Kostan, kilometroko, 515 etxe eraiki nahi dituzte, Greenpeacek dioenez


2010-07-30

Kostan, kilometroko, 515 etxe eraiki nahi dituzte, Greenpeacek dioenez

Hirigintzarako lurren okupazioa bikoiztu egin da 20 urteotan Bizkai eta Gipuzkoako kostan, talde ekologistaren arabera

Pasaiako kanpoko portuak ingurumenari «erabateko mespretxua» diola salatu du

Iñaki Petxarroman.

Donostia

Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienak kostaldean bizi dira. Horren ondorioz, ingurune horren gaineko presio demografikoak arazo larriak eragin ditu azken hamarkadetan. Mehatxuak, ordea, ez dira eten: hirigintza proiektuak, portu azpiegiturak eta kutsadura dira mehatxurik gordinenak, Destrucción a toda costa 2010 (Suntsiketa kosta ahala kosta) Greenpeacek egindako txostenaren arabera.

Erakunde ekologistak atzo aurkeztu zuen txostena Madrilen, eta euskal kostaldearen egoeraz ere ez zuten ondorio positiborik atera. «Euskal kostaldearen naturguneen %80 hainbat proiektuk mehatxatuta daude: etxebizitzak, industrialdeak, portuak edo golf zelaiak direla», adierazi zuen Pilar Marcos erakundeko kostako kanpainako arduradunak.

Hirigintzarako lurren okupazioa da kostaldean dagoen etengabeko mehatxua, Greenpeaceren iritziz. Azken bi hamarkadetan, hirigintzarako lurren okupazioa bikoiztu egin da Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, erakunde ekologistaren arabera. «Hori ikusita, positibotzat jo behar dugu Eusko Jaurlaritzak egindako hirigintza proposamen ugarik herritarren erabateko errefusa jaso izana».

Greenpeace kexu agertu da babesguneak ere ez dituztelako errespetatzen hirigintza proiektuek, eta horren eredutzat jo du Ondarroako (Bizkaia) Aieriko plangintza, paduran 500 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duena, hain justu. Hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiak behin-behingoz gerarazi du proiektu hori berriki kaleratutako ebazpen batean.

Kostaldean dagoen presio urbanistikoaren arrazoi nagusiak bi dira, Greenpeaceren arabera: batetik, bigarren etxebizitzak egiten dituzte herritarrek; eta, bestetik, hiriburuetako etxebizitzen prezio garestietatik ihesi joaten dira herritarrak kostaldeko herrietara, lo-auzoak sortzera. Hala, 2007an, 171.900 etxebizitza berri egiteko planak zeudela salatu du Greenpeacek; hain zuzen ere, kosta kilometro bakoitzeko, 515 etxebizitza batez beste. Horren atzean espekulazioa dagoela ohartarazi du erakunde ekologistak, eta ez etxebizitza premia. Adibide moduan jarri du Bizkaiko Foru Aldundiaren Arloko Lurralde Plana. Plan horrek aurreikusten du etxebizitzak egitea Bizkaian egun baino 300.000 biztanle gehiago hartzeko adina. Bada, 1980tik hona Bizkaiak urtero 30.000 biztanle galdu dituela ohartarazi du erakunde ekologistak.

Portuen mamua

Kostaldearen gainbehera gelditzeko Eusko Jaurlaritzak 2002an martxan jarritako Ingurumen Estrategia -«berez positiboa», Greenpeaceren ustez- ez dela eraginkorra izan ohartarazi du. «Oso urruti dago iraunkortasun irizpideetatik, batez ere portu azpiegiturei dagokienez».

Greenpeacek salatu egin du kirol portuen aldeko joera. Adierazi du 1985etik 2006ra hirukoiztu egin direla amarratzeak: 1.280 zeuden 1985ean, eta 4.825 bi hamarkadaren ondoren. «Jaurlaritzak kopuru horiek handitzen jarraitu nahi du, kontuan eduki gabe dakartzan ondorio negatiboak: kutsaduraren eta kostaldearen pribatizazioa».

Portuen atalean, bereziki gogortzat jo du Greenpeacek Pasaiako kanpoko portuaren proiektua: «Proiektuak oso egoera onean dauden hiru kilometro itsaslabar birrinduko ditu, eta porlanez beteko ditu itsas hondoak». Greenpeaceren ustez, proiektu horrek «erabateko mespretxua» egiten dio kostaldearen ingurumenari. Gogora ekarri du zenbait babes mota dituela Jaizkibelek, batzuk Eusko Jaurlaritzak berak emandakoak. «Obrak aldatu egingo ditu itsas korronteak; kalte egingo die olatuen erregimenari eta kostaldeko plataformaren jalkitzeari, eta Hendaiako eta Hondarribiko hondartzetako hondar libratzea nahas dezake». Erakunde ekologistak salatu du portua egiteko asmoaren atzean hirigintza plan handi bat dagoela badia barruan, eta Pasaiako Portu Agintaritzak mozkin handiak jaso nahi dituela haren bidez.

Greenpeacek ohartarazi du klima aldaketa ere benetako mehatxua dela. Gogorarazi du adituek iragarri dutela Bizkaiak hondartzen erdiak eta Gipuzkoak bi herenak gal ditzaketela itsas maila igotzearen ondorioz. «Euskadik zorrotz jokatu behar du iragarpenik ezkorrenak egia bilaka ez daitezen».

Kutsadura

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean kutsadura handia dagoela ohartarazi du Greenpeacek: «Oraindik ere aurki daitezke osagai toxiko eta arriskutsuak kostaldeko maskor biko eta sedimentuetan: metal astunak eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAH)». Greenpeacek gogorarazi du hondartzetan etengabeko arazoa dela kutsadurarena; besteak beste, Arrigunagan (Getxo), Toñan (Sukarrieta), Saturraranen (Mutriku), Santiagon (Zumaia) eta Oribarzanen (Orio). Aldi berean, itsas azpiko hustubideen ondorioz, arazoak sortu dira Zarautzen eta Donostian. Uren araztegiak ere eragozpen handiak sortzen ditu Bermeon, Mundakan, Barrikan eta Gernikan, erakunde ekologistaren esanetan.

Bilboko itsasadarraren egoera gogora ekarri du berriz ere, bertan industria astunak eragin duen kutsaduraren ondorioz. Halaber, Barbadunen itsasadarrean Petronorren findegiak sortutako kutsadura eta Pasaiako badian Iberdrolaren zentral termikoak sortutako kaltea aipatu ditu.

Azken urteotan dezente izan dira epaileek eten edo bertan behera utzi dituzten hirigintza proiektuak, batez ere Bizkaiko kostaldean. Ekologistei arrazoia eman diete kasu askotan.

Espekulazioa, epaileen begiradapean

I. Petxarroman



Azkena aste honetan bertan jakin da. Ondarroan: Aieri proiektua. Greenpeaceren txostenean ageri da, euskal erakundeek ingurumenaren zaintzari eta babesguneei dieten «errespetu eskasaren» eredu gisa. 500 etxebizitza egin nahi ditu udalak Aieriko paduran. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen batek erabaki du proiektu hori gelditu egin behar dela, behin-behinean, hezeguneak «babes berezia» merezi duelako, eta hirigintza planak «atzera bueltarik gabeko» kaltea egin dezakeelako. Izan ere, Aierik espezie ugari eta ekosistema aberatsa du: bisoi europarra tarteko. Proiektuaren sustatzailea Ondarroako Udala da, herrian etxe premia handia irizten diolako.

Ondarroako kasua azkena bada ere, hirigintza proiektuek traba bat baino gehiago aurkitu dituzte auzitegietan azken urteotan. Sonatua izan da, esaterako, Urdaibain 28 hektareako eremuan txaletak eraikitzea aurreikusten zuen Kanalako proiektuari auzitegiek jarritako debekua. Ekologistak Martxan-ek errekurritu zuen 2003an Urdaibaiko itsasadarrean Eusko Jaurlaritzak lur batzuen kalifikazioa aldatu izana. 2005ean, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien ekologistei. Lurren birkalifikatzea legez kanpokotzat jo zuen. Urdaibain 50 txalet eta hotel handi bat aurreikusten zuen proiektuari azken eztenkada Espainiako Auzitegi Gorenak eman dio aurten, eta proiektua baliogabetu egin du betiko.

Zeresana eman duen beste kasu bat Barrikabasokoa da. Iazko uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Barrikabason txaletak eraikitzeko egindako lurren birkalifikatzea legez kanpokoa izan zela, Txipio Bai erakunde ekologistak jarritako helegiteari arrazoia emanda. Epaiak 2004an EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa berretsi egin zuen. Asmoa zen 85 txalet eta 12 etxebizitza sozial eraikitzea. EAEko Auzitegi Nagusiak lurren birkalifikatzea legez kanpokoa zela ebatzi arren, udalak eta Aldundiak aurrera jarraitu zuten, eta 14 txalet eraikita daude. Txalet horiei ura eta argindarra legez kanpo eskaini dizkie Barrikako Udalak urteetan. Barrikabaso babes paisajistiko bereziko gune izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 1987an, baina izendapen horri men egin gabe jardun dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barrikako Udalak urteotan.

Bakion 300 etxebizitza egiteko plan bat baliogabetu zuten iaz, eta alkatea, Txomin Renteria EAJkoa, auzibidera eraman du oposizioak «prebarikazioa» edo «diru publikoen bidegabeko erabilera» leporatuta. Alkateari leporatzen diote hainbat hirigintza proiektutan legez kanpo jokatu izana, eta ebazpena auzitegien esku dago.

Comentarios