galerari erreparatu gabe». Urtero egiten du Bandera Beltzak txostena Ekologistak Martxan-ek, eta aurten abisu hau eman du: Espainiako Kosta Legea deuseztatu egin nahi dute, herritarren gozamenerako gune izan beharrean, kostaldea esparru ekonomiko hutsa izan dadin.

Bost arazo aipatu dituzte nagusiki, kostaldea zergatik ari den hondatzen ulertzeko: hirigintza presioa, hondakin isurketa, industria kutsadura, portuak eta bestelako lanak.

Bizkaian eta Gipuzkoan, azken urteotan bezala, Pasaian eta Muskiz-Zierbena inguruan dagoen egoeraz ohartarazi dute.

1. Hirigintza proiektuak

Bizkaian eta Gipuzkoan dauden hainbat hirigintza proiektu gaitzetsi ditu Ekologistak Martxan-ek txostenean. Muskizen eta Zierbenan Arenako hirigintza plana aipatu du, adibide moduan. 19.000 metro koadroko eremuan, 64 etxebizitza eta 60 txalet egin nahi dituzte Arenako hondartzaren ondoan eta Barbadunen itsasadarrean. Apirilean Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Muskizko Udalak proiektua aurrera eramateko egindako lurren kalifikazioaren aldaketa. Gainera, urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak proiektuaren zati bat baliogabetu zuen, ondoko oleobidearen segurtasun eremua ez errespetatzeagatik. Hala ere, udalek proiektuarekin aurrera segitu nahi dutela salatu dute txostenean.

Txostenak Gipuzkoako hirigintza proiektu bati ere eman dio bandera beltza: Orioko Muntoko hirigintza planari. Proiektuak gauzatzen ari direla salatu dute ekologistek, nahiz eta prozedura judizialetan planaren hainbat proiektu legez kanpokotzat jo dituzten. «Baina prozedura judizialak lanen atzetik doaz etengabe». Muntoko arloko plana uholde gunean dago, eta Kosta Legeak eraikitzea debekatutako gunean.

2. Isuriak eta araztegiak

Uretara botatzen diren isuriek eta hondakin uren pilatzeak uren kalitatean ondorio larria dutela ohartarazi dute ekologistek txostenean. Urdaibain duten egoeraz ohartarazi dute, esate baterako. Han Okaren arroan hirietako hondakin urak eta industriaren isuriak arazteko sistemarik oraindik ez dagoela salatu du. 2003an Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak hondakin urak arazteko plana hitzartu zuten. Guztira, 35 milioi euro inbertitzea zen asmoa, baina oraindik zazpi milioi besterik ez dutela inbertitu gogoratu du Ekologistak Martxan-ek. Gainera, gaur egun plana osatzeko 75 milioi beharko direla gaineratu du.

Okarena ez ezik, Debaren arroko kutsadura larria ere aipatu du txostenak. Hain zuzen ere, Aretxabaleta, Arrasate eta Antzuolan oraindik araztegirik ez egotea deitoratu du. Ibaiaren beheko lurretan, Ermuak eta Mallabiak Ego ibaira (Debaren adarra) isurtzen dituzten hondakin urak araztea presazkotzat jo dute.

3. Industria kutsadura

Industria kutsadurak kostaldean duen eragina aipatzeko proiektu bat nabarmendu du Ekologistak Martxan-en txostenak, Bizkaian kasu honetan: Petronorren koke planta. Koke plantaren lanak martxan daude jadanik Muskizen, eta 835 milioi euroko gastua aurreikusi dute proiektuaren sustatzaileek. Petrolioitik eratorritako gaiak koke bilakatuko ditu planta horrek, eta kutsadura handia izango duela ohartarazi dute ekologistek. Energia kontsumo itzela izango duela, eta uretara isuri toxiko ugari botako dituela ohartarazi du. Duela urte batzuk findegiaren isuri horiek zuzenean Barbadunen itsasadarrera egiten ziren, baina gaur egun itsasora isurtzen dira zuzenean, itsas emisarioaren bidez.

4. Portuak

Azken urteotan bezalaxe, aurten ere Pasaiako kanpoko portuaren proiektuari eman dio Ekologistak Martxan-ek bandera beltza. Izan ere, «proiektuaren mehatxua» oraindik ere indarrean dagoela gogoratu du. Proiektuak Jaizkibelgo itsaslabarretan kalte larria eragingo lukeela gaineratu du, «Gipuzkoako kostaldean hoberentsuen zainduta dagoen eremuetako batean». Izan ere, proiektuak hiru kilometroko itsaslabar eremua suntsituko lukeela nabarmendu du txostenak. Itsas hondoetan, faunan eta landaredian izango lukeen kalteaz informazio askotxo dagoela jadanik aipatu du txostenak, eta, besteak beste, berriki Espainiako Ingurumen Ministerioak ingurumen iraunkortasunerako txostenari ezarritako alegazioan haiek jasotzen direla: «Kritika zorrotza egin zion ingurumen eta ekonomiaren ikuspegitik».

Aldi berean, kanpoko portuan jarri nahi dituzten proiektu energetikoak Espainiako Kosta Legea urratzen dutela salatu du, preseski debekatzen duelako kanpoko portuetan halakoak egitea.

Traba horien guztien gainetik, agintariek proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dutela gaitzetsi dute ekologistek, eta hor aipatu dute apirilean agintariek, portukoekin batera, sinatutako akordioa. Proiektuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu zuten.

5. Kostako lanak

Bizkaian martxan jarraitzen dute Bilboko portua handitzeko lanek. Eta, horretarako, gainera, Arena hondartzako hondarra hartzen jarraitzen dute portura eramateko. «Bilboko superportuak natura jaten jarraitzen du, bere etengabeko hazkundea bermatzeko». Orain portuak itsasoari beste 293.000 metro koadro kendu nahi dizkiola salatu dute ekologistek.

Gipuzkoaren kasuan, Donostiako Monpaseko pasabidea salatu dute ekologistek. «Ingurumen eraginaren deklarazioak kalteari aurre egiteko 24 neurri proposatu arren, ez dute galaraziko Donostiako kostaldearen beste zati batek bere natur izaera galtzea turismoa erakartzeko». Lanak Ferrovial enpresari jadanik eskaini dizkiotela salatu dute, bederatzi milioi eurorengatik.

Comentarios