Zain Dezagun Urdaibaik egin nahi dituzten luxuzko etxeen aurkako helegitea jarri du



Zain Dezagun Urdaibaik egin nahi dituzten luxuzko etxeen aurkako helegitea jarri du

Busturia

Viviendas de Bizkaia-Amenabar enpresak 46 etxebizitza egin nahi ditu San Kristobal auzoan, Zelaiondon.

maite orue

Viviendas de Bizkaia-Amenabar enpresak San Kristobal auzoko Zelaiondo inguruan egin nahi dituen luxuzko 46 etxebizitzen aurka agertu da Zain Dezagun Urdaibai Busturialdeko Garapen Eusgarrirako Auzo Elkartea. Aurreko legegintzaldian (EAJ) etxebizitzak egiteko hasitako prozedura «baliogabea» dela iritzita, helegitea aurkeztu du Busturiko Udalean. Horrez gain, errekurtsoa «eskumen sektoriala duten administrazio guztietan aurkeztuko» dutela diote Zain Dezagun Urdaibaiko kideek. Are gehiago, euren kexak aurrera egin ezean, administrazioarekiko auzi-prozesua hasiko dutela ohartarazi dute.

Izan ere, Auzo Elkartekoen ustez, «Viviendas de Bizkaia-Amenabar enpresak sustatutako eta EAJk babestutako» luxuzko etxebizitzak egiteko proiektu horren «justifikazio bakarra espekulazio urbanistikoa erraztea» da. «Zelaiondo gunerako EAJk aurkeztutako birkalifikazioa egiteko asmoaren berri komunikabideen bitartez ezagutu genuenean, 2006ko udan, aurka agertu ginen. Izan ere, ez genion inolako justifikaziorik aurkitzen Viviendas de Bizkaia-Amenabar enpresak etxebizitza kopurua 26tik 46ra igotzeko proposamenari». Aipatu enpresak «urbanizazio bat eta errotonda bat soilik» emango liokeela ordainetan komunitateari salatu dute Auzo Elkarteko kideek.

Dokumentu eza

Euren arabera, arau subsidiarioen aldaketa «ia sekretupean» tramitatu zuen aurreko legegintzaldiak 2006ko udaberrian. «Lau hilabetean egin zuten, marka guztiak hautsiz eta indarrean zeuden zenbait legek exijitzen zituzten dokumentuak aurkeztu barik». Ingurumen-inpaktuaren azterketa, Urdaibaiko ZEPA gunea ikutuko ez zutela zioen txostena eta Kosten Mugapeak eskatzen duen ikerketa lirateke, besteren artean, dokumentu horiek. Guzti horrek «baliogabetasun akatsa» suposatzen duela diote. «Existitzen ez den hirigintza-araudi baten behin-behineko aldaketa baten aurrean gaude eta, beraz, ezinezkoa da aurrera egitea».

Busturiko Udalean gobernu aldaketa eman den arren, Viviendas de Bizkaia-Amenabar enpresaren asmoak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi du Zain Dezagun Urdaibaik. «Hartzen ari diren erabakietan oinarrituz, egungo udal gobernuari aurreko gobernuarekin negoziatutako zatarkeria irmoa delaren ideia saldu dio, bere garaian inork helegiterik aurkeztu ez duela esanez». Baieztapen hori, ordea, zuzena ez dela diote, euren arabera Busturiko 310 bizilagunek izenpetu baitzuten proiektuaren aurkako idatzia, Bizkaiko Foru Aldundiak onartu aurretik.

«Akatsak»

Proposatutako birkalifikazioaren «akatsak» ere nabarmendu dituzte. «Ingurumenarekin guztiz suntsitzailea den urbanizazioa proposatzen dute. Sakoneta errekaren kanalizazio eta desbideraketarekin, hegaztien babesgune den eremu baten ondotik igaroz, Eskibilleko paduran eta hezegunean sartuz...».

Bestetik, etxebizitza duin eta eskuragarria sustatzen ez dituen egikaritze-unitate bateko etxebizitza kopurua bikoiztea ulergaitza da, euren iritziz, eta herrian etxebizitzen beharrizana asetuta dagoela diote. «Nahiz eta azken hamarkadan 200 etxebizitza baino gehiago eraiki diren, herritarren kopurua egonkor mantendu da 1.700 lagun inguruan, eta bigarren etxebizitza direnak edota hutsik daudenak 560 izatetik 610 izatera igaro dira».

Comentarios