Ehiztariak, ekologistak eta nekazariak bereizi ditu Ehizaren Legeak

2010-07-23
Jaurlaritzaren lege proiektuarekin akordio bat egin nahi du Eusko Legebiltzarrean; eztabaida iturri dira segurtasun eremuak
Erabilera komuneko lurrak murrizteko joera du proiektuak, eremu horiek arautze aldera
Jon Rejado.
Gasteiz
Ehizaren jarduna arautuko duen EAEko legea bidean da. Eusko Jaurlaritzak onarturiko Ehizaren Lege proiektua, Eusko Legebiltzarrean dago; bulegoetan lortu ez duen adostasuna bilatu beharko dute bertan legebiltzar taldeek. Hain zuzen ere, zuzendu beharreko hainbat alor daudela nabarmendu dute ehiza jardunean zeresana duten eragile guztiek: ehiztari, ekologista, nekazari... Irailaren 27ra arte zuzenketak aurkezteko aukera dute legebiltzar taldeek, eta aipatu eragile batzuek eskaerak egin dizkiete.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 45.000 pertsonak baino gehiagok dute ehizatzeko baimena indarrean; horien jarduna Espainiako 1970eko Ehiza Legearen eta aldundiek zehaztutako arauen arabera arautu da hainbat urtez. Lege berria, azken 40 urteetan landa eremuan eta gizartean gertatu diren aldaketak aintzat hartuta egindako lege egitasmoa dela nabarmendu du Pilar Unzaluk.

Lege egitasmo berriak 1970ekoa gaurkotzeko asmoa duen arren, ez du orain arte aldundiek egin duten lana ahaztuko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde handiak daude ehiza baliabideen inguruan, eta aldundien ardura izango da legea lurralde historiko bakoitzera egokitzea. «Aldundi bakoitzak bere politikak egin ditzan tresna egokia izateko borondatea du Ehiza Legeak», adierazi zuen Unzaluk lege egitasmoaren aurkezpenean.

Segurtasun eremuak

Eragile guztiek lege berri baten beharra konpartitzen dute, baina jatorrizko testurako sektore guztiekin adostasuna lortu ez izana leporatu diote ehiztariek Jaurlaritzari. Hala, proposatutako zenbait aldaketak, esaterako, kritika zorrotzak piztu dituzte. Eztabaidatuena segurtasun eremuei dagokiena da, ehiztarien esanetan Bizkaiko eta Gipuzkoako ehiza librearekin bukatuko baitu neurriak.

Baserri eta borden inguruan 200 metroko segurtasun eremua ez dela beharrezkoa nabarmendu du, adibidez, Juan Antonio Sarasketa Euskal Ehiztari Eta Arrantzalearen Babeserako Elkarteko presidenteak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehiztari elkarte handiena da. «Inoiz ez da istripurik izan, eta arazorik izan ez bada, aldatzeak ez du zentzurik». Jose Maria Usarraga EAEko Ehiza Federazioko presidentearen iritzia bide horretan doa, hein handi batean. Aldaketek arazoak saihesteko balio behar dutela nabarmendu du, eta azken urteetan «gertaera txiki batzuk» baino ez direla egon gaineratu du. «Elkarte batzuk kritikoak izan dira, aldaketek ez dutelako benetako errealitatea islatzen». Kontrako iritzia dute baserritarren ordezkariek, eta babes eremuen inguruko neurriak txalotu dituzte. Euskal Nekazarien Batasunak Eusko Legebiltzarrean bertan Ehizaren Legea onartzeko izapideak arintzeko eskatu zuen duela hilabete inguru. Egungo proiektua garai batean hirukoaren Eusko Jaurlaritzak onartu zuenaren «ia berdina» dela gogorarazi dute, eta ordukoak ehiztari, ekologista eta baserritarren oniritzia zuela.

Horrez gain, zainpeko ehiza lurren aldeko apustua ere egin du legeak, erabilera komuneko ehiza lurren tokian. Eremu komunetan ehizatu ohi duten ehiztariek eragindako kalteak inork ez dituela ordaindu jakinarazi du EHNE Bizkaiak. Zainpeko lurren bidez hori saihestu ahalko dela uste du, ehizan ari direnen nortasuna ezaguna izango baita.

Animalien kudeaketa zaila

Araban ez da horren nabarmena Bizkaian eta Gipuzkoan ohikoa den ehiztarien eta baserritarren interesen talka, baina Ehizaren Legea Eusko Jaurlaritzak idatzi bezala onartzen bada, aldaketa adierazgarriak gerta daitezke Araban ere. Hain zuzen ere, ehiza barrutiek, Araban ohikoena diren ehiza eremuek, kudeaketa plan bat izan beharko dute. Eremu horiek 500 hektareatik gorakoak izan behar dutela dakar legeak. Horrek ez du ia inor asebete. «Ehiza Antolatzeko Plana egiteko eremu zabalak behar dira plana erreala izan dadin: 500 hektareatan ezin da ezta ehizatu ere egin», nabarmendu du Teofilo Ruiz de Viñaspre Arabako Ehiza Barrutien Elkarteko presidenteak. Iritzi berekoa da Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kidea, eta kudeaketa plan eraginkorrak egin ahal izateko eremu zabalagoak behar direla dio berak ere. «Ia herri bakoitzak bere barrutia du, txikia gehienetan, eta tokian tokiko plan bat baino gehiago beharko litzateke».

Ehizaren jarduna arauen barruan egiten dela egiaztatu behar duten ehiza zaindegiak ere eztabaidagai bihurtu dira. Ekologistak Martxan elkartearen arabera, gutxieneko kopurua zehaztu beharko du legeak, zaintza egokirako. «Gutxienez 10.000 hektareako, zaindari bat egon beharko litzateke: Gipuzkoan eta Bizkaian egoera hobea da, baina Araban, 30.000 hektareako zaindari bat dago, eta hori ezin da onartu».

Ehiza barruti edota zainpeko ehiza lurren kudeaketaren arduradunak dira zaindariak kontratatzeko arduradunak: aldundiak, elkarteak, eragile pribatuak... Banaketa hori gerta ez dadin kanpoko ehiza zaindegia kanpoko enpresa bati kontratatzearen alde egin du Ruiz de Viñasprek, eragile bakoitzak dagokiona ordainduz. Bestalde, ehiza federazio eta elkarteak Kirol Legearen arabera araututa egoteko asmoa kritikatu du Ruiz de Viñasprek. Ehizak kirolarekin zerikusirik ez duela gogorarazi du, eta izendapena aldatuz gero egin dezaketen lana ere aldatuko dela uste du. «Ehiztari elkarte batek, kirol elkarteak ez bezala, aukera du ingurumenaren zaintza erakundea izateko: ehiza barrutietan hobekuntzak egin eta abar».

Ekarpenak egiteko epea

Elurra, lainoa, denboraleak eta beste egoeratan ehizaren debekua automatikoa arautzea, ehiztari ez direnen eskubideak ere bermatzea, ehiza barrutien kudeatzaileen gainean zigorrak jartzea... Eragileek Eusko Legebiltzarrean zehaztu beharko diren gai zerrenda luzea dute buruan. «Espero dezagun ordezkari politikoek kontuan izatea orain arte arazorik ez dela egon», gogorarazi du Usarraga Ehiza Federazioko presidenteak. «Ehiztariek ere zeresana izango dute garapenean; espero dezagun maila ematea», gaineratu du Andres Illanak.

 
Sustrai sakonak ditu ehizak Nafarroan eta Iparraldean, baina ehizakien oreka mantendu nahiak edota legeek eragindako aldaketek etengabeko egokitzapenak eskatzen dituzte jardun horren ildoan.
Etengabe egokitzen den historia luzea
Aitor Renteria - Jon Rejado.


Gizakiak aspalditik harreman berezia izan du ehizarekin. Milaka urtetan bizirik irauteko ezinbesteko tresna izan zenaren izaera aldatuz joan da azken urteetan. Ordea, garai bateko ohitura mantendu da hamaika txokotan. Euskal Herria horren adibide da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ehun biztanleko bi pertsonak ehizatzeko baimena dute. Ordea, Nafarroan eta Iparraldean are deigarriagoa da datu hori. Nafarroan ia 25.000 ehiztari baimen daude, lau ehun biztanleko, eta Iparraldean bederatzira hel daitezke, datu ofizialik ez dagoen arren.

Nafarroan dagoen ohitura agerikoa da Etxalarko usoaren ehizan. Euskal Herriko beste tokietan debekatuta zegoena ohitura moduan mantentzen da bertan, udazkenero. Ordea, ehiza egungo legedietara egokitzeko aldaketak gertatu dira alor horretan, beste askotan bezala. Eremu horretarako Ehizaren Antolaketarako Planaren barnean usoaren ehizarako bederatzi postu debekatu dituzte, eta beste batzuk egiteko kokapena zehaztu ditu.

Ehiztariek aldaketa horiek kritikatu dituzte erabakiak hartzerakoan haien iritzia kontuan hartu ez delako. Etxalarko Usoa ehiztari elkarteak eztabaidatzeko prest egon dela nabarmendu du, baina inork iritzia eskatu ez diola gaineratu du. Dena den, Nafarroako Agintaritzaren Aldizkarian hil honen 5ean argitaratutakoaren arabera, debekatutako postu horiek ez zuten «egungo legedia» betetzen.

Usoez gain, untxiak eztabaidagai bihurtu dira Nafarroako ehiztarien artean. Animalia horiek, 2005. urtearen bukaeran indarrean jarri zuten Ehiza Legearen hutsune bat agerian utzi duela uste du Jose Angel Remirez Nafarroako Ehiza Federazioko presidenteak. Ehiztariak dira ehiza daitezkeen animaliek eragindako kalteak ordaintzeko arduradunak, eta untxiek nekazaritzan eragiten dituzten arazoak legea aldatzeko eskaerak sorrarazi ditu ehiztarien artean. «Ehiztariak dagokion zatiagatik ordaindu beharko luke, eta nekazariek dagokien zatiagatik; orain ez da hori gertatzen, eta bidegabekeria da batzuetan».

Erriberan untxi kopurua handia bada ere, azken urteetan ehiza daitezkeen animalien kopurua nekez mantentzen ari dela gogorarazi du Remirezek, batez ere Nafarroako 260 ehiza barruti baino gehiagotako ehiza xeheari dagokionez.

Ehiztari kopurua apaldu da

Frantziako zirimola politikoaren erdian, ehiza baimenak errazago eskuratzea bihurtzen duen legea onartu zuen 2009an Frantziako Parlamentuak. Bertze gai politikoek eragindako zirimolan, legea abantzu oharkabean pasatu da. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazteek gutxiago ordaindu beharko dute 16 urte betetzean ehiza baimena lortzeko. Lehen, 30 euro, eta orain, 15 euro. Horren gibelean, Frantzia mailako arrazoia gordetzen da. Belaunaldi bakar batean, ehiza baimenak 2,4 milioi zirenak 1,2 milioira apaldu dira.

Ehiza motari dagokionez, azken urteotan aldaketa handirik ez da izan Ipar Euskal Herrian. Alde batetik, Saran (Lapurdi) egiten den bezala, usoa ohiko eran ehizatzen dute, zuhaitzetan sareak ezarriz. Gutxienekoak dira horiek, ordea. Usategien garapena urteotan arazo latza izan zen; Zuberoan, nagusiki. Gatazka latzak izaten ziren usategiak alokatzen zituzten kanpoko jendeen eta herritarren artean. Herritarrek ezin zuten horren alokairu handia ordaindu.

Ehizaren kontrako mugimenduek Organbidexka lepoa alokatu zuten, usoen ehiza galarazi eta kontaketa egin ahal izateko. Gaur egun bertan dago elkartea, nahiz eta alokairua ordaintzeko arazo larriak ukan. Azken uneraino, mendian duten egitura uztekotan egon dira. Akitaniako Kontseiluak diru laguntza berezia eman zien bukaeran, eta, horri esker, aurten ere txorien kontaketa bermatuko dute. Bestalde, Larraineko Herriko Etxeak oinezkoen pasabidea debekatzen du etxolen inguruan, usoen garaia delarik.

Basurde kopuruak gora egin du azken urteotan, eta nabarmen hazi da ehiza. Herriko etxeek baimen bereziak ematen dituzte, kopurua mugatu ahal izateko.



 
Ehizaren lege proiektuaren giltzak

ZER DA EHIZA?

Arte, arma, animalia edo beste tresna batzuen bidez animaliak bilatzea, erakartzea, esestea eta jazartzea, hiltzeko edo harrapatzeko asmoz.

EHIZAKIAK

Eusko Jaurlaritzak onartutako ehiza espezieen zerrendan agertuko diren animalia edo abere basatiak. Aldundiek zerrenda murriztu dezakete.

Babestutako espezieak ezin izango dira ehiza espezie izan.

EHIZATZEKO BALDINTZAK

Adinez nagusia izatea.

Hamalau urte baino gehiagoko adingabeek heldu batekin joan behar dute, eta adingabearen ekintzen erantzule izango da uneoro.

Arma baimena izatea eta eramatea.

Eragindako kalteei erantzuteko asegurua izatea.

Ehiza barrutietan ehizatuz gero, horretarako baimena izatea.

EHIZATZEKO TOKIAK

Erabilera komuneko ehiza lurrak: Aldundiek kudeatuko dituzte, eta 100 hektarea baino gehiagokoak izango dira. Toki horiek murrizte aldera zainpeko ehiza lurren alde egiten du legeak.

Zainpeko ehiza lurrak: Ehiza Antolatzeko Plana izan behar dute. Erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute, baita kontratatutako ehiza zaindegia ere. Animalientzako babes gunea izango dute; eremu osoaren %10 izango da gutxienez.

Ehiza barrutiak: Ehiza xeheko ehiza eremuak 500 hektareatik gora izango dira, eta ehiza larrikoak 1.000tik gora. Ehiza Antolatzeko Plana eta animalien babes gunea izango du, gutxienez eremu osoaren %10. Aldundien, eragile pribatuen, elkarteen edota udalen kudeaketapean egon daitezke.

SEGURTASUN EREMUAK

Bidegorri eta bide berdeen inguruan 20 metroko eremua.

Trenbideak, erabilera publikoko bideak eta noizean behin jendea hartzen duten tokiek 50 metroko eremua izango dute.

Hirigune, landagune, jendea bizi den toki bakartu, kanpaleku, aireportu eta abeltzaintza tokietatik, 200 metro.

Ezin da segurtasun eremu batera tiro egin, jaurtigaia bertan sar badaiteke.

ZIGORRAK:

Zigor oso larriak: Arriskuan dauden espezieak ehizatzea, ingurumena suntsituz ehizatzea, elurra dagoenean edo fortuna egunetan ehizatzea, baimenik gabe ehizatzea, babestutako eremuetan ehizatzea debekatuta badago, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea...

Zigor larriak: Segurtasun eremuetan ehizatzea, ehiza lurren kudeaketarako arauak haustea...

Zigor arinak: Hesitutako lur batean ehizatzen ari direnen sarrera debekatzea eremua irekita eta bertan sartzeko debekurik ez badago, baimenak indarrean ez dituzten txakurrak izatea...

Comentarios