'Baccharis hamilifolia' espeziearen 100.000 landare erauzi dituzte

'Baccharis hamilifolia' espeziearen 100.000 landare erauzi dituzte

Ingurumena

Orain arte hamabi hektareatan jardun du Jaurlaritzak eta aurten beste hainbestetan erauziko dituzte 'Baccharis hamilifolia' espezieko landareak.

maite orue

«Espezie arrotz inbaditzaileak ekosistemetan bioaniztasuna galtzearen eragile nagusiak» direnez gero, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak Urdaibaiko hezeguneetatik `Baccharis hamilifolia´ espeziea erauzteko proiektua abiarazi zuen 2007an. Proiektuak arrakasta izan duela jakinarazi du orain Ingurumen sailak. Izan ere, Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetza zuzendari Elisa Sainz de Murietak azaldu duenez, «Forua eta Kortezubi udalerrietako goi padurako hamabi hektareatan esku hartu ondoren, espeziearen 104.000 ale erauzi dira orotara».

Gune jakin batzuetan belar-hiltzaile sistemiko bat ezarrita egin dute erauzketa landare handienen kasuan. Ale txikiak, aldiz, errotik atera dituzte eskuz. Emaitzak positiboak izan direla dio Sainz de Murietak. «Apenas birsortu da espezie inbaditzailea, %14a soilik, gutxi gorabehera». Gainera, espezie autoktonoa, lezka, «indarrez berragertzen ari da».

90 hektarea kaltetuta

Sainz de Murietaren arabera, «Urdaibaiko estuarioaren 90 hektareatan dago `Baccharis hamilifolia´ espeziea» eta, beraz, Forua eta Kortezubiko hamabi hektarea horietan aritu ondoren, 2008an proiektua garatzen jarraituko dute, beste hamabost-hamazazpi hektareatan hasiko direlarik landarea erauzteko beharrean. Kasu horretan, «metodologia zainduagoa» erabiliko dute. «Hala, azalera unitate bakoitzeko emaitza hobeak lortu ahal izango dira, kostu ekonomikoa gutxituz».

Horrez gain, urte osoan zehar jarraipena egingo zaie erauzitako guneei, «berriz agertu diren kimuak edota erauzi gabe gelditu ziren aleak errotik kentzeko». Espezie autoktonoen haziak ere bilduko ditu Ingurumen sailak, «`baccharis hamilifolia´ landareak erauzi ostean landaretza gabe geratzen diren eremuetan landatzeko».

Jarduera-plana egiteko eremuen aukeraketa nola egiten duten ere azaldu zuen Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetza zuzendariak. «Kontserbaziorako balio berezia duten habitatei egindako kaltea, landaretza potentziala berreskuratzeko aukera handiak dituzten eremuak izatea, ingurunean esku hartze handiegirik egin gabe urpean gera daitezkeen eremuak izatea, itsas-lehorreko jabari publikoko lurrak izatea eta irisgarritasun eta esku hartzeko aukera tekniko ona edo ertaina izatea bezalako irizpideak hartzen dira kontuan».

Gidaliburua

Beste alde batetik, «prebentzioa oso garrantzisua» dela esan zuen Sainz de Murietak. Hori dela eta, «herritarrak espezie exotiko inbaditzaileek naturgunean eta bioaniztasunean duten eragin kaltegarriaz informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina» jarri zuten martxan iaz. Aurten, berritasun gisa, `Landare arrotz inbaditzaileak Urdaibai Biosfera Erreserban´ gidaliburua kaleratu dute.

Landare inbaditzaileen inguruko informazio zabala ematen du aipatu gidaliburuak, besteak beste, «euren jatorria, hartu beharreko prebentzio neurriak edota lorezaintzan eta ornamentazioan horrelako espezieak erabili beharrean zein beste landare erabil daitekeen».

Bakoitzaren ezaugarri nagusiak ere azaltzen ditu gidak, «herritarrek hobeto identifikatu ditzaten eta ekosistemetan zer nolako arazoak sortzen dituzten jakin dezaten». Horrez gain, Urdaibaiko Biosfera Erreserban landare inbaditzaileak kontrolatzeko egindako proiektuak azaltzen ditu eta dauden espezieen katalogoa jasotzen du. Tartean, Murietaren arabera, arriskutsuenak direnena: «`Baccharis hamilifolia´, `Cortaderia selloana´ edo panpa belarra eta Kanabera».

datua:



350.000 euro. Elisa Sainz de Murietaren esanetan, 2007an 350.000 euroko aurrekontua izan zuten `baccharis hamilifolia´ espeziea erauzteko proiektua garatzeko. Aurten ere ziur aski antzeko kopurua maneiatuko dutela dio, «nahiz eta oraindik zehaztu gabe dagoen». Bestetik, 11 langile aritu izan dira espezie inbaditzailea erauzten. Lanak egiteko elbarritasunen bat duten pertsonak kontratatu zituzten, horien gizarteratzea lagunduz modu horretara.





"Apenas birsortu da espezie inbaditzailea, %14a soilik, gutxi gorabehera"

elisa sainz de murieta

Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetza zuzendaria



Comentarios