Baserrien etorkizun kezkagarria

Berria.info - Baserrien etorkizun kezkagarria

2011-04-27
Ezarian. Ondarea

Baserrien etorkizun kezkagarria

Baserri bat desagertzen den aldiro, ondare puska bat ez ezik, historia zatitxo bat ere desagertzen da. Ustez, ganbaran hasitako suak Berastegiko Antziola baserria kiskalita utzi zuen joan den astean. Ez da Euskal Herrian erre den lehen baserria, eta, zoritxarrez, ez da azkena izanen.

Irene Arrizurieta
Beobide Erdikoa baserria Gipuzkoako Larraul herrian dago. XVIII. mendeko baserria da, baina baditu lehenagoko aztarna batzuk ere. / EUSKO JAURLARITZA


Berastegiko Antziola baserria, ketan. / MAIER UGARTEMENDIA


Mutiloako Mañastegizar baserria monumentu bat da. / EUSKO JAURLARITZA


XVIII. mendeko Sorarrain baserria, Larraulen. / EUSKO JAURLARITZA
Duela mende bat, 45.000 baserri ziren Euskal Herrian, baina azken urteetan, dela sute batek eraginda edo erortzen uzten direlako, gero eta gutxiago daude. XVI. mendetik aurrera sortutako eraikuntza horiek kalitate handikoak dira, eta Europako etxerik onenen artean daude. Baserriaren ustiapen ekonomikoaz landa, baserriaren balio arkeologikoa, arkitektonikoa eta historikoa handiak direla azpimarratzea da gakoa. Baina maiz, herritarrek eta erakundeek ere, ez diote behar bezalako garrantzia ematen. Egun, Euskal Herrian, Gipuzkoako Foru Aldundia da baserriak zaharberritzeko diru jakin bat ematen duen erakunde bakarra.

Baserriak mantentze lan handia behar du, eta, behar hori egoki egiten ez bada, erraz honda daiteke. Egurrezko egitura dutenez, sua hartzen badute, azkar batean erretzen dira. Beraz, akabo mendeak dituen eraikinak barruan gorde dezakeen balio guztia. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoko gidaria da Zuhaitz Ekizu, eta hark dio baserriak utziak daudelako erretzen direla. Bereziki kasu eman behar da tximiniarekin: «Baserri gehienak tximinian piztutako suagatik erretzen dira. Egurrezko egitura dute, eta, tximinia ez bada ongi isolatzen, berez du arriskua. Tximini batek berehala hartzen du beroa, eta beheko su batzuek, tamainaren arabera, su handia hartzen dute. Horrek egurra jotzen badu, akabo, arriskua berehalakoa da». Gakoa, tximinia egoki edukitzea da. «Garbia eta ondo isolatua egon behar du. Ikusi behar da ez dagoela inongo egurrik kanpotik zein barrutik tximinia ukitzen duenik».

Zorigaiztoko ezbeharrak ez gertatzeko, tximinia urtero garbitu eta begiratu beharreko gauza dela iritzi dio Ekizuk. «Kanpotik ongi isolatu behar da, eta barrutik ongi garbitu, gelditzen diren ikatzak eta zaborrak kendu behar dira».

Informazio galera handia

Baserri bat erretzen den aldiro, historiaren zatitxo bat desagertzen dela esan daiteke. Ez da bakarrik egitura arkitektonikoa desagertzen. Informazio arkeologiko eta historiko asko gordetzen dute baserriek, eta, bat erretzen edo erortzen den aldiro, informazio hori galdu egiten da. «Datu asko galdu egiten dira, ez zaielako garrantzia ematen. Adibidez, lurrak. Lehenago lur zanpatuak ziren baserrietan zeudenak, eta orain ez daukagu horrelakorik», dio Ekizuk.

Baserri bat zaharberritzea lan garestia da, eta jabe askok ezin diote kostu horri aurre egin. Gainera, administrazioek, oro har, ez dute legedi berezi bat baserriak babesteko. Gipuzkoako Aldundia da Hegoaldean bere aurrekontuaren zati bat baserrien babesari ematen dion bakarra. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, berriz, Kultur Ondareari buruzko administrazio bakoitzak duen legearen barruan lantzen dituzte horrelakoak. Behar izanez gero, Kultura Ondasun deklaratzen dituzte, eta araubide zehatz bat abian jarri. Baserria zaharberritzen denean eskatzen dena da, batik bat, egiturari eustea. Interes kulturaleko ondare bada ezin da nahi erara zaharberritu, eta egiturari eta etxaurreari eutsi behar zaie. «Baserria, egurrez egur, desmuntatu egin behar da. Egun xilofago asko du egurrak, eta tratatu egin behar da; balio ez duena, beste batengatik ordezkatu». Egur berriak beste baserri batetik desmuntatutakoak izaten dira, egungo egurrek ez dutelako garai batekoen bezainbesteko egonkortasuna. «Egungo egurrak presaka egiten dira. Garai batean ilargia kontuan hartuz mozten ziren, eta urteak egoten ziren lehortzen. Duela 500 urteko egurrak oso ondo egoten dira; perfektuak daude. Egun, berriz, azkar lehortzen dira, eta egoki lehortzen ez direlako pitzatu eta kiribildu egiten dira asko».

Baserria zaharberritzea ez da erraza izaten, eta jabeak, maiz, nahiago izaten du bota, eta berria egin. «Baina interes kulturaleko ondare bada, ezin da hori egin, eta askok erortzen uzten dute, ezin baitiote zaharberritzeari aurre egin». Ezin da eraitsi, baina erortzen utz daiteke. «Baserria hutsik utzi eta erortzen utzi. Hori oso ohikoa da Euskal Herrian. Itaxur bat sortzen bazaio, oso erraza da baserri hori erortzea. Teilatua zulatzen zaio, eta urak azkar izorratzen du; azkar eraisten du egitura», gaineratu du.

Behin erorita, berriz eraikitzeko arazoak daude, udal bakoitzak bere araudiak dituzte eta. Berriro baserria eraikitzeko, hein batean, bederen, baserritik bizi zarela frogatu behar duzu, eta, egun, jabe asko jada ez da baserriak ematen duenaz bizi. Orduan, «gehienek etxe bat egiten dute. Baserriak zeuden toki askotan, orain etxeak ikusten dira», dio etsituta Ekizuk. «Arazoa kulturala da. Ez dago baserriak babesteko kulturarik; ez dago ondarearekiko sentsibilitate berezirik».

Iparraldeko baserrien egoera oso bestelakoa da. Hori frogatzeko hango baserriek eskaintzen duten paisaiari begiratu besterik ez dago. Frantziako Gobernuak eraberritze kostuaren zati bat, %30 gehienez jota, diruz laguntzen du. Zaharberritzeko tenorean, jatorrizko estiloa eta egitura errespetatu behar da beti. Baimenak ere lortu behar dira. Barruan lanak egin nahi badira edo teilatua berritu, ez da herriko etxeen baimenik behar, baina kanpoaldean aldaketak egin nahi badira bai. Horretarako, gainera, txosten tekniko bat eta ekonomiko bat aurkeztu beharko ditu jabeak herriko etxean.

Guztiak ezberdinak

Gaiaren inguruko argitalpen gehienek baserri gipuzkoarra, bizkaitarra, nafarra... bereizten dituzte. Baina elkarren ondoan dauden bi baserri erabat desberdinak direla ikusten da askotan, klima bera eta harri eta egur errekurtso berberak izanagatik. Garai desberdinetan eraikiak dira, eta, beraz, behar ezberdinei erantzuten diete. Baserrietan erabiltzen den piezak muntatzeko moduak, adibidez, Alemania hegoaldean du jatorria (Suabian), eta horrek baserritarrek duela 500 urte eraikuntzako teknologiarik onena eta berriena jasotzen zutela esan nahi du. Lanaren araberako baserriak izaten dira askotan. «Zein lan egin behar zen, horrela egituratzen zen baserria: ganadua gordetzeko eta hazteko baserria, sagardoa egiteko dolarea zuena edo garia gordetzeko izan zitekeen». Baina baserria ez da elementu bakarra eta bakartua, beste baserriekin zuten harremana ere aintzat hartu behar da. «Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroako mendialdean sakabanatuta daude. Baserri batetik bestera tarte handia dago, Nafarroako beste eremuetan eta Araban, berriz, elkarrekin egoten dira, herrian bertan, edo herriaren inguruan», dio Ekizuk. Eskualdeka, baserri tipologia bat egon badago, baina ezin daiteke esan herrialde bakoitzak bere ezaugarriak dituenik. «Toki jakin batean harrobi bat badago inguruko baserriak harrizkoak izanen dira ziurrenik, baina baserri horien ezaugarriak harrobiak baldintzatuko ditu».
Igartubeiti: baserrira hurbiltzeko aukera
Ezkio-Itsasoko baserrian, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museoa dago
I. Arrizurieta
Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrian dagoen Igartubeiti baserri museoak euskal baserriaren historiara hurbiltzeko aukera eskaintzen du.


Igartubeiti XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da. Baserria XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenean. Jatorrizko egurrezko egitura egoki mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolareak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtu dute.


Gipuzkoako Foru aldundiak 1992. urtean erosi zuen Igartubeiti baserria, desager ez zedin. Erabat zaharberritu ondoren, baserriak XVII. mende hasieran zuen itxura berreskuratu zuen.


Barrutik, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museo bihurtu da, eta duela lau mende euskal baserria nolakoa zen jakin daiteke: argirik ez du, eta jatorrizko altzari eta tresnak ditu.


Interpretazio zentro bat ere badu. Bertan, mila urtetik gorako euskal baserriaren historia birsortzen da. Igartubeitiko familia eta bizilagunen ahotsen bidez, antzinako baserrien hazkunde eta bilakaera eta biztanleen bizimodu eta lanak ezagut daitezke.


Aste Santuko oporren ondotik, udako ordutegia hartu du museoak, eta asteartetik igandera dago zabalik. Goizeko hamarretan irekitzen dute, ordu biak arte, eta, arratsaldetan, lauretatik zazpiak arte.

Comentarios